1967ko apirilaren 19an Bostongo maratoian korrika egin zuen Kathrine Switzerrek (1947), ofizialki maratoi batean parte hartu zuen lehen emakumea bilakatuz. Lasterketako arautegian eta izen-emate orrian generoari buruzko zehaztapenik egiten ez zenez, “K.V. Switzer” bezala eman zuen izena. Genero markarik gabeko izen laburdura horrekin, bakarrik gizonezkoen parte-hartzea ahalbidetzen zuen idatzi gabeko araua urratu eta maratoian korrika egiteko onartua izatea lortu zuen. Ordutik kirolean emakumeen presentzia indartzeko lanean aritu izan da, eta egun emakumeak korrikaren bitartez ahalduntzen dihardu 261 Fearless elkartearen bidez.
Korrikak toki garrantzitsua du zure bizitzan. Nondik datorkizu afizioa?
Hamabi urte nituela, parte-hartzaile izan behar nuela esan zidan aitak, ez ikusle. Nik hockey taldean sartu nahi nuenez, etxeko lorategia neurtu genuen eta egunero zazpi itzuli ematen nizkion, kilometro bat guztira. Entrenatu egin nuen, eguneroko kilometro horretan kontzentratzen nintzen hockey taldean sartu ahal izateko. Egia esan ez nekien ezer hockeyaz, nirea korrika egitea zen.
Aitzitik, indarrez defendatu behar izan zenuen emakume izateak ez zintuela korrika egiteko ezgai bilakatzen.
Gizonezkoak nire amarengana hurbiltzen ziren, bere alabari zer gertatzen zitzaion eta zergatik korrika egiten zuen galdezka. Askori arraroa eta berezia iruditzen zitzaien. Iraupen-lasterketetan eta distantzia luzekoetan serioski korrika hasi nintzenean, egiten nuena onartzeko errezeloak azaldu zituzten emakume batzuek, emakumeak ziren nirekin sartzen zirenak. Hasieran nik berauez paso egiten nuen, baina gero ohartu nintzen gertatzen zenaz: “Ez dute parte hartzen beldur direlako”. Eta nik jarrera hori aldatu nahi nuen, bai bainekien korrika egitearen sentimendua miragarria dela, autonomo eta boteretsu sentiarazten zaituela. Sentimenduok emakumeekin partekatu nahi nituen.
Bostongo lehen maratoi hartan korrika egin zenuenean tradizioarekin hautsi zenuen. Imajinatzen dut jarrera askotarikoak eragin zenituela jendearengan.
Mito asko zeuden emakumeei eta kirolari buruz: “Gizon bilakatuko zara”, “bularraldean ilea aterako zaizu” edo “uteroa eroriko zaizu, inoiz ez duzu haurrik izango” bezalako usteak zeuden, eta horrek emakumeak beldurtzen zituen. Mezuok tontakeria iruditzen zitzaizkidan niri, 42 kilometro korrika egiteko ideia niretzat erronka baitzen, ez ezintasun bat. Mito guzti horietaz eta emakumeengan zuten eraginaz ohartu nintzenean, oso desengainaturik sentitu nintzen, eta emakumeei gauza asko egiteko gai izatearen konbentzimendua helarazi nahi izan nien.
Gizonezkoei beldurra ematen zien korrikak beraien emazteei nolabait eragin ahal izateak, eta horrek mesfidati bilakatzen zituen. Alabaina, ni korrika hasi nintzenean gizonek ideia ona zela pentsatu zuten, gustuko zuten ni korrika ikustea. Baina gauzak aldatzeak denbora dezente eraman zuen.
“42 kilometro korrika egiteko ideia niretzat erronka baitzen, ez ezintasun bat”
Tradizioaren atzean dagoen ideologia desmuntatzeak eramaten duen denbora, akaso?
Bai, ideologia hori puskatu behar zen. Inork egiten ez badu, jendeak “ezin da egin” esaten baitizu. Horregatik, “egin egingo dut” esan nuen nik. Ondorioak pairatu nituen: Bostoneko maratoiko zuzendariak lasterketatik kanporatu nahi izan ninduen, eta ostean federaziotik kanporatu ninduten, ez zidaten ezertan parte hartzen utzi. Nik korrika egiten jarraitu nuen ordea, eta beste lasterketa batzuetan parte hartzera gonbidatu ninduten. Uste dut ni zenbat eta gehiagotan korrika ikusi, orduan eta emakume gehiago animatu zirela korrika egitera.
Bostongo maratoitik kanporatua izatear zinela, bikotekideak eta entrenatzaileak laguntza eskaini zizuten lasterketa amaitu zenezan. Nola sentiarazi zintuen keinu hark?
