argia.eus
INPRIMATU
Ehun(du)
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2019ko urtarrilaren 22a

Irazkiko harien artetik bilbekoak pasaraziz, ehuna moldatu”. Hala definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak ehundu berba. Ehungailuan jartzen dira irazkiak (goitik beherako hariak, tenkatuta eta mugitzen ez direnak), eta euren artetik, zeharka, bilbea (beste haria) ezker-eskuma pasatzen da anezkarekin (orratz erraldoia), oihala gauzatu arte.

Iaz Euskaltzaindiak ehun urte bete zituen, eta Euskara ehuntzen leloa aukeratu zuen urteurrenerako. Argia-k ere ehun urte bete ditu aurten, zahar izatea akats legez ikusita dagoen sasoi honetan. Baina aldizkari hau zaharra izan arren, etengabe dabil eraikitzen, produzitzen, oihala egiten, berrizten, gure errealitatea ehuntzen.

Artikulu honen izenburua originala ez bada ere, esango nuke gure aldizkaria zerutik argitzen hasi zitzaigunetik, eta txikitik eragiten, gelditu barik aritu dela irazkia eta bilbea uztartzen, anezkaz gurutzatzen. Irakurleak eta informazioa, Euskal Herria eta mundua, beti euskaraz.

Zorionak, Argia. Zorionekoak zuek, Argia Jendea. Beste ehun urte ere jardungo ahal du ehungintzan!