argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitz eta onddo uztarri berean
Jakoba Errekondo 2019ko urtarrilaren 10

Modu guztietara, onez eta txarrez, amenazu guztiak zorroztuz esan digute baina guri bost. Mundua, gure mundua hiltzen ari gara. Gure bizimodua ezin da inola ere eutsi, eta jasanezina da gurekin batera bizitzea egokitu zaien beste bizidun guztientzako. Egunetik egunera ari gara espezieak akabatzen, hiltzen. Kutsadura, pestizidak eta abar ugari baten ondorioz gure bizitzaren kalitateari eusten dioten ekosistemak eraisten ari gara. Erleak, hegaztiak, arrainak eta landareak.

Landareentzako arazo nagusia lurretik datorkie. Lurra hiru “M” dira: beheko barreneko “minerala” etengabe lurra sortzen ari dena; gainetik dijoakion “materia organikoa” lurra aberasten duena eta saltsa guztiari bizia ematen dioten “mikroorganismoak”. Mikroorganismo horiek dira gakoa. Zenbat eta mikroorganismo gehiago orduan eta lurra biziagoa, eta orduan eta errazago izango du landareak bere elikadura osatzea.

Landareen elikaduran izugarrizko garrantzia dute onddoek. Onddoak lurpean hedatuta daude, landarearen sustraien artean. Sustraiekin harreman berezia sortzen dute, eman eta hartu. Onddoak landareari jaki batzuk ematen dizkio eta landareak onddoari beste batzuk. Emate eta hartze horretan bakoitzak bere gustuko adiskideak ditu. Horren ondorioz baso mota bakoitzak, zuhaitz mota bakoitzak onddo jakin batzuk izango ditu lagun, eta ondorioz baso horretan perretxiko jakin batzuk izan ohi dira, eta ez beste batzuk. Lizarrak (Fraxinus excelsior) bere onddoak ditu, ler gorriak (Pinus sylvestris) bereak, pagoak (Fagus sylvatica) bereak eta abar.

Zuhaitzek onddoak behar dituzte eta alderantziz. Elkarren premia dute, baldin eta bizi nahi badute. Ba Europan zuhaitzak hiltzen ari dira. Eta lurraren gaineko baldintzen txartzeak badu zeresana, airearen kalitatearenak batez ere, baina errematea lurpeko onddoen akaberatik datorkio.

Europan kutsadura mugak oso lasaiak dira eta ondorioak orain ikusten ari gara. 10 urtetan, 20 estatutan, 137 tokitan hartutako 13.000 laginetako 40.000 sustrai ikertu dira eta orain dakigu emaitza. Kutsadura mugak estutzen ditugu edo gure zuhaitzenak egin du. Gureak egin du.