Hasterako aipatu du “pertsonaia” hitza bere poemetan mintzo denaz aritzeko, kazetariari abisatu nahian bezala, hura hura duk, ni ni nauk. Hura tipo iluna duk, bakartia, hiria behar duena galtzeko, bizitzak zauritua, etsitua tristuran, ironikoa poz uneetan, iraganari kantatzen ez dionean irauteari kantatzen diona. Ni, aldiz... tira, ni agian ere bai, baina ez hura bezainbeste.
Nola oroitzen dituzu hasiera garaiak?
Groseko Bodegón San Inazion juntatzen ginen bospasei lagun, ostegunetan, 17 bat urterekin. Ostatu handi bat zen, eta bazterreko mahai bat uzten ziguten. Isidro Mendibil, Julia Otxoa –gero idazle bihurtu zena– eta orain gogoratzen ez ditudan beste batzuk. Literatur aldizkari bat geneukan, Barro izenekoa. Han argitaratu nituen bi poema, baina soneto bat besterik ez daukat gordeta. Otxoak izan ezik, idazteari utzi zioten gainontzekoek, eta nik bakardadean egin nuen bidea.
Hori irakurri dut: 80ko hamarkadako urteak oso bakartiak izan zirela zuretzat.
Bai behintzat idazle modura. Ez neukan ia obrarik. Ez nuen idazlerik ezagutzen. Baziren batzuk, aurrena Kurpil eta gero Kantil aldizkariaren inguruan biltzen zirenak: Felipe Juaristi, Carlos Aurtenetxe, Felix Maraña, Otxoa bera… Maila handiko aldizkariak ziren. Pentsatzen dut zakar pixka bat jasoko zutela Aldunditik-edo. Haiek ere banandu ziren, bakoitza bere kontura dabil orain.
Ez zeneukan harremanik talde harekin?
Batere ez. Ez talde harekin, ez inorekin. Nik idatzi egiten nuen. Beste kontu batzuetan ez, baina horretan egoskorra eta borondate handikoa izan naiz beti. Egiten nuenak baliorik ote zeukan arrastorik izan gabe, horretan segitzen nuen.
Harritzen nauena da hamarkada oso bat bakardadean igarotzea. Azkenerako, batek beti bukatzen du…
Kontua da Barro taldeko ia guztiek utzi egin zutela. Otxoak, aldiz, Kantil-era igaroz, koska bat igo zuen. Idazle handiak iruditzen zitzaizkidan haiek. Tira, ez dakit oso zintzoa izaten ari naizen, agian ez zitzaizkidan hain handiak iruditzen (barrez). Baina pentsatzen nuen: “Horiek egin dutenak izan behar dik Literatura”. Gerora ezagutu nituen pertsonalki, 90etan, erregulartasunez argitaratzen hasi nintzenean, baina sekulako hartu-emanik izan gabe. Beti izan naiz hari solte bat.
Tira, orain La Tertulia Errante-ren parte zara gutxienez.
"Asko gustatzen zaizkit “poeta txarrak”, 20ko hamarkadako bohemiakoak, bidean geratuak"
Bai. Circulo Riojanon hasi ginen, Kaxildan segi genuen, eta Tedone jatetxean biltzen gara azkenaldian, asteazkenetan. Hiruzpalau gara finkoak, besteak nahi dutenean azaltzen dira. Idazle jendea, musikariak… jende polifazetikoa. Inork liburu bat argitaratu berritan, literatura izaten dugu hizpide. Inork ezer argitaratzen ez duen garaietan, edozertaz aritzen gara. Batez ere, joaten naiz denbora daukadalako eta gustura aritzen naizelako halako kontuez hizketan, baina ez dugu artista talde bat osatzen, estetika batekin eta abar. Gutxienez badut kontu hauetaz norekin hitz egin, eta hori ez da gutxi hiri –eufeministikoki hitz eginez– berezi honetan. Nik honezkero baditut irakurle batzuk, bai hemen, eta batez ere Espainian. 2005etik aurrera urtero argitaratu dut liburu bat gutxienez, batzuetan bi, inoiz hiru. Erritmo horretan, azkenerako gorroto zaituenak ere ezagutzen zaitu. Nire poemak gertukoak dira, gainera. Erraztasun “engainagarri” batez, baina jendeari iritsi egiten zaizkio. Bizitzaz aritzen naiz, emozioez, momentuez... hori bilatzen dut literaturan. Artea arteagatik ez zait interesatzen.
