2018ko urriaren 17an Extinction Rebellion mugimendu berriak bere burua aurkeztu zuen publikoki Londresen, Greenpeace elkarte ekologistaren egoitza nagusian sartuta eserialdia eginez: “Greenpeaceko kideak animatu nahi ditugu desobedientzia zibil masiboetan parte har dezaten, munduari datorkion katastrofea saihesteko geratzen zaigun alternatiba bakarra hau delako”. Eta hilabete beranduagorako deitu zuten matxinada eguna.
Euskaldunontzako ere balio luke Corinne Morel Darleux Parti de Gauche frantseseko hautetsiak idatzi berri duenak: “Sarriagotan erreparatu beharko genioke beste lekuetan gertatzen denari. Frantzian klimaren alde Oraindik garaiz gaude lelopean manifestatzen ginen bitartean, Ingalaterran blokeoak antolatzen ari ziren Ez daukagu denbora gehiago oihukatuz. Egin litezke hor alderaketa interesgarriak Alemaniako ikatz meategiari egindako blokeoarekin, Pauen petrolio ekoizleen gailurrean antolatutakoarekin edo baita ere Alternatibak Frantzian aldarrikatzen duen borroka ez-bortitzarekin ere. Baina oraingoz Frantzian gutxi aipatu da internazionalizatze asmoz Ingalaterran sortutako mugimendu horretaz”.
XR sinadura dagoenekoz zabaldu da Britainia Handiko gatazka askotako ekintzetan: X desagerpenarena (extinction), R matxinadarena (rebellion). Logoa Xrekin jokatuz erraz marrazten den hondar-erloju bat, hondamendia saihestekotan erreakzionatzeko denbora agortzen ari dela iradokitzen duena.
Mugimenduaren webgunean sortzaileetakoa den Gail Bradbrookek aurkezten ditu klimaren berotzearen azken ebidentzia zientifikoak eta azaltzen nola ari diren gertatzen izotz poloen urtea, albedoaren galera, faxismoa berriz itzultzeko arriskua eta oligarkiak darabiltzan mekanismoak hondamendiak kolpatuko gaituen gainerako mundutarrongandik urruntzeko. Horregatik, dio, premiazkoa da norabidea aldatzea, teknikoki eta ekonomikoki posible da, politikariek ez dute ezer egiten eta, ondorioz, indar harreman berri bat antolatu eta gauzak geure esku hartu behar ditugu.
Baina indar harreman politiko batez ari da XR, klimaren aldeko kanpaina sentimentalak alde batera utzita, Greta Thunbergek dioen moduan: “Ezingo dugu Lurra salbatu haien arauekin jokatuz, arauak aldatu beharra dago. Gaur egun ez dago klimaren hondamendia saihesteko beharrezko politikarik. Sistema aldatu beharra daukagu, krisian gaude eta. Eta berehala hasi behar dugu. Gerra baletorkigu bezala gainera”.
Urriaren 31n eserialdia egin zuten Erresuma Batuko legebiltzarraren atarian, aldarrikatzeko Londresko gobernuaren kontrako matxinada (Declaration of Rebellion). Ekitaldian mintzatu zen Greta Thunberg 15 urteko neska suediarra, bere gobernuak klimaren arazoan ezer egiten ez duelako eskola-greban dagoena. «Badirudi gertatzen denaren datuek ez dutela inporta gaur egun, politikariek ez diete zientzialariei entzuten. Hori horrela bada, zergatik ikasi behar dut? Jende helduari bost axola bazaio gure etorkizuna, orduan niri ere bai”.
Ekitaldian poliziak 15 protestalari atxilotu zituen autoen zirkulazioa oztopatzeagatik. Ondorengo bi asteetan 60 gehiago arrestatu zituzten, XRk antolatutako desobedientziazko ekintzetan parte hartzeagatik: kale mozketak, Ingurumen Ministerioarena eta beste zenbait egoitza ofizialen hormetan pintaketak egiteagatik, lehen ministroa bizi den Downing Streeteko sarreran beren buruak kateatzeagatik...
Azaroaren 17an milaka lagunek hartu zuten parte Rebellion Day borroka egunean. Londresko bost zubi nagusiak blokatu zituzten ordu luzez, trafiko butxaketa handia eraginez. The Guardianek biharamunean esan zuen hura izan zela “Erresuma Batuan azken hamarkadetan izandako desobedientzia zibil baketsuzko ekintza handienetakoa”. Egun batzuk geroago hainbat kale gurutze blokatu zituzten Londresen eta Oxford, Cambridge eta beste zenbait hiritan antzeko protestak zabaldu ziren.
