Mugalarien Artea

  • Erroldak dio 750 lagun bizi direla Bizkaiko Artean, Arratiako paisaia berdez eta erro zaharreko baserri eta dorretxez inguratua. Plaza txikia bezain bizia du. Txoko batean, Mauriziaren irudiaren aurrean, kontu kontari ari dira herriko zaharrenak. Alboko dendan, Xsaqarik diotso arropa konpontzen diharduen emakumeak nebari. Aurrean dute haur aljeriarra, lagun georgiarra txirristatik noiz jaitsiko. Eta tabernan, kide amazigak egindako ogia pasa dio zerbitzari perutarrak sukaldari mexikarrari, goiko pisuan bazkaltzeko zain diren lagun palestinar, pakistandar, kolonbiar, gambiar, euskaldun, maliar, marokoar eta somaliarrentzat. Eguerdi arrunt bat Artea Herriko Bentan. Europan parekorik ez duen bizi-proiektuan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Lortu dugu muga gainditzea. Emakume nigeriar bat eta seme autista datoz gurekin, Mediterraneoa pateran igaro berri duten beste hainbat lagunekin batera. Astero errepikatzen dugu horrelako bidaiaren bat, beste sare solidario askok egiten duten gisan, garai bateko mugalarien antzera”. Artea Sareko lagunek azken urteotan bizi izan duten dozenaka esperientzietako bat da. Munduan barrena aske mugitzea eskubidea dela argi izateaz gain, praktikara eramaten dute. “Sistema desobeditzen dugu, giza eskubideen obedientzia praktikatzeko”. Ezaguna zaigu esana, baina Arteako berezitasuna da adierazteaz gain, egin egiten dutela. “Astero eramaten dugu jendea nahi duen lekura eta hemen geratzea erabakitzen dutenei paperak lortzen laguntzen diegu, baita bizitza duina garatze aldera, lana bilatzeko tresnak eman ere. Aldarrikatu gabe, egin egiten dugu, eta kitto”. Mikel Zuluaga mintzo da, proiektu honen sortzaileetako bat. “Krisi globalaren aurretik jendea ekartzen genuen, baina Ongi Etorri Errefuxiatuak ekimena sortzeak gure gaitasuna eta ahalmena zabaldu zituen”.

2016an Arteako Udalak lehiaketa zabaldu zuen herriko plazako eraikin bat biziberritzeko. Haiena aurkeztu eta irabazi zuten esleipena, eta herritar eta solidario askoren izerdiaz, eraikina egokitu zuten beharra duten pertsonei leku seguru eta erosoa eskaintzeko. Artea Herriko Benta du izena. Dozenaka migratzailerentzat aterpea eskaintzeaz gain, proiektua autogestionatzeko eta handik pasatzen direnei aterabide laborala eskaintzeko gunea ere bada; taberna, jatetxea, ostatu, bertako produktuen saltokia eta arropa konpontzeko tailerraren bitartez. Horrez gain, inguruan badute ogi eta gozogintza lantegi bat.

Bentaren alboko etxea –hemen bizitzea erabaki dutenentzat bideratua– eta herriko beste eraikin bat –beste norabait noiz mugituko zain daudenentzat erabilia– alokatuta dituzte. Arteatik kanpoko hainbat espaziorekin ere harreman zuzena dute: batzuk alokairuan, jabek borondatez partekatutakoak beste batzuk eta gainerakoak okupatu dituzte. Bilboko zenbait auzotan, Zierbenan, Gernikan, Arrigorriagan edo Zornotzan daude horrelakoak. Ez dute gehiago hazi nahi, deszentralizazioaren bidetik jo dute, antzeko esperientzia gehiago sortzen ari direlako. “Bankuek ehunka etxebizitza hutsik eduki eta pertsonak kalean lotan dauden bitartean, okupatzea legez kanpokoa izango da, baina guztiz bidezkoa”, dio Olatz Talabera abokatu urruñarrak, Zornotzan egoera prekarioan dauden pertsona migratzaileentzako espazio bat atontzen ari den sareko kidea. Arteako esperientzia ezagutu ostean, ekin zioten 15 urtez banku batek abandonatutako eraikin bat okupatu eta auzolanean egokitzeari (margotu, altzariak lortu, zorua berritu, sukaldea eta komunak jarri…).

