argia.eus
INPRIMATU
Empar Moliner. Koktelen sormenean
“Norberaren ahultasunen inguruko txantxak egitea posible den herri batean bizi nahi dut”
  • 2015ean Tot això ho faig perquè tinc molta por liburuarekin Mercè Rodoreda saria irabazi zuen idazle eta kazetaria da Empar Moliner (Santa Eulàlia de Ronçana, Herrialde Katalanak, 1966). Feminista eta independentista.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2019ko urtarrilaren 24a
(Argazkia: Jordi BorrĂ s)

Dry Martini kokteleria aukeratu duzu elkarrizketa egiteko. Zergatik?

Jende asko ez delako sekula sartu kokteleria batean. Sekulako esperientzia galtzen du! Kokteleriak maite ditut mantsotasuna eta dotoretasunagatik, eta bezeroak nahi duena dastatzeko ahalik eta hobekien egokitzen diren zerbitzariak dituztelako. Tira, betidanik aisialdi tokitzat izan dut nik lokal hau.

Badago uste duenik Bartzelonako koktelerietan gizonezkoak nagusi direla.

Eta hala da. AEBetan egoera bestelakoa da, baina hemen gutxitan topatu ditut emakumezkoak koktelerietan, eta baldin badaude, bikotekidearekin etortzen dira. Are gehiago, bakarrik dagoen emakume bati, oraindik ere, zerbitzua eskatzen diote gizonek, prostituzioan lan egiten duela uste dutelako. Egia da azken urteetan aldatu dela zertxobait egoera, baina, oraindik ere, gizonezkoei lotutako aisia da hau.

Zenbateraino da hau egitura patriarkalaren ondorioa?

Ez dakit. Jatetxeetan ere duela gutxi arte ohikoa zen ardoen karta gizonezkoari ematea. Esango nuke kasu horretan gehiago aldatu dela joera hori, baina koktelerietan eraldaketa gutxi ikusi dut zentzu horretan.

Zuri nondik datorkizu edariarekiko grina?

Nork daki kasualitatez edo ez, gaztetxoa nintzenean alkoholak euren bizitzetan edo obran garrantzia zuen idazleen lanak irakurtzen nituen, tartean Bukowski edo Dorothy Parker. Gainera, adingabea nintzenean La Cua de Palla bilduma irakurtzen nuen, eta edateko adina izan aurretik liburu horietan irakurrita nuen Bartzelonako Gimlet ostatuko helbidea, memorian giltzatuta nuen. Mundu mitikoa iruditzen zitzaidan.

Argazkia: Jordi Borràs

Feminista zara baina hainbat kritika egiten dizkiozu mugimenduari?

Arazo bat dut: norberaren ahultasunen inguruko txantxak egitea posiblea den herri batean bizi nahi dut. Katalana naiz eta katalanen inguruan bromak egin nahi ditut, baina gaur ezin dut, espetxeratutako eta erbesteratutako politikariak ditugulako. Animaliak maite ditut eta animalisten bromak egin nahi ditut, baina ezin dut, duela aste gutxi Bartzelonako polizia batek Sota zakurra hil zuelako kalean. Feministen inguruko bromak egin nahi dut, baina VOXek Indarkeriaren Legea aldatu nahi badu, ezin dut.

Feminismoaren aldarrikapen bat da literaturan eta kulturan emakumeen lana goraipatzea, zuk zalantzak dituzu.

Literaturak emakumezko asko ditu. Are gehiago, emakumeok gehiago irakurtzen dugu gizonezkoek baino. Zein da kontua, emakumezko idazleak falta direla? Ez dut uste. Nire ustez gizonezkoak adina emakume idazle egoteagatik ez dugu berdintasunaren alde aurrera egingo: liburu bat irakurtzen dudanean berdin zait autorea gizona edo emakumea den. Besterik gabe, ongi idatzitako istorioak nahi ditut.

Aldiz, kritika literarioaren irizpideak desberdinak dira idazlea gizonezkoa edo emakumezkoa bada…

Bai, horretan arrazoi duzu. Hori aldatu beharra dago. Baina sentsazioa dut, aldiz, aldarrikapen honek babes txikiagoa duela kuoten eztabaidak baino. Nire ustez hemen behar da feminismoaren indarra.

Gatozen aktualitatera: preso politikoak, erbesteratuak, eta gauzatu ezin izan den bide orri bat. Nola bizi duzu egoera?

Erraietatik minduta nago. Duela gutxi ondorioztatu dut gehiegizko enpatia dudala. Oilo larrua jartzen zait kaletik joan eta bi pertsona musukatzen ari direnean. Negar egiten dut musika entzun edo, zergatik ez, ardo on bat edaten dudanean. Seguruenik sentimentalki heldugabea naiz, bai. Baina ama naiz, eta ohera joan eta bertako espetxeratuak euren seme-alabengandik urruti daudela gogoratzen dudanean, ezin dut jasan.

Jaiotzetik independentista zinen edo bilakatu zara?

Betidanik izan naiz independentista, baina manifestazioetara joan ordez sofan gelditzen zen horietakoa. Feminismoarekin ere gertatzen zitzaidan. Hala ere, urrutiegi iritsi da dena eta ez, prezio hau ordaindu behar bada nik ez dut independentziarik nahi.

2016an lau haizetara zabaldu zen TV3en Espainiako Konstituzioa erre zenueneko bideoa.

Espainiako Auzitegi Gorenak Pobrezia Energetikoaren dekretua baliogabetu zuen, eta telebistara iritsi nintzenean argi nuen horren harira zerbait egin behar nuela. Beraz, baliabiderik gabe gelditzen ziren familiak etxea berotzeko libururen bat erre beharko zutenez, espainiar denek etxebizitza duinaren eskubidea dugula adierazten duen Espainiako Konstituzioa erabiltzea proposatu nuen. Besterik gabe.

VOXek salaketa bat jarri zuen zure kontra.

Bai, eta oraindik ere jarraitzen du, epaileak behin eta berriz baliogabetu duen arren. Apartekoak dira.