Extinction Rebellionek hiru eskakizun egiten ditu. Bat, gobernuek konta diezaietela herritarrei krisi ekologikoaren egia. Bi, mundu mailako mobilizazio bat antolatzea, II. Mundu Gerrakoa adinakoa, karbono isuri netoak 2025erako 0-raino murrizteko, erabaki politiko lotesleak hartuz eta gaurko kontsumo mailak murriztuz. Hiru, aldaketak gainbegiratuko dituzten Herritarren Batzarrak antolatzea.
Horiek lortzeko bidean, XRk bere misiotzat hartu du populazioaren %3,5 mobilizatzea, borroka tresna baketsuen bidez eta modu deszentralizatuan funtzionatuz. Nola? Daniel Macmillen Voskoboynikek Red Pepper-en azaldu duenez “XRek lortu nahi du mugimenduaren eskalada izugarri bat, masa mobilizazioa, desobedientzia zibilak eta atxiloketak kateatuz. XRn parte hartzen duen Rupert Read filosofoak dioen moduan, ‘epe luzerako gure helburua da sortzea egoera bat non Gobernuak ezingo dion ezikusia egin klimaren hondamendia saihestu nahi duen jendetza gero eta handiagoari’. (...) Teoria honen oinarrian dago mugimendu historikoetan ‘masa atxiloketek’ jokatu duten papera eta Erica Chenoweth politologoak ‘%3,5aren Legea’ deitzen duena: historian zehar mugimenduek populazioaren portzentaje horren parte-hartze aktibo eta jarraia behar izan dutela diktadurak eraisteko”.
Ehuneko zehatzak gora behera, Corinne Morelek uste du XRk mezu berria dakarrela honetan, militante ezkertiar eta ekologistek masen bila behin eta berriro aritzean jasaten duten akiduraren sendagarri: “Ez dagoela zertan milioika jende bildu beharrik. Eskarietan, manifestazioetan eta beste lehenetsi den kopuruen kulturaren ordez, XRk erabili nahi ditu ekintza ez derrigorrez masiboak baina bai ‘disruptiboak’, hau da, aztoratzaileak eta subertsiboak, bortizkeria kaltegarririk gabekoak. Haientzat, gose greba bat hasteak edo espetxera joateko prest egoteak erakusten dute zenbateraino den serioa gai bat eta bere burua arriskuan jartze horrek begirunea eragiten du, jendea iratzartzea. Azken finean, ideia da ‘zenbat eta larriagoa izan gaia, orduan eta gutxiago behar dela ekintzaileak ugariak izatea’”.
Antza denez, XRk aurreratu du dagoenekoz 500 pertsona badaudela espetxera joateko prest estrategia honetan. Kanpotik mugimenduari begiratzen dionari galderak sortarazten dizkio: ez al da esajeratzen sakrifikatzearen ideia, erromantizismo iraultzaile kutsu handiegikoa, edo are jende pribilegiodunek baizik egin ezin dutena? Bikotekide gabeko amak, errefuxiatuak, langileetan prekarioenak... ezingo dira sartu horrelakoetan. “Hain zuzen horrexegatik –erantzuten du– Morelek: aukera hori daukatenek egon behar dute lehen lerroan. Baina ez pentsa horientzako ere erraza denik. Horregatik ari dira prestaketa lanetan, bai bilkura fisikoetan, web bidezko eztabaidetan, bideoak jarri dituzte Youtuben...”.
Extinction Rebellionekin bat egin duen Kate Marvel klimatologoak esan du: “Sarritan eskatzen didate eman ditzadala itxaropenerako arrazoiak. Jendeak entzun nahi du azkenean dena ondo amaituko dela. Baina nik ezin dut horrelakorik esan. Itxaropenaren kontrakoa ez da etsipena, pena da. Guk adorea behar dugu, ez itxaropena. Adorea da ondo egitea erabakitzea, seguru eduki gabe dena ondo bukatuko dela”. Agian horrexegatik ipini du XRk honakoa bere esloganen artean: “Hope dies, action begins“. Itxaropena hil, ekintza hasi.
220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.
Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]
Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]