Datozen urteetara begira, enpresen (kooperatibak batez ere) erronka nagusiak identifikatzerako orduan, adostasun maila zabala sumatzen dut. Esaterako ingurumenean, parte-hartzean, finantzazioan, berrikuntzan, lehiakortasunean edota gobernantzan. Hala ere, hauen artean, gutxi nabarmentzen diren hiruri eman nahi diet protagonismoa: kooperazioa, organizazioen humanizazioa eta enpresen rol berria gizartean. Aletu ditzagun.
Lehena da kooperazioa praktikatzeko beharra eta zailtasuna. Lankidetza oinarri duten entitateetan kooperazioa izan behar da ardatza. Gogora dezagun, kooperatzea diogunean, elkarrekin lan eginez proiektuak aurrera ateratzea diogula. Eta instantzia zenbaitetatik aditz honen onurak aipatzen diren arren, badirudi, kooperazioa egitea ez dela hain erraza. Zailtasun horren beste ñabardura bat da organizazio barruan kooperatzea kostatzen bazaigu, erakundeen artean interkooperatzea askoz nekezagoa egiten zaigula. Hausnartu dezagun beste apur bat. Kooperazioa modu naturalean, ia berez, pizten da beharrizan garbi bat dagoenean. Behin proiektua “instituzionalizatuta”, kooperatzeko, baldintzak sortu egin behar dira. Hau da, ekosistema aproposa birsortu behar da modu “artifizialago” batean.
Bigarren erronka da humanizazioa. Kooperazioaz, demokraziaz eta justiziaz hitz egiten den ereduetan, pertsonari buruz derrigor hitz egin behar da esplizituago. Izan ere, diogu gure proiektuak sozialak eta enpresarialak direla, ados, baina hirugarren bereizgarria nabarmendu behar dugu, humanoak ere badirela alegia. Ezaugarri hori funtsezkoa da. Bai pertsonarentzat, baita erakundearentzat ere. Pertsonak hazteko lekua izan behar du organizazioak. Proiektu kolektiboek, badirudi, ez daukatela legitimitate handiegirik pertsonek zentroa hartzen ez badute.
Amaitzeko, hirugarren desafioa da enpresa hauen papera komunitate barruan berriz asmatu behar dela. Orain arte izan duten protagonismo mugatua berrikusi eta, aurrera begira, traktore izan daitezke. Izan ere, enpresek egitura bat daukate, pertsonak dituzte eta denbora ematen dugu bertan lanean. Berrikuntza sozialaren angelutik konplexurik gabe begiratuta, baldintza egokiak dira gizarteko esparru guztietan eragile izateko. Tradizionalki esparru hauetan beste mota bateko kolektiboek izan dute protagonismoa, baina badirudi, eragile ekonomikoek potentzial izugarria daukatela funtzio esanguratsua betetzeko, baldin badakite gizartean egoteko euren modua berrasmatzen.