ARGIAk mendeurrena, 89 urte Leonetek, Errenteriako Epixkar eta Oiartzungo Barin baserrietan inoren mendean ez eta mendian gora igaro dituenak, euskara beste hizkuntzarik gabe. Azken mohikarretakoa, gure hizkuntzaren zainetako izerdiaren zaindari harrigarria.
Barre egiten duzu! [Grabagailuari begira ari da]
Horrelako gauza polita ez dugu behin ere ikusi eta! Poza ematen du, poza, polita baita!
Ez zara Barin baserri honetan jaioa.
Ez, Epixkarren jaioa naiz, hemendik goiti. Orain etxe berria egina da han.
Zenbat zineten Errenteriako Epixkarren?
Erruz! Hamasei senide baginen, baina orain hiru bakarrik bizi gara. Hantxe ibiltzen ginen denak. Arto puska bat egiten genuen, eta taloa jan. Potajea eta taloa, gure janaria izaten zen. Eta nahikoa azkenean. Besterik ez zen, eta taloa jan behar. Ni 30ean jaioa naiz, eta 50ean, eta gehiago ere bai, taloa jaten genuen. Eta, hala ere, taloa jaten genuenean kontentu ginen.
Eskolarik ba al zen?
Bai, karrera hala atera genuen, eskolara joanda. [Barrez] Baina ikasi genuen. Doktrina, hasi punta batetik eta besteraino. Amona xahar bat zen, eta hark erakutsi zigun. Eta ikasi nituen sumar, restar eta dividir. Erdaraz, hitzik ere ez. Ez genuen ikasi. Bederatzi urte arte-edo ibili ginen gu eskolan. Gutxi. Sardea eta idiak hartu eta sorora. Baserrian dena zen lana. Sortzen zen, bai, lana, besterik ez balego bezala.
Gerraren hotsa ailegatu al zen Epixkarrera?
Ez, zera! Burla ederrak egiten genizkien soldaduei. Ez ginen, hala ere, etxean egon. Beste baserri bat baikenuen Alduran, eta hara. Gure etxean soldaduak egon ziren. Nik ez dakit erreketeak ziren edo zer klase ziren, baina haiek Epixkarren, eta gu Alduran, ez dakit zenbat familia egon ginen han bizitzen. Mordoxka ginen, lau edo bost familia. Baina han tolarea zen, eta tolarearen gainean egiten genuen lo. Tiroak ere baziren. Gure gainetik pasatzen ziren. Fiiiiii! Hildakorik ez zen izan gurean, baina kartzela bai. Gure aita kartzelara eraman zuten. Behien azpiak kentzen ari zela, hartu eta kartzelara sartu zuten. Akordatzen naiz, ni atarian, beste haiek etorri eta eman zioten estualdi ederra. Izan ziren erituak eta. Izan zen gauza franko, bai.
Zeinekin duzue harremana gainalde honetan?
Inorekin ez. Hau mendia da. Izatekotan, Oiartzunekin. Hau Errenteria da, baina non dago Errenteria hemendik joanda? Urruti.
Kontrabandorik bazen gain hauetan?
Bai, bai… Alduran belarra edukitzen genuen, eta beldur ederra ere bai, belarraren bila joan eta karga harrapatzeko han. Edozein egoten baitzen han. Eta idiak ere ibiltzen zituzten kontrabandoan. Ezagutu nituen kontrabandoan ibilitakoak: Txanberlain bat-eta, mutil bapoa zen. Patxi bat-eta, errubioa, izugarri gogorra zen. Uste dut tiroz hil zutela, ez nuke seguru esango, baina hala uste dut. Ez dakit zer ibiltzen zuten, kafea edo auskalo. Ibiltzen zirela, bai. Susperregiko izebak, jaten, sotoan ematen zien haiei, aziendaren ondoan. Benta zuen izebak. Hara sartzen zen goiti, eta sumatuz gero zerbait ere, sotokoek egiten zuten leihotik salto eta martxa.
Epixkarren jaioa, Barin baserri honetara ezkondu zinen.
27 urterekin. Baserri honetantxe ezagutu nuen gizona. Iratzea ebakitzera etorri nintzen, laguntzera. Gero, berriz, bera joan zen hara, nirekin egon nahi zuela esan zidan, nirekin bukatu nahi zuela. “Ikusiko diagu gero!” esan nion. Eta bildu ginen, eta oso ongi eraman genuen batak bestea. Batzuetan haserretzen ginen, ez zen ederra, baina batzuetan haserretu behar da. Orain dela 26 urte alargundu nintzen eta orain hemen nabil.
Libre zabiltzala esan didate.
Hankak ezin karriatuta, libre? Diferentzia ederra dago! Hala ere, ibili egiten naiz ni oraindik, baratzera joan eta etorri. Ibili, behintzat.
Baratzera joan eta etorrian, baina ez paseoan, lanean baizik.