Testuak sinesgarria behar omen du zuretzat. Eta, adibidez, ez omen duzu sinesten Vila-Matas bat…
(Barrez) Ez dadila enteratu, ezagutzen dut eta. Vila-Matasena metaliteratura da, eta hor edozer kabitzen da: bat-batean esango dizu Parisen dagoela Hemingwayrekin kafe bat hartzen. Ba ez, Hemingway 1961ean hil zen. Ni ez naiz sartzen etengabeko asmakizun horretan. Zerbait egiantzekoa behar dut, sinesgarria.
35 urtera arte ez zenuen ezer argitaratu.
Aurrez, 33rekin, plaquette bat argitaratu nuen. Baina bai, 35 nituela atera zen La condición humana. Michel Gaztambide etorri zen Akerbeltz tabernara gau batez, hizketan hasi eta kontatu zidan Pamielarekin argitaratu zuela liburu bat: Las aventuras de Máximo Tiratti –oso ondo dagoena, bidenabar–. Eta Gijongo Zinema Jaialdira zihoala Roger Wolfe izeneko poeta batekin biltzera –miresten nuena–, eta nahi banuen erakutsiko zizkiola nire lanak, eta abar. Kontua da hortik tiraka argitaratu nuela lehen liburua Renacimiento argitaletxearekin, eta arrakastatxoa izan zuenez, beste bat atera nuen 98an, eta 99an, gero 2000n euskarara itzulitako antologia bat Ereinekin…
Nola sortu zen hori?
Akerbeltzen nenbilen lanean. Tartean behin etortzen zen Xabier Etxart, euskaltegiko irakasle izana, afizioz itzultzailea. Komentatu zidan nire poema batzuk ari zela itzultzen. 80 bat itzulitakoan, harekin zer egin genezakeen galdetu zidan. Harkaitz Cano ezagutzen nuen, eta hari materiala pasatakoan, erabaki genuen liburu bat osatzea. Harkaitzek berak egin zuen hitzaurrea. Euskarazko argitaletxe batzuetara bidali genuen, eta Ereinekoek erantzun zuten. Asko poztu nintzen, Xabierrengatik batez ere.
Baduzu harremanik euskarazko literaturarekin?
Harreman ona dut idazle batzuekin: Iñaki Aldekoa, Paddy Rekalde, Rikardo Arregi, Harkaitz bera... ez da eguneroko zerbait, ordea. Mundu desberdinetan gabiltza, nik argitaratzen dut Madrilen, Sevillan...
"Nahiago dut literatura inperfektu bizi bat, literatura perfektu hil bat baino"
Harreman pertsonaletatik harago, sumatzen al duzu kulturen arteko elkar ezagutzarik?
Uste dut aitortzen dutena baino gehiago ezagutzen dutela elkar. Eta hor utziko nuke.
Mientras me alejo liburu berrian, idazten diozu zahartzaroari, maitasunari, emakumeari, denboraren iraganari, euriari… Gai berritzaileak zure poesian, inondik ere.
(Barrez) Hor jarraitzen dut aterkia gora eta aterkia behera. Idazle eklektikoen aldean –orain liburu errealista bat eta segidan surrealista bat ateratzen dizuten horiek–, nahiago ditut estilo jakin batera jotzen dutenak.
Piñoi finkokoak.
Hori da. Hala ere, aurreko liburuekin alderatuz, honek badu berritasun bat: hari bat dauka. Aurrena daude udako poemak, gero udazkenekoak, gero negukoak eta azkenik udaberrikoak. Hasieran udaberriarekin hasi eta neguan bukatzea pentsatuta neukan, baina ikaragarri samarra zelakoan, pentsatu nuen neurekiko: “Utziok esperantzari toki pixka bat, hik horretan sinesten ez duan arren”.
Bar de playa-k ondo biltzen du liburuaren tonu orokorra. Tabernatik hondartzako gazte batzuei begira dagoen bat mintzo da, kontatuz nola haientzat ongi pasatzea gauza arrunta den, nola uda den gazteen urtaroa, eta nola bera jada ez den gogoratzen gazte zeneko garaiez. Ilusio gutxi geratzen zaizkion norbait dela dirudi.
Pixka bat esajeratzen dut, badago hor hiperbole bat. Baina bai, ironiaz kontatzen dut jada bat ez dela gaztea… Badakit ez dela samurra egungo gazte bati esatea bizitzeko garai paregabea tokatu zaiola, ze erantzungo dizu, “zergatik?”, baina nik uste egin daitekeela gogoeta hori, ez dela gauza bera 20 urte edukitzea orain edo 1979an, krisi ekonomiko izugarri batekin…
Ezaguna egiten zait krisiaren kontu hori…
Bai, noski, dudarik gabe. Esan nahi dudana da ni gaztea nintzenean bainujantzi bat edukitzea ia luxua zela. Ideia hori da, esajeratua eta eztabaidagarria, baina amaierako bira ironiko horretan adierazi nahi nuena: zergatik nik ez nuen hain ondo pasa?