Mikel Zuluaga Bentako jantokian. Desobedientzia zibilaren ekintzailea. 2016ko abenduan, Begoña Huarte iruindarrarekin batera, atxilotu zuten Grezian, oso egoera prekarioan ziren zortzi errefuxiatu furgoneta batean Euskal Herrira ekartzen saiatzen ari zirenean. Bera eta Malu Egiluz EHNEko kidea dira Artea Herriko Bentako zutabeetako bi. Argazkia: Dani Blanco

Artean 70-80 lagun migratzaile inguru bizi dira egun. Erdia baino gehiago emakumeak dira, eta herena umeak –20 inguru–. Hamabost bat herritakoak dira, norbera bere hizkuntza, sinesmen eta ohituren motxilarekin etorria. Nondik datozen baino, orainak batzen ditu. Batzuk ikasten ari dira, beste batzuk lanean, eta gehiengoa zain dago, bere ibilbidearen hurrengo geltokirantz noiz abiatuko. Beraz, azken bi urte eta erdian ezin konta ahala lagun bazterkeriatik erreskatatu, lagundu eta “biziberritu” dituzte. Hitz hori darabil Yolanda Oquelí guatemalarra. “Giza eskubideen babesle bat, migratzaile bat edo bortxaz sorterria utzi behar izan duen pertsona bat, parez pare, hierarkiarik gabe, biltzen dituen proiektu hau aurkitu izana, harrigarria egin zitzaidan. Jatorria, iragana, hizkuntza edo azalaren koloreagatik epaitua izan gabe. Guri berriz bizitzeko aukera eman digu, gure herrian ez ginelako bizi, etengabeko jazarpena zen. Nire semeak hazten ikusteak ez du preziorik, Guatemalan tentsioak ez baitzien hazten uzten, ezin ziren ezta ikastera joan ere, nire semeak izateagatik jasan zituzten bahiketa saiakerak direla eta. Mikelek dio elkartasuna hitz txikia dela, baina bere osotasunean geure egiten badugu, ondorioak erraldoiak dira”.

Oquelíren antzera profil politikoagoa dute kide batzuek, beste batzuek bizilekua utzi dute arrazoi ekonomikoengatik, genero jazarpenagatik, desafekzioagatik… “Den-denak dira zilegiak”, dio Malu Egiluzek Zeanuriko baserritar ekintzaile nekaezina eta proiektuaren zutabeetako bat.

Mohamed alaba txikienarekin. Fatima eta Mohamed amazigak dira eta bost seme-alabekin heldu ziren Arteara, Almeriako “plastikozko itsasoan” hainbat urtez lan egin ostean. 2017ko martxoan, SAT sindikatuarekin batera, negutegietako lan baldintzak hobetzearen aldeko gatazka batean, haren semeetako bati aurpegia latigoz zartatu zioten. Gurasoek ahotsa altxatu izanaren zigor gisara. Egun jatetxeko sukaldarietako bat da Mohamed. Artean borrokan darraite, baina oraingoan paperak lortzeko burokrazia dute arerio. Argazkia: Dani Blanco.

Elkarren arteko zaintza
Egongela, garbigailua, kafe-makina, hozkailuak, janari biltegia… dena irekia, guztiona eta giltzarraporik gabe. Berriz bidera ateratzeko zain daudenek gela, gosaria, bazkaria eta afaria dituzte bermatuta, baita seme-alabentzako eskola klaseak ere. Euskal Herrian geratzea erabaki dutenek etxebizitzan sukaldea ere badute, eta lana ez dutenek bertako produktuen saski bat jasotzen dute astero. Azken hauen kasuan, “garrantzitsuena da inoren menpe ez izateko eta duintasunez bizitzeko tresnak eskaintzea, hau da, bere kontu lan egiteko edo lanbide bat ikasteko aukera eskaintzen saiatzen gara, baita haien egoera erregularizatzen ere, lanerako eta bizileku baimenak lortzen gehien bat”, azpimarratu du Egiluzek.

Askotarikoa eta aldakorra den giza-taldea osatu dute. Askok hamaika bizipen traumatiko pasa dute. Nola lortu dituzte kontrol hierarkikorik gabeko espazioak eta errespetuzko giroak?