Lanean? Letxua hor dago sukaldean, baratzean nik egina. Eta oiloak. Zortzi oilo, nik gobernatzen ditudanak, zirriki-zarraka, arrunt gustura gainera. Gustu-gustuena arrautzak biltzen ibiltzen naiz, baina alu horiek gutxi egiten. Kar, kar…
Epixkarren lan, Barinen lan…
Baina hemen baino gehiago zen lana Epixkarren. Zikilisaltsan gehiago ibili behar izaten zen han. Baina hemen ere lana bazen. Niretzat, behintzat, nahikoa. Arropa garbitzen sumatu nuen nik handik hona etorri eta egundoko diferentzia. Han arropak garbitzen ibiltzen ginen beheko errekara joanda. Mando bat bagenuen, mando gainean jarri arropa eta errekara. Sartu han arropa eta jelatu egiten zen. Eginahala ibiltzen ginen. Hona etorri nintzenean, iturri ederra, urak kea botatzen zuena zen, epel-epela. Aska ere ederra zen, eta hantxe. Lan gogorra zen. Gizona hondatu zen franko, baina hala ere kontentu ibiltzen nintzen. 9 urterekin hasi ginen otetara joaten Epixkarren. Handik Barinera etorri eta otetan segitu genuen, baina hala ere, han baino bigunago izan zen lana hemen.
Zertan izan ziren zure senideak?
Gure amak egiten zuena zen, ahal zuen guztia moja bidali. Niri ere esaten zidan amak, baina ez. Nik ez nuen gogorik. Eta gogorik ez eta zer egin behar nuen joanda? Asko esaten zuen amak, baina ez dakit nola ez zegoen bera moja. Hiru ahizpa moja joan ziren. Bi amarenak ginen. Bi ahizpa, ama batenak; hiru, bestearenak. Ahizpetako batek Erromara joan behar zuela esaten zuen, moja sartu nahi zuen, baina inon ez zuten hartzen. Azkenean, Donostian hartu zuten, eta hantxe eman zuen bizitza. Gainera, ongi estimatu zuten. Kozinan aritzen zen. Beste biak, berriz, Cañasen, Logroñon egon ziren. [XI. mendeko zistertar monasterioa]. Biak, gainera, abadesa egin zituzten. Lehenengoa hiltzean, bestea egin zuten abadesa. Bata 16 urterekin joan zen moja; bestea, 18rekin-edo. Lan izugarria egin zuten komentuan. Behiekin, txerriekin egin zuten lan. Gero, zeramikan. Arrunt fuerteak ziren, eta asko ikasi zuten. Bi anaia ere fraide joan ziren Arantzazura. Eskean etortzen ziren fraideak, eta haiei laguntzeko ere baten bat behar zuten, eta gure anaia bat joan zen haiekin. Joan zen, baina hark Arantzazun ezin… ama eta aita falta zituela, eta etxera berriz ere. Beste anaia ez, beste anaia Calahorran-edo egon zen fraide.
Asko agindu du Elizak.
Amak elizara joateko esaten zidan, besterik ez. Lehenago joaten nintzen, Epixkartik. Orain ez. Ordubete, ordubete eta laurdenean sartzen ginen Epixkartik Oiartzungo kalera, agudo joanda. Bueltan, bi behar izaten genituen. Dantzara ere joaten ginen, Txikierdira, baina atzera berriz etxera etorri behar izaten genuen, eta besteak dantzara eta gu etxera, batere soinua aditu gabe. Erromeriak ere egiten genituen. Epixkarko kaskora etortzen zen mutil bat, soinuarekin. Soinua jotzen zuen prim-prum, prim-prum, eta guk dantzan!
Ondoko baserrietara joaten zineten lanean laguntzera.
Bai, artajorran-eta laguntzen genuen. Merienda ere ematen ziguten, eta gu kontentu. Eta bi sos ere ematen zizkiguten, igual. Trabaleku eta inguruko baserrietara joaten ginen. Artajorrara, edo sagarra biltzera ere bai… Eta guk hazia patrikan sartzen, eta amona atzetik errietan.
Bi sos ematen zizkizuetela esan duzu. Dirua ez zen baserrian askorik ageri…
Dirua ageri? Ez dakit noiz ikusi nituen lehen sosak gure baserrian. Lan zaila da hori esaten. Artajorrara joan eta ematen zizkiguten diruak, baina etxera ekarri behar izaten genituen, gurasoei eman. Bestela… Baserrian ez da dirurik. Kalera joan eta oilaskoa saldu eta sardina zaharra ekartzen zuten.
"Bularra tiratzera etortzen zen emakumearena ere ezagutu genuen, Portugal baserriko Erramuna"
Atsolorra bizian ezagutu zenuen.