Bizitzaren ertzean kokatzen den ahots bat da. Bizitza han dago, hondartzan, gazteen artean. Bera ikusle huts da.
Liburuak argitaratu ahala, nire poesian agertu da pixkanaka pertsonaia poetiko bat –mintzo den hori–, nire antza handia daukana, baina ez beti… Ohartuta nago hasierako liburuetan pertsonaia hori bizitzan sartuago dagoela, tabernako gertakarien protagonistetako bat dela, adibidez. Denbora igaro ahala, tabernaren erdigunetik ertzera igaro da pixkanaka, agente aktibo izatetik gainontzekoek zer egiten duten behatzera. Denboraren iragana deitzen zaio horri. Orain beste une bat bizi du.
Azken errematearekin jokatzen duzu maiz. Poemak itxi zale zara.
Nire poesia guztian dago hori, bai. Poemak ixteak arazo bat dauka: ez badituzu ondo ixten, poema izorratzen duzula. Aldiz, irekita uzten baduzu, arriskua duzu iradokitzaile izan nahian deus ez transmititzeko. Nik ixtera jotzen dut, itxieran egoten delako sarri hitzaren kolpe lirikoa.
"Bada adin bat aukerak bukatzen direna: sinpleki, gauza batzuk jada ezin dituzu egin"
Alferrikako hitzak kentzeari ere garrantzia ematen diozu.
Esaldi bati hamabost hitzek beharrean hamahiruk eusten badiote, nahiago hamahiru. Niretzat ideiak biluzik agertu behar du, orri gainean tenk, eta hala iraun. Bizirauten badu da bizirautea merezi duelako. Oraingoan ez dut kontua hain serio hartu, baina elipsirako joera daukat. Hori ona izan daiteke, eta ez hain ona, ze batzuetan, kentzearen kentzeaz, poemak zeukan poesia apurra kentzen diozu. Kontuz ibili beharra dago horrekin. Dena dela, ez zait erretorika sekula interesatu –nire poesia estiloarekin ez da ondo ezkontzen, gainera–. Erretorika gehiegikeria da, eta gaizki zahartzen da, gainera. Adjektibo distiratsu bat idatzi, eta handik bost urtera ezabatu egin nahi duzu.
Irakurle bezala ere ez zaizu interesatzen erretorika?
Asko gustatzen zaizkit “poeta txarrak”, 20ko hamarkadako bohemiakoak, bidean geratuak, hasiberrientzat direnak, gehienera. Erretorikoak dira maiz, baina gustuko ditut, gizatasun handikoak direlako. Borrokatu bai, baina deus lortu ez duen jende klase horren parte dira. Edo Borgesen poesia ere ondo dago –nahiz ez den izugarri erretorikoa ere–. Gustatzen ez zaidana da betelana, apaingarria. Baina, irakurri? Nik espainiar literatura guztia irakurri dut. Ez da harrokeria, besterik gabe, ordu asko sartu ditut irakurtzen. Zer irakurtzen jarraitzen dudan? Oso gauza gutxi: Becquer, Machado, Jimenez, Pedro Salinas, Cernuda, Gil de Biedma, Angel González, Luis Alberto de Cuenca, Luis Antonio de Viena, Garcia Montero… halakoak.
Aldiz, liburu denda batera sartzean, pentsatzen duzu: “Zenbat nobela, eta zein ederki idatziak denak, eta ze gutxi interesatzen zaizkidan”.
Ongi idaztea ez da nahikoa, literaturak benetakoa izan behar du. Formalki egokia denak ez nau asetzen, orrialdea altxa dadin behar dut. Horregatik esaten dut hori. Agian da jada ez ditudalako 20 urte, idazle askoren interesekin deskonexio bat sumatzen dudalako. Baina zintzurretik heltzen ez didan literatura ez zait interesatzen. Pio Baroja, adibidez, traketsa da askotan: adberbio asko sartzen ditu, asko gerundeatzen du, baina bere idatziek sekulako bizitza daukate. Nahiago dut literatura inperfektu bizi bat, literatura perfektu hil bat baino.
Orduan ez da nobelekin pasatzen zaizun zerbait bakarrik. Poeta batzuk ere ez zaizkizu batere interesatzen.