“Hona datorren orori aurrena hauxe esaten diogu: motxilan dakartzazun kontu negatiboak laga kanpoan eta soilik positiboekin sartu barrura”, dio Zuluagak. Konfiantzazko giroa sortzeari garrantzi handia eman diote hasieratik. Elkarren arteko zaintza lehen lerroan izatea haientzat politika egitea dela azpimarratzen dute. Zuluagaren ustez, gakoa da egunerokoan denok maila berean aritzea. “Hierarkiarik ez, baina boterea egon badago, gu boteredun gisa ikusten gaituztelako. Zergatik? Migratzailea erakunde publiko batera joanez gero, ez diote kasu zipitzik egingo, baina ezberdina da ni, bertako gizon zuri bat, baldin banoa. Hor agertzen da boterearen figura. Gure zeregina da botere hori gainetik kentzea. Eta hori egunerokotasunean baino ez da lortzen. Ikusten zaituztenean harrikoa egiten, komuna garbitzen… Botere-ezatik lan egitea da.”

Eta horretarako, ez diote garrantzirik ematen beren burua etengabe antolatzeko indarrak xahutzeari. Ez dute asanblada askorik egiten, gai zehatzak jorratzeko beharra dagoenean soilik. “Ez dugu beste antolakunde edo organigramarik sortu nahi, baizik eta indarrak konfiantza giroak lantzeari eta elkar hartzeari eskaini. Jakina, arazoak sortzen dira, baina auzokide edo lankide artean gertatzen direnen modukoak, eguneroko bizitzari lotutakoak: norbait kexu da beste norbait komunetik galtzontzillotan ateratzen delako, urliak sandiak baino gutxiago garbitzen duelako… eta horrelakoak”.

Fatima alabarekin eta Yolanda Oquelí. Oquelí 2012an bizkarrean tiro egin zioten aire zabaleko urre-meategi baten aurkako protesta batetik bueltan zela. Natura eta lurraren alde publikoki aritu izanaren ondorioek behartu zuten Guatemala uztera, garai batetik aurrera berak eta familiak ezkutuan bizi behar zuten eta. Egun euskara ikasten ari da semeekin batera Artean. Laster bere laugarren seme-alaba jaioko da. Argazkia: Dani Blanco.

Zero matxismo, zero arrazakeria
Komunitate guztietan beti daude lotailu funtzioa betetzen duten elementuak: erlijioa, kultura, ideologia… Arteakoa entsegu soziala dela diote, kideen lur-zoru komuna oso bestelakoa delako. “Adibidez, ni ez naiz sinestuna, baina ulertzen dut norbait izatea. Beraz, gure lur komuna laikoa izatea da, denok ulertzen dugulako ez dugula zertan bestea aldarazi behar, adibidez, musulman edo agnostiko izateari utz diezaiogun; normaltasunetik espazioa sortzea da ideia”, dio Zuluagak.

Baina badira bi gai, bi “egiturazko arazo”, zeinetan kolektiboak esku hartzerik duen: arrazakeria eta matxismoa. “Gureak ez diren erregistroekin dator lagun asko, badakigu zeinen sartua dagoen matxismoaren arra mundu osoan, gugandik hasita. Eta, elkarren arteko errespetua bermatzeko, landu beharra dugu matxismoa. Baita arrazakeria ere, baina beste maila batean, eta gehien bat klase-arrazakeria”.

Laguntza eta salaketa, elkar harturik
Gobernuek mantendutako Gobernuz Kanpoko Erakundeak, jana eta ohea ematen dituzten gune publikoak, askotariko elizkoien karitatea… Migrazioaren gaiak erro politiko sakona eta agerikoa badu ere, asistentzialismo akritikoarekin lotuta agertzen da sarri. Artean ez dute laguntza ulertzen arazoa sortzen duenari salaketa eta kritika politikoa egin gabe. “Jende asko gupidagatik hurbiltzen da, baina kontua da ea nola egiten dugun pertsona horiek ere salaketara batu daitezen. Ez daitezen bakarrik arropatxoak ekartzera etorri, baizik eta uler dezaten hau gertatzearen zergatia. Herri gisa prestatu behar dugu gure burua epe luzeko elkartasunerako. Pertsonak hona helduko direlako, bai ala bai. Beraz, hobe dugu hori adeitasunez eta nahitasunez egitea, elkartasunez, ikuspegi internazionalista batetik”.

Antolatu duten “eskola alternatiboa” ikuspegi horren adibide praktikoa izan liteke. Adibidez, pasaportea ez dutenek eta beste norabait joateko zain daudenek ezin dituzte alaba-semeak eskola publikoan sartu. Beraz, “Estatuak, instituzio publikoek, ez diotenez errealitate horri erantzunik ematen, guk, gizarte mugimenduok, hutsune hori bete dugu”. Kultur Etxeko gela bat eskola bihurtu dute. Egunero hiru orduko saioak egiten dituzte, bina hezitzaile eta gurasorekin. Heziketa formala baino, umeei eremu seguru, atsegin eta jostagarri bat eskaintzea da asmoa. Egun, hainbat jatorritako hogei bat haurrek osatzen dute Babelgo dorre txiki hori.

