argia.eus
INPRIMATU
Mikrohomofobia
Imanol Alvarez 2019ko urtarrilaren 22a

Oso barneratuta ditugun keinu txiki, iruzkin edo aurreiritziei mikromatxismo esaten zaie. Oso barneratuta dauzkagu eta ez ditugu matxismotzat jotzen. Horretaz maiz mintzatzen da egun. Gure burua antimatxistatzat dugunok ere esan/egin ohi ditugu horrelakoak ohartu gabe. Mikromatxismoa da, adibidez, senarrak andreari esatea etxean “laguntzen diola”, kontziente edo inkontzienteki onartzen baitu etxeko lanak andreari dagozkiola. Matxista izango litzateke halaber emakumeei sistematikoki galdetzea noiz izango diren ama, eta ez gizonei noiz izango diren aita.

Mikrohomofobiaz, aldiz, ia ez da ezer entzuten. Eta egon badago. Mikrohomofobia da, esaterako, neskatxoari galdetzea ea senargaia daukan, edo mutikoari ea andregaia daukan, neskak andregaia edo mutilak senargaia izan lezakeela kontuan hartu barik. Hori etengabe gertatzen da. Nahiagotasun homosexualeko guztiok, nolabait esatearren, jasan dugu sufrikario hori bizitzaren garairen batean, hein handiago edo txikiagoan. Huskeriari marikonada deitzea ere bada mikrohomofobia. Ustez heterosexuala den norbaitek lagunari ze marika/marikoia zaren esatea ere, behar bezain gogorra, hotza, kementsua edo bortitza ez den zerbait esaten edo egiten duen bakoitzean, bada mikrohomofobia. Edo aitak alabaren andregaia aurkeztea esanez “hau alabaren adiskidea da”.

Gaitza hain dago hedatuta, gehienetan hain oharkabean pasatzen zaigu, ezen prentsa ere ez den bekatutik libre gelditzen. Homofobiaren behatokian, noizbehinka jasotzen dugu horren inguruko kexarik. Hori dela eta, berriki egon gara egunkari bateko arduradunekin harremanetan salatzeko ohiko zutabegile batek idatzietan sarri erabiltzen dituela mikrohomofobiatzat har litezkeen esamolde edota kontzeptuak, bai eta, are larriagoa dena, mikro aurrizkia gabe homofobia argiaz kalifika litezkeenak ere. Eskatu genien salaketa-gutuna edo iritzi-artikulua argitaratzea behintzat, horretaz guztiaz hausnarketa eginez. Bada, ez da modurik izan. Gaindiezinezko horma batekin egin dugu topo: aniztasunaren eta adierazpen askatasunaren izenean, orriak zabalik ei dituzte pentsamolde guztietara. Pentsamolde horietako batek irakurle anitz mintzea ez bide zaie axola, ezta gizarteak berak hautatu dituen elkarbizitza-arauen kontrakoa bada ere. Honek beste eztabaida batera garamatza: askatasun adierazpenerako eskubidea gizakion duintasun eta errespeturako dugun eskubidearen gainetik al dago? Zentsura al da gorroto-diskurtsoen kontra ekitea?