Gehienak. Zertarako engainatu. Gero eta irakurle nekatuagoa naiz, asko kostatzen zait zerbait esaten didaten testuak aurkitzea. Nobelekin gertatzen zait pixka bat hirian paseatzen zoazenean bezala, eta kale kantoian biratzean ikusten duzunean bidea aldapa gora hasten dela. “Arraioa, orain hau dena igo behar al dut?”. Nobela beltzak irensten nituen garai batean. Orain, diarioak irakurtzen ditut gero eta gusturago.
Zahartzaroa da zure beste gaietako bat. Las arrugas-en diozu egun inork ez duela zaharra izan nahi, are gutxiago zahar itxura eduki.
" Beti izango dituzu aukera gehiago inguruan bultzatzen zaituen talderen bat baduzu, bakarrik bazaude baino"
Aurpegi zahartuek, adinak, zimurrek... lehen adierazten zuten pertsona horrek denbora igaro zuela lur honetan, bazuten prestigio hori. Garai fribolootan inork ez du zimurrik nahi, kristo guztiak egon nahi du 60rekin 35 balitu bezala. Erotzekoa da gaztetasuna gurtzeko obsesio hau. Noski, gero ikusten dira hortik zehar gauza beldurgarri batzuk...
Poetak ere ez daude onenean. Lehen porrotaren epika zeukaten, orain ezta hori ere. Zertarako idatzi orduan?
Hain justu horretaz idaztea gelditzen da, begira. Poeta frakasatuak ilunabarreko dir-dir bat botatzen zuela zirudien lehen. Orain, poetek –nik ezagutzen ditudan askok behintzat– ongi bizi nahi dute, neguan berogailua piztu, asko bidaiatu... Idatziko dizut poema bat porrotari buruz, baina ez nazala ni uki.
Adin zaila omen da “aukerak bukatzen diren” adin hori. Gustatu zait kontzeptua.
Philip Larkinen poema batetik hartutako mailegu bat da. Nire adina da adin zaila. Ez nuke tragikoegi agertu nahi: adin honetan oraindik ere bizi zara, barre egiten duzu, eta abar. Baina bada adin bat aukerak bukatzen direna: sinpleki, gauza batzuk jada ezin dituzu egin. Eta datorrena ez denez bereziki zoragarria... Tarteka etortzen den sentsazioa da. Igande arratsalde batez, taberna batean, euriari begira, hasten zara bizitza errepasatzen eta pentsatzen duzu, “joder, a ze desastrea”. Ordu erdi beranduago agian zaude alaiago, baina...
Bizirautea, mundua behatzea eta, asko jota, hori idatzita uztea al da gelditzen dena?
Une jakin batetik aurrera, ez da gutxi. Hori daukazun bitartean, badaukazu zerbait. Egia da, bizitzaren udazkenaz ari dira nire poemak azkenaldian, tranparik gabe. Eta ez dut esaten eztabaidagarria ez denik: etor daiteke nire adineko norbait sekulako bizipozarekin galdetuz ea ze arraio esaten nabilen. Baina ni naizenez hitz egiten duena, nire mundu ikuskera agertzen da. Gainera, beti aurki daitezke irekitako leiho batzuk, poemaren bat umorezkoa, are, alaia...
Aizu, zer moduz daramazu sarien kontua? Aurrena Euskadi Saria, gero Melilla Hiria... tokitan dago sarigarri ez zen poeta madarikatua.
Ez nintzela sarigarria nioen nire literatura ez delako oso literarioa, kritika hotz utz dezakeelako. Gainera, sari bat jasotzeko hainbat ezaugarri bete behar ditu batek. Beti izango dituzu aukera gehiago inguruan bultzatzen zaituen talderen bat baduzu, bakarrik bazaude baino. Hori guztia kontuan izanda, ni ez nintzen sarigarri. Gelditzen nintzen Euskadi Sarietan finalista, baina ez nuen inoiz irabazten. Oraingoan, uste dut ibilbidea saritu nahi izan didatela. Baten batek esango zuen, “honi eman beharko zioagu zerbait noizbait”. Gainera, berme handiekin zetorren liburu hau: liburuzainen saria eskuratu zuen, Espainiako Kritikaren Sarian finalista geratu zen, baita Espainiako Sari Nazionalean ere...
Bazela garaia iruditzen zaizu?
Ez dakit, agian. Jada ez nuen espero... tokiz kanpo bezala harrapatu nau. Gertatu da, ba primeran. Nik idazten jarraituko dut.
PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024
--------------------------------------------------
Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]
Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024
----------------------------------------------
Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]
Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024
----------------------------------------------------
Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024
---------------------------------------------
Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]
Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020
-------------------------------------------------------
Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024
------------------------------------------------
Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]