Marta Chuk eta Abigail alaba. Guatemalako Kitxe herriko ekintzailea zen. Brodatzeko tailerren bitartez, emakume baserritarrak ahalduntzen zituen biolentzia matxisten aurka. 2016an, aitaren heriotzak, bikotekidearekiko harreman txarrak, familiako zorrek eta lana galdu izanak migratzera eraman zuten. Hainbat bueltaren ostean, Bilbora heldu zen. Arteako sare solidarioak erreskatatu zituen pisu batetik bera eta Abigail alaba txikia; gela ñimiño baten eta errolda paperen truke 600 euro ordainarazten zizkioten. Egun, Arratiako Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak lagunduta, ekonomia sozialeko arropa tailer bat kudeatzen du Arteako Bentaren alboko etxabean. Argazkia: Dani Blanco.

Herritarren harrera
“Lehen Bartzelonan izan ginen eta dena ezberdina zen. Hemen nik eta semeek ez dugu arbuio edo arrazakeriarik sumatu. Agian kontu hutsala irudituko zaizue, baina bada jendea etxeko atea jo eta etorri zaiguna esatera, ‘Yolanda, begira, zerbait behar baduzu, hemen alboan nago’. Gu zein ginen ia jakin gabe, heldu berriak ginelako besterik ez… Gurekin bizi den Boli Kostako emakumea ere harrituta dago auzoan eta plazan inork inoiz ez diolako begirada ukatu”. Oqueliren bizipenak ondo laburtzen du Artean gailendu den errespetuzko giroa. Marta Chuk kitxea ere oso eskertuta dago herritarren harrerarekin. “Herrian aurriritzirik gabe jaso gaituzte. Nolakoak garen ezagutu gaituzte, atzean dugun historian geratu gabe. Plazako nire dendatxoan herriko ume saldoa elkartzen da eskolatik bueltan, eta guraso bakar batek ere ez du sekula esan “ez joan hara, jende ezberdina da”. Guztiz bestelakoa, lagundu izan naute”.

Zuluagak segituan ohartarazi du lotan dagoen xenofobia herri orotan eta gu guztiongan bizi dela, eta horregatik elkarren arteko errespetua etengabe landu behar dela, erraz apurtu daitekeen zerbait baita. “Garai hauek, tamalez, ez dira egokienak. Europa osoan faxismoaren alde egiten du haize”, gehitu du Egiluzek. “Faxismoa ondo eraikita daukate. ‘Bertakoak lehenik’ esaldia boteretsua bezain latza da. Baina ez da gauza bera ‘Zer egiten du beltz horrek sukaldean!’ pentsatzea ala erreparorik gabe adieraztea”. Proiektuak inguruan lortu duen zilegitasunak eta metatu duen indarrak eragina dute gai honetan. “Agian denok ez gaituzte ondo begiratuko, baina ziur naiz horiek ere, guregana gaizki esaka etortzeko pausua ez dutela emango”, dio Oquelík.

Denek azpimarratzen dute esan eta egitearen arteko lotura ezinbestekoa izan dela proiektuak arrakasta izateko. Oquelík hitzak jarri dizkio ideia horri. “Mikelek ezingo luke errespetua aldarrikatu, berak ez balu egunerokoan praktikatuko. Arteako proiektua bultzatu duen bertako jendea eredu izan da, diotena praktikara eramaten dute eta horrek eragin handia izan du gainerakoongan. Arteako jendea eredugarria da eta Arteako proiektua Europa osoarentzat da eredu”.

Herrien besarkada ekimena antolatu dute maiatzaren 5erako Europako migrazio planaren eta neofaxismoaren aurka. Artean jaiotako ideia nazioartera zabaldu da eta ekimenak oihartzuna izango du Madrilen, Andaluzian, Herrialde Katalanetan, Grezian, Frantziako Estatuan eta Italian, batzuk aipatzearren. Maiatzaren 5ean eguerdiko 12:00etan Irungo mugan elkartu eta ekimen bateratua egingo dute, Europako Parlamentuko hauteskundeen atariko. Argazkia: ekimenaren aurkezpena Artean, Ecuador Etxea da egilea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


2024-09-04 | Reyes Ilintxeta
Isa Egiguren
“Libiako kostazainen eta mafiakoen artean ez dago alde handirik”

Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]


Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude