Euskal jubilatuen plataformetako kideei egindako elkarrizketa bat irakurri berri dut. Kazetariari erantzun diote ikasle eta langile gutxik parte hartu dutela manifestazioetan, pentsioen kontua oso urrun ikusten dutelako eta, hortaz, ez direlako nahikoa identifikatzen. Hori irakurri eta Nikaraguaz akordatu naiz.
2018ko apirilean Gizarte Segurantzaren erreforma baten kontrako manifestazioetan piztu zen gatazka politikoa, baina hori ondo ulertzeko atzera egin behar dugu, 2013an garatutako #OcupaINSS mugimendua baita hazietako bat. Urte horretako ekainean, Adinekoen Elkarteak deitutako 15.000 edadetuk Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren (INSS) eraikinen aurrean kanpatu zuten, konplitu zezan nahikoa kotizatu ez zutenei pentsio murriztu bat bermatzea agintzen zuen legea. Ikasle mugimenduak bat egin zuen eta jubilatuen borroka ezagutzera eman zuen #OcupaInss traolaren bidez, 2011n New Yorken antolatutako #OccupyWallStreet-en inspiratua. Astebetez ura, elikagaiak eta sendagaiak erraztu zizkieten gazteek jubilatuei. Errepresio poliziala hasi zenean, ikasleek gehiegikeriak grabatu eta zuzenean emititu zituzten Twitterren bidez. Aliantza horrek garaipen politiko bat lortu zuen: uztailean dekretu presidentzial batek pentsio murriztua aplikatzea agindu zuen.
Garai horretan Bilbo eta Managua artean bizi nintzen eta interes handiz jarraitu nuen #OcupaINSS mugimendua. Inspiragarria iruditu zitzaidan bi belaunaldien arteko elkartasuna: adinekoak ziren borrokaren subjektuak baina gazteen babesa eta komunikazio lana funtsezkoak izan ziren eta errepresioari elkarrekin egin zioten aurre. Ekainaren 22ko gauean Juventud Sandinistako 300 enkaputxatuk Polizia Nazionalaren konplizitatearekin 50 gazte eta 35 zahar tiroka eraso zituztela salatu zuen #OcupaINSS mugimenduak, baita ere hamasei gazte legez kanpo atxilotuak izan zirela eta horietariko seik torturak eta intimidazioa jasan zituztela.
2018ko otsailean Nazioarteko Moneta Funtsak (FMI) Daniel Ortega estutu zuen jubilatzeko adina igo zezan. Apirilean, Gobernuak langile eta enpresen kuotak eta jubilatuen zerga igoko zituela iragarri zuen. Ikasle mugimenduak #OcupaINSS traola berpiztu eta kalera atera zen Nikaraguako hamalau hiritan. Ez zen aldarri isolatu bat, baizik eta Ortegaren politika neoliberal eta autoritarioen kontra egiteko arrazoi berria. Ondoren gertatutakoa jakin badakigu: ehunka hildako, ehunka preso politiko, milaka zauritu, hamar milaka erbesteratu.
Euskal Herriko ezkerreko sektore batek nahiago du geopolitikaz eta Inperioaren kolpe bigunez hitz egitea, FMIren exijentzien kontra aspaldi artikulatutako belaunaldi arteko erresistentzia eredu hau aitortu baino. Asko ikas dezakegu euren kultura politikoaz, Iraultza Sandinistarekin ikasi genuen bezalaxe.
Nikaraguako lagun bati galdetu diot zergatik uste duen ikasleek jubilatuei emandako babesa gurean gertatu ez dela. Esan dit pertsona adinekoak ez direla zahar-egoitzetan edo bakarrik bizi, seme-alaba eta bilobekin baizik, eta hurbiltasun hori dela elkartasunaren gakoa. Gaineratu du gure gizartean zaharrekiko errespetu urriagoa somatzen duela. Badakizue zein den Nikaraguako emakume etorkin gehienen lan aukera bakarra? Gure amamak eta aititeak zaintzea.
* Oharra: artikulu hau idazten ari nintzela pozez jakin dut aurtengo greba feministaren ardatza zaintzaren gatazka izango dela, etxeko eta zaintza langileen esplotazioa salatuko duela eta pentsiodunak batuko dituela.