argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Hautapen naturala
  • Filmak Bird Box du izena, eta Netflixen dago ikusgai. Han-hemen irakurri dudanaren arabera, istorioa etorkizun postapokaliptikoan gertatzen da; protagonistak, Sandra Bullockek antzeztuak, begiak estalita dituela egin behar ditu egin beharreko gauza guziak, bere biktimak ikusmenaren bidez harrapatzen dituen munstro batek ez harrapatzekotan bederen. Nik ez dut oraindik ikusi, baina litekeena da toki lasai batean gelditzea –a quiet place, hobeki ulertzen baduzue– ikusi gabe.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko urtarrilaren 23a

Kontua da jendea hasi dela Sandra Bullocken pertsonaia imitatzen; jendea hasi da, alegia, begiak estalita dituela etxean barna ibiltzen –edo lasterka egiten–, gidatzen, karrikan paseatzen edo errepidea zeharkatzen. Netflixek ohar bat atera behar izan du gogorarazteko gauza horiek guziak horrela egitea arriskutsua izan litekeela.

Bird Box erronkaren ondorioz, YouTubek erabaki du egilearen bizia arriskuan jar lezaketen ekintzak erakusten dituzten bideoak debekatzea. Haurrak dira erabaki hori hartzeko emandako aitzakia, baina nik ikusi ditudan bideo guziak helduak –maiz ez preseski gazteak– dira nagusi.

Ingalaterran eman nuen bolada batean, gogoan dut supermerkatu bateko kartelek bezeroei oroitarazten zietela frutak eta barazkiak garbitu egin behar zirela jan baino lehen. Gizarteak du errua, kontu estrukturala da, hezkuntzaren ardura da, hizkuntzaren erabilera da afera... Erantzukizun pertsonalak ez du balio, jakina, den-dena azaltzeko, baina YouTuberi gure buruarengandik babesteko eskatu behar badiogu, Netflixek argitu behar badigu benda bat begietan flanbeatu bat prestatzea ez dela nahitaez munduko ideiarik onena, akaso gure gizartean infantilizazioa ez ote den urrunegi ailegatzen ari galdegin behar genioke gure buruari. Eta hautapen naturalari utzi bere lana egiten.