argia.eus
INPRIMATU
Libre, liberal eta libertario
Sonia González @sonetska 2019ko urtarrilaren 15
Antton Olariaga

Askatasunera deiek eta errespetu aldarriek betetzen dituzte telebista orduak eta egunkari orriak, irakur-entzuleak formulaziotik harago joango ez diren segurtasunarekin. Ze, nork ez du aske izan nahi? Giza-seme eta emakume guztiok izan nahiko genuke libre.

(Neo)liberalismoaren askatasuna kapitalen eta salgaien mugimendura mugatzen dela gauza jakina da. Gabonetan jan ditugun arkumeak Marokotik edo beste nonbaitetik ekarri eta, Estatuan akabatzeagatik, espainiar jatorria onartu diete, pertsonak itsasoan hiltzen diren bitartean.  

Norberak nahi duena egin dezala promulgatu izan du liberalismoak bere sorreratik, denok hautatzeko aukera berberak izango bagenitu bezala, norberaren kontingentzia eta baldintzapenetan preso ez bageunde legez.

Batzuk erosleak dira; gehienok, saltzaileak baino, salgaiak gara, gure lan indarra, adimena edo gorputzak derrigor saldu behar ditugulako. Inor ez da puta sartzen nahi duelako eta inoren gogoa ez da egunean hamar orduz zentralita batean aguantatzen egotea. Neure buruarekin nahi dudana egiten dut baino falazia handiagorik ez dago, eta hau ere ez da berria, ezta muturreko ezkerraren pentsamendua ere; XVIII. mendean utzi zuen adierazita Rousseauk bere Kontratu sozial-ean.

Askatasun indibidualen sasoia omen da, indibiduoa baita denaren alfa eta omega. Eta, liberalismoaren atzaparretan gatibu, badirudi ezkerrari libertarioa izaten ahaztu zaiola. Kontrol eta diziplina sozialerako estamentuak ez daude eztabaidagai; natural eta onargarritzat aurkezten zaizkigu, ekonomiari kapitalismoa berezkoa omen zaion bezala. Familia, eskola, ejertzito, errepresio indar, elizak... ezaugarri hetereogeneo baina helburu homogeneoa duten hainbat botereren mataza osatzen dute.

Eta neoliberalismoa kontserbadorea ere badenez, kontserbadurismorantz egin dugu arineketan. Ezkontzeaz lotsaturik, gurasoek hala nahi zutela ematen zen aitzakiatzat duela urte gutxi, baina orain “egin dezala norberak nahi duena”, eraztun, esku-eskatze, abade eta parafernalia guztiarekin.

Eskolari gero eta gauza gehiago irakasteko eskatzen diogu, etxean irakastea neketsua ei delako, baina ez dirudi gehiegi inporta digunik eskolaren azken helburua izatea umeak etorkizuneko kateetarako prestatzea.

Sexua eta gorputzak demonizatzen dira, “ez dadila titi bat pantailan ikusi!”, denok titiburu bat aho barruan izan ez bagenu bezala. Bien bitartean, emakume eta neskatoak gero eta sexualizatuago daude (gizonen disfruterako, jakina, ez geure sexualitatearen jabe garelako). Ikuspegi libertariotik argi dago pertsonen benetako askatasunerako, sexu, desira eta gorputzak askatu eta normalizatu behar direla. Ikuspegi feministatik bezalaxe, feminismoa emakumeen (eta gizonen) askapenerako mugimendua den heinean.

Nork bere diruarekin nahi duena egin dezala, nahiz eta txalet bat erosi, nahiz eta horrek herriarengandik urruntzeko balio, nahiz eta handik aurrera interes pertsonal nagusia izango den bizi maila horri eustea eta jabetza garesti hori ez galtzea.

Pertsonala den oro politikoa ere badelako, altxatzen garenetik oheratu arte egiten eta pentsatzen dugun guztia ikuspegi liberal-kontserbadoreaz ala libertario-askatzaileaz egin daiteke eta egin egiten dugu. Urte berrirako asmoen artean gimnasiora joatea baino probetxugarriago izango genuke, botere politiko-ekonomikoaz gain, prozesu sozial eta kultural guztiei eragiten dien botere sarea borrokatu beharraz berriro ohartzea eta askatasunaren kontzepzio liberalaz askatzen hastea.