Besteak beste XIV. mendeko Izurri Beltza eragin zuen Yersinia pestis bakterioaren DNA arrastoak aurkitu dituzte Suedian, Neolitoko hainbat nekazariren hezurretan.
Hezurrak duela 4.900 urte ingurukoak dira eta, hortaz, historiako lehen giza pandemiaren froga dira. Goteborgeko unibertsitateko adituen arabera, izurria mende batzuk lehenago, duela 5.700-5.000 urte, sortu zen Itsaso Beltzaren iparraldean, eta merkataritza-bide berriek gaixotasuna Europa osoan eta Asiaraino zabaltzen lagundu zuten.
Hala, gurpilari eta animalien trakzioari esker, nekazaritzaz –eta desberdintasun ekonomikoez– gain, bakterioak ere hedatu ziren.