argia.eus
INPRIMATU
Erraztuz
IƱaki Murua 2019ko otsailaren 05

Zenbat hauts, zabor... ez ote du ezkutatu erratz, gisats edo dena delakoak. Garai batean txilarrarekin eginak, lurra lakarragoa eta zaborra lodiago zegoelako, agian, baina, orduan ere goxatu eta leundu ohi genuen, menda fin sorta bat erratz buruari bueltan ezarrita eta zeinen lurrin goxoa itsasten zien ohol distiratsu bezain aspaldikoei. Natura natural etxeratzen genuen eta merke, sano...

Duela gutxi, Zaldibiako herrian honela ikusi nuen horman idatzirik: “Erratza eman ziguten eta hegan ikasi genuen”. Hamaika ikusteko jaio ginen dio esaerak eta hamaika jaio ginen ikusteko, esan omen zuen beste  hark. Kontua da, batek ezina eta traba besterik ikusten ez duen lekuan, besteak aukerak ikusteko gaitasuna duela eta hortxe hasten da porrota ala arrakastaren mugarria etorkizuna eta geroa bereizten.

Barañainen izan ginen larunbatean, urtarrilaren 26an, aldizkari honek bere ehun urteurreneko sari banaketaren biharamunean –Zorionak bidenabar–  eta han ere erratza izan zen protagonista, Bertso Eskolen eguneko emanaldietan, izan ere, zenbat hala-moduzko gai, bertso, ateraldi, poto eta abar ez dute ezkutatu bertso eskoletako erratzek, baita gure nahia eta abileziak bat eginda, hamaika artelan, irudi eta irudimenezko erditze erraztu ere! Beti jarri du Bertso Eskolako erratzak errespetu puntu bat, baina oinarrizko konfiantza ere bai, lehen pausoak ematerakoan ttittili pottolo antzean zabu eta balantxa dabilen hitz totelari.

Lehengoan, gainera, herriko ikastetxeari kantu bat egiteko sormen lana helburu izan zuen Andoni Egañak, Xabi Zabalak eta Alberto de Abajok osatutako ekipoak, han bildutako ikasle eta gurasoen ekarpenak bideratuz. Oso ekintza parte-hartzailean (hala behar kantua berena sentitzekotan!) eta garuna majo bihurrituta, tantaz tanta, lortu zuten hangoen aho batezko oniritziarekin, bi estrofa eta leloa sortzea, mezuz, edukiz, neurriz, formaz aproposa zelako konformidadean eta kantatzeko egoki musikaturik. Noski, Andoniren kasuan, eta bera izan zen ardatz kantuaren hitzak sortzerakoan, bertso eskolak ematen duen ausardiaren abiapuntua baliatuz eta urteetako eskarmentuaren bizi eskola berme, zenbat eratako sortze lanak gauzatu daitezkeen frogatuta utzi zuen. Denak bikain! Ordu eta hiru laurden halako ziztuan ezta ametsik onenean ere!

Gutxi batzuk soa sortzaile, bide berri bila, errazten eta errazten gozatuz doazen bezala, askok begirada galdua du…