argia.eus
INPRIMATU
Charles Lynch eta lintxamendua
  • 1780an, AEBen independentzia prozesuan, Charles Lynch (1736-1796) lurjabe eta politikari virginiarra buru zuen talde batek Erresuma Batuaren alde ari ziren hainbat lealista atzeman zituen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko otsailaren 06a

Modu informalean, inolako lege bermerik gabe, Lynchek lealistak urkatzea erabaki zuen. Handik bi urtera Lynchek berak lehenengo aldiz idatziz jaso zuen “Lynchen legea” kontzeptua, baimen ofizialik gabe baina modu antolatuan ustezko delitugileak zigortzea adierazteko. Eta hortik sortu omen zen lynching hitza, hainbat hizkuntzetara zabalduko zena.

Ez zen, jakina, modu horretara egindako lehen exekuzioa izan eta ez zen azken lintxamendua ere izango. Baina orduz geroztik haren abizena lintxamenduei lotuta joan da.