Joan zaizkigu Gabonak, baina oraindik buruan ditugu turroiak eta familia eta lagunekin pasatako une dibertigarriak. Egun hauetan disfrutatutako kontzertu batzuen oroimenak ere bueltaka ditugu gure pentsamenduetan. Horietako bat, zalantzarik gabe, Kursaal Eszena zikloan eskainitako Gabonetako Oratorioa.
Obra ederra da, tarte guztietan begi bistan dago Bachen konposatzeko maisutasuna. Sei kantatak osatzen dute Oratorioa, haietako bakoitza Eguberritako jai liturgiko banatarako. Aldi honetan lau entzun genituen: lehen hiruek Gabonetako lehen hiru egunekin bat egiten dute, eta seigarrenak Epifaniaren gaia jorratzen du.
Esan bezala, obra zirraragarria eta aldi berean samurra da. Halere, Oratorio hau ez zen bereziki aintzat hartua izan orain dela gutxi arte, beharbada ulertu ez zelako Bachen prozedura, parodia izenekoa. Honek esan nahi du aurretiaz idatzitako obretako gaiak erabiliz josi egin zuela Bachek oratorioa. Nahiz eta mix izaera hori eduki obra honek, ezin da ukatu haren edertasuna.
Kursaal Eszenak ekarritako bertsioa mundiala izan zen. Talde bikain pare bat izan genituen taula gainean. Alde batetik garaiko instrumentuak erabiltzen dituen Le Concert Lorrain taldea, eta bestetik, Desdner Kammerchor abesbatza. Biak, akatsgabeak. Andrew Parrott zuzendariak jakin izan zuen taldearen soinu berezi hori biribiltzen eta normala den aintzinako soinu-tresnen garraztasuna leuntzen, maisuki. Abesbatza, Robert Schad-en zuzendaritzapean, oso homogeneoa azaldu zen soka guztietan eta ederki aritu zen uneoro.
Lau bakarlariak oso konbentzigarriak izan ziren. James Gilchrist tenoreak primeran egin zuen Ebanjelistaren papera, oso adierazkorra errezitatibo guztietan. Ahots argitsu eta boteretsua luzitu zuen. Peter Harvey baxuak emisio fin eta doia azaldu zuen, batez ere duoetan. Martha McLorinan kontraltoa agian ilundua geratu zen, batez ere Joanne Lunn sopranoaren ondoan, hain zirraragarri eta bizia izan zen honen kantua, benetan bikaina.
Kontzertu fresko eta perfektua suertatu zen, eta publikoak txalokada beroekin erantzun zuen.