Europako hauteskundeak bigarren mailako hauteskunde gisa hartu ditugu historikoki. Arrazoiak bat baino gehiago izango dira seguruenik, baina badirudi Europar Batasunaren (EB) egitekoa argi ez ikusteak eta interes eta informazio faltak badutela zerikusia. Halere, globalizazioaren garaiotan, Estrasburgo eta Brusela gero eta hurbilago ikusten ditugu. Ez hori bakarrik. Azken hamarkadan, argi geratu da Europaren itzala noraino iristen den. Batetik, krisi ekonomiko deitzen dioten horren karietara, estatuen gobernantza ekonomikoa Troikak ezarritako baldintzen araberakoa izan da: austeritatea, defizit muga eta zorraren kontrola ikur. Estatu guztietan berdin aplikatu ez den arren, oro har, ongizate estatua gogor kolpatu dute neurriek, gastu publikoa mugatzeak gastu sozialari eragin baitio zuzenean eta langileen baldintzak ere dezente okertu baitira han eta hemen. Beste gai batzuetan ere hartu du protagonismoa EBk: migrazio krisiaren kudeaketa, euro-eszeptizismoaren gorakada, brexita, eta abar. Kataluniako aferan, urriaren 1eko jazarpen gogorraren eta errepublikaren aldarrikapenaren aurrean ere, bazen Europatik etorriko zen erantzunean fedea zuenik. Biharamuna, ordea, hotza izan zen eta ez zen esperotako babesik iritsi.
Udal eta foru hauteskundeekin batera izateak horretan lagunduko ez duen arren, badirudi datozen eurobozek gurean beste protagonismo bat har dezaketela. Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketaren erdian izango direla aintzat hartuta, Espainiako Estatuko demokrazia falta Europaren aurrean salatzeko bozgorailu gisa profitatu nahi da hauteskunde-hitzordua. “Orain errepublikak”, EH Bildu, BNG eta ERCk osatutako koalizioa izan da aurkezten lehenengoa. Oriol Junqueras izango du zerrendaburu. Erabaki horrek epaiketari Europako dimentsioa ematen lagunduko du.
Hauteskundeak pasako dira, baina garbi dagoena hauxe da: estaturik gabeko nazioen aliantzak lortzea eta indarra batera egitea funtsezkoa izango da zerbait lortu nahi bada
Oraindik EAJ eta PdCATek ez dute argitu 2014ko koalizioa errepikatuko duten ala ez (agian artikulua argitaratzerako jakingo da). Egin dituzten adierazpenetan aldeko giroa nabari da, baina oraindik akordioa ez dago itxita eta bi alderdien estrategia politiko eta programatiko hainbatek bidea zaildu dezakete. Kartzelatik Jordi Turullek bere prestutasuna azaldu du zerrendaburu izateko. Junqueras-ekin batera, bi zerrenda ezberdinetan politikoki jazarria den beste politikari bat europarlamentari aukeratzeak, lehen aipatutako zabalpena handituko luke. Alta, ez dirudi EAJ estrategia horretan oso eroso egongo litzatekeenik. Beti mantendu du distantzia Kataluniako prozesu independentistarekin eta ez du ematen horrelako konpromiso maila hartzeko prest agertuko denik. Izaskun Bilbaoren eserlekua bermatuta izango luke Compromiso por Galicia eta Coalición Canariarekin duen akordioaren bidez. Edonola ere, EH Bildu hain koalizio indartsuan joateak eragina izango du, eta pentsatzekoa da EAJk nahiko duela jendaurrean pareko aliantza batekin agertzea. Ikusteko dago.
Hauteskundeak pasako dira, baina garbi dagoena hauxe da: estaturik gabeko nazioen aliantzak lortzea eta indarra batera egitea funtsezkoa izango da zerbait lortu nahi bada. Ez bakarrik Espainiko Estatuaren baitan, baizik eta mugaz gaindi, partida gero eta gehiago jokatzen baita Europan eta nazioartean. Erabakitzeko eskubidea agendan jartzea eta eragile ezberdinak gai honi buruz posizioa hartzera behartzea izango da gakoa. Horretarako, besteak beste, Europara bidaltzen ditugun ordezkariek badute bere garrantzia.