Bai. Ama batek familia izan, eta haurrak hamabost egun-edo zituela, egiten zen atso guztiak bildu. Eta jaten zen zerbait ere, eta biba la juerga! Oso polita izaten zen. Tertulian egoten ginen. Beste bat, pregoiarena izaten zen. Ezkondu aurretik, merienda ematen zuten batzuek. Hura oraindik alaiagoa izaten zen. Pregoiarena. Kontu zaharrak dira. Eta bularra tiratzera etortzen zen emakumearena ere ezagutu genuen, Portugal baserriko Erramuna. Hantxe etortzen zen, guri bularretik tiratzera. Gure amari, berriz, aitak berak tiratu zion bularretik. Niri, berriz, andre hura etortzen zitzaidan… Hil zen Portugalgo Erramuna, emakume ederra, oso zerbitzala zen, eta bromosoa. Soinua jotzen zuen hark. Eta soinua jo eta bera hasten zen dantzan. Pieza bakarra zekien: fun-da-ta, fun-da-ta, furrurrui... fun-da-ta, fun-da-ta, furrurrui… Baina guk ezin genuen dantza egin mutilekin, bekatu zen eta. Batak bestea ukitu gabe beti. Eta elizan ere, aparte. Apaizak apartatu izan zituen senar-emazteak elizan elkarren ondoan jarrita zeudenak.
Ezkonduak egonagatik ere?
Bai! Nire anaia zen, bere andrearekin, ezkon bidaian Logroñora joanak. Cañaseko komentu horretan zirela, elizan apaizak apartatu egin zituen. Horrelaxe izan da gure bizimodua. Eta orain ere, horixe. Oraindik ere egiten dut baratzean pixka-pixka bat, ilunabarrean paseatu hor barna, arrosarioa esan… Lehen, etxekoekin, eskaileran jarri eta arrosarioa esaten genuen. Orain, bakarrik esan behar izaten dut, inork ez bainau laguntzen.
Baserrian bizi izan zara beti, kalera gabe kasik.
Jaisten ginen, bai, enkargutara, poltsak bizkarrean nituela. Mandoa ibiltzen genuen, ez baitzegoen kotxerik orduan, eta biderik ere ez. Apaizak berak etortzen ziren hona, bazkaritara. Eta medikuak, eta haiei ere jaten ematen genien. Bertsolariak ere bai, bordara. Uztapide-eta etorrita daude hona. Jendea ibili zen hemen, bai. Kaletik aparte dago Barin. Errenterian gara, baina hortxe dago Oiartzungo muga, eta Oiartzun dena gurutzatuta etortzen da hona. Ahizpa bizi nuen Belastegi baserrian, eta etxearen erdia Oiartzunen zuen eta beste erdia Errenterian. Belastegi-berri duzu orain han. Zelaian egin zuten etxe berria.
Eta kalera enkargutara jaitsitakoan, gaztelania beharrik ez zenuen?
Bai… Baina “No sabes, no comprende” esan eta aurrera egiten genuen. Konpontzen ginen. Orain ere euskaraz segitzen dut telebisioa, programa dagoenean, notiziak, pelikularen bat baldin badago…
Euskaraz.
Bai. Kastellanoz ez. Ez dakit eta. Oiartzun oso euskalduna da, baina kastellano franko sartu da hor.
Arrunt kanbiatu da mundua ordutik hona…
Bai, horixe. Mundua… edo mundukoak kanbiatu dira? Seguru ez dakit, baina nik esango nuke mundukoak gehiago kanbiatu direla mundua bera baino. Mundua lehen bezalakoa izango dela pentsatzen dut nik, baina mundukoak ez.
“Lehenbizi, errekara eraman behar izaten genuen arropa. Han busti eta xaboitu. Etxera etorri, kuela [lixiba-ontzia] jarri eta arropa kuelan sartu. Ura irakin, eta denbora batean lixiba hautsa izaten zen hemen, hauts hura bota goiti eta beheiti. Zuloa izaten zuen azpian kuelak, eta zer egiten genuen? Azpian bazina jarri. Hura ateratzen zenean, berriz ere irakin eta ura bota. Oso usain ederra izaten zuen. Gero, berriz ere errekara eraman, berriz garbitu, eta arropa zabaldu. Hilean behin egiten genuen gobara, ez astero”.
“Zaldiarekin eta idiarekin joaten ginen, otea ebaki, zama egin, zama hartu bizkarrean, eta etxera zazpi itxaronalditan Iruritatik [Nafarroa]. Zazpi itxaronalditan. Gosea. Eta sardina errea sartu talo erdian, eta etxetik atera eta segituan jaten genuen hura. Guk ekartzen genuen gosea! Otaxka makinan jotzen genuen, traza jartzen genuen gainetik, eta tikiti-taka, tikiti-taka, aletzen genuen otea. Bi edo hiru aritzen ginen hartan”.
“Berriz jaioko banintz ez nuke egingo egin dudana baino. Ez dut espero. Lau seme-alaba hazi ditut. Gizona gerran hondatu zen eta horrekin nahiko lan ibili nuen. Haren beharrak egin nituen, hala ere. Zer gehiago egin behar dut? Seme-alabak zein baino zein, suhiak eta errainak… Egin dudana baino gehiago ezin egin nik”.
Epixkar baserrian jaio eta hazia, Barinera ezkondu eta bertan egin du ondoko bizia. Baserria izan du etxe eta mundu, erakutsiz emakumearen lan bukaerarik gabekoak eutsi diola baserriari, bere buruari begiratzen ibiltzeko tarterik gabe. Euskara beste hizkuntzarik ez zen mendian gora sortua, kantu bihurtua du Leonetek gure hizkuntza, margolariaren kolore-paletaren jabe egina.