argia.eus
INPRIMATU
Une goxoak, hunkigarriak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 15
Bonberenean zuzenean. Petti. Bonberenea Ekintzak, 2018

Hil berria zen aitari eskainitako Awañak diskoa jendaurrean grabatu eta hamar urte pasatu direnean, zuzenean grabatutako beste disko bat kaleratu du Pettik. Kanta batzuetan bakarrik aritu da, gitarra akustikoarekin, eta beste batzuetan Eneko Dorronsoro soinu jotzailearekin. Aipagarriak dira Enekok eskusoinuarekin egiten dituen doinu eta marrazki politak, ederki apaintzen eta osatzen baitituzte kantak.

Bakarka edo Etxeko Uzta taldearekin, Petti bera izan arren, bere kantetan giro berezi bat sumatzen da bakarrik jotzen dituenean, edo musikari bakar baten laguntzarekin. Kantek ikus-entzulea beste modu batean ukitzen dute. Une goxoak izaten dira, hunkigarriak.

Grabazioa egiteko kontzertua 2018ko urriaren 20an egin du Tolosako Bonberenean, Awañak diskoarekin egin zuen bezala. Bere etxean, askotan jo baitu Bonberenean. Gustura, kontzertuan egon zen jendearen berotasunarekin. Lana ederki biribiltzeko, nahasketak eta masterizazioa Berako Mik estudioan egin ditu Maikel teknikariak.

Hamalau kanta entzun daitezke diskoan. Horietako gehienak, aurretik argitaratutako kantak dira, beste modu batean interpretatuak: Hotzikarak (2016) diskoan dauden Ez barkatzen, Ni naiz eta Azken Aetzaren balada; Astirtitan (2014) diskoko Erramurik gabeko gauak; Bakarrik eta libre. Imanol Urbietaren kantak (2013) bildumako Ranroberran; Barrence Whitfieldekin 2009an kaleratu zuen diskoko Solasaldia; On (2007) diskoko Xorieri mintzo zen eta Oasia; Arrazoiak (2001) diskoko Dirdira hori; eta Amets bat (1999) bere lehen diskoko Perika eta Zeru infernu. Halaber, bere ibilbidearen hasieran sortu zuen Pshikoburmuin kanta ere jo du.

Aspalditik ezagutzen dugun arren, Pettik beti harritzen eta liluratzen gaitu. Handia da, musikari eta abeslari gisa. Bere ahotsa, gitarra jotzeko duen trebetasuna, bere nortasuna. Erraietatik aritzen da, grinarekin, indartsu edo leun, kantak edo uneak eskatzen dionaren arabera, urtetako eskarmentuak ematen dion gaitasunarekin eta erraztasunarekin, eta horren guztiaren emaitza dira blues, rock eta folk kutsuak dituzten bere kantak, bizitzako gazi-gezen ingurukoak: ederrak, zirraragarriak.