Nik ez nuen nahi nire bikotekidea lasterketara etortzerik. “Zuk ez zenuke lasterketara etorri behar korrikalaria ez zarelako” esan nion, eta “zuk egin ahal baduzu, neuk ere bai” erantzun zidan berak. Oso harroputza zen. Atleta ona bai, baina ez korrikalari ona. Kanporatu nahi izan ninduen lasterketako zuzendaria jo zuenean asko haserretu nintzen berarekin, nik ez baitut jendea kolpatzen, ez bainaiz biolentoa. Baina gizon honek kolpe egiten zidan, dortsala kendu nahi zidan. Egia esan, nire bikoteak lagundu egin ninduen. Beraz, esan dezakegun gizonezko batek eraso egin zidala, eta beste gizonezko batek salbatu ninduela. Baina momentu horretan neu ere aktibo bilakatu nintzen, nire erabakia izan baitzen lasterketa amaitzea, erabakiaren gaineko erantzukizuna neure gain hartuz. Entrenatzaileak ere asko lagundu ninduen lasterketa guztian, nigan sinesten baitzuen, ikaragarri entrenatu nuelako.
Zuzendariarekin tirabira gertatu zen momentuan beldurra sentitu zenuela irakurri dizut. Sentimendu hori zure helburua lortzeko indarrean bilakatzeko gai izan zinen ordea.
Zeharo beldurtu nintzen erasoa jasan nuenean. Ez nekien zer egin nuen gaizki. Lasterketa izorratu nuela pentsatu nuen, baina banekien amaierara heldu ezean jendeak ez zuela sinetsiko emakumeak maratoian parte hartzeko gai zirenik. “Emakumezkoak gauza hauek egiten ahalegintzen diren arren, ez dira gai halakorik egiteko” esango zuten, beraz erakutsi beharra neukan lasterketa amaitzeko gai nintzela.
“Banekien amaierara heldu ezean jendeak ez zuela sinetsiko emakumeak maratoian parte hartzeko gai zirenik”
Korrika jarraitu nuen, indarra biltzen joan eta amorrua galtzeraino. Zuzendaria ezjakin hutsa zen, barkatu egin nion eta korrika jarraitu, “konbentzituko zaitut gero” pentsatuz. Emakumeenganako amorrua ere sentitu nuen, “zergatik ez daude emakume gehiago nirekin?” galdetzen nion neure buruari. Konturatu nintzen korrika egiteko aukera izan balute han egongo liratekeela, eta korrika egitearen aukera emakume gehiagori luzatu behar niela ondorioztatu nuen. Momentu hartan maratoia ibilbide profesional bilakatu zitzaidan, bizitzako plana.
Emakumeek gizonezkoen kiroletan tokia izan behar dutela defendatu duzu, baina ere berean soilik emakumeentzako lasterketen beharra ikusten duzu. Egongo da ideia bateraezinak direla dioenik.
Soilik emakumeentzako diren lasterketak antolatu izan ditudanean gizon askok ondokoa esan izan didate: “Zuk apurtu zenuen generoaren traba, zer dela eta antolatzen dituzu orain soilik emakumeentzako lasterketak?”. Nik hainbat arrazoi ezberdinak daudela erantzuten diet. Lehenik eta behin, emakumeei beldurra eragiten ez dien inguru batean parte-hartzea ahalbidetzen die. Bestetik, emakumeek estrategia bat garatzeko gai direla ikasi behar dute, beraien erritmoaren erantzukizunaren kargu egin, eta hori barneratzeko aukera bakarra emakumeentzako lasterketak dira nire ustez. Emakumeek eta gizonek batera korrika egitea gauza ederra da, baina batzuetan geure espazio propioa behar dugu.
“Emakumeek eta gizonek batera korrika egitea gauza ederra da, baina batzuetan geure espazio propioa behar dugu”
Ia denok 1967ko argazki historikoaz irudikatzen zaitugu, naiz eta mende erdi igaro den eta korrika jarraitzen duzun. Generoarena gutxi ez, eta adinaren muga ere apurtzen ari zara?
Geroz eta gehiago publikatzen dituzte nire gaur egungo argazkiak, eta hori interesgarria da. “Ahulegia zara, hauskorregia, ezin duzu hori egin, jarri zaitez, egon lasai, bihotzekoak eman ahal dizu”, esaten zaie pertsona nagusiei. Jende askok adinekoei buruz hitz egiten duenean, orain 50 urte emakumeez hitz egiten zen ere berean egiten du.
Zer eman dizu Bostongo maratoi hura bukatuaz geroztik gaur arteko bideak?
Askoz harroago nago 50 urteren ostean korrika egiten jarraitzeaz, lehenengo maratoi hartaz baino. Bostongo maratoia lehen aldiz egin eta 50 urtera ostera egiten duen lehen emakumea naiz. Ez da ni jeniala naizenaren adierazgarri bat, orain mende erdi korrika egiten zuten oso emakume gutxi zeudela esatera datorren datua baizik. Uste dut iraultza sozial bat sortzen lagundu dugula, gaur egun milioika emakumek egiten baitute korrika, beraien autoestimua, konfiantza eta osasuna indartuz. Hori da datozen belaunaldiei helarazi behar diegun mezua, hori da mundua aldatuko duena.
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da.
Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]
Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]
Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.
Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.
Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko... [+]
Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.
Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]
MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]