Jon Basagurenek ahots propioa dauka eta hori ezin da ezbaian jarri: ahots tonalitate malenkoniatsu bezain sinesgarria, melodia borobilak egiteko gaitasuna, euskaraz zein ingelesez abesteko dikzio dotorea, eta abestiak janzteko gustu oso ona.
Neil Youngen kantuak zuzenean bakarka plazaratzen ezagutu nuen Basaguren; eta zinez gustura egiten zuela transmititu zuen. Garai parekoan bere kantuak taldean musikatzeko sortutako Izaki Gardenak-en lehen diskoa eskuratu nuen eta sorpresa ederra hartu han aurkitutako melodia eta kanta borobilekin. Harrapatu ninduen! Disko hark buelta ugari eman zituen autoan egindako joan-etorrietan.
Handik gutxira, bigarren diskoa gogoz eskuratu nuen baina –aitortu behar dut– une hartan hotz utzi ninduen. Ez nuen sentsazio bera izan, eta nonbait gorde nuen lana –gaur da eguna berreskuratu nahi dudana–. Agian ez zen momentua; baina diskoak eta kantak hor daude; gerora ere berreskuratu eta entzuteko, ezta?
Orain, taldearen itzulera honetan Dena oskol lan berria asko disfrutatzen ari naiz. Paradoxikoki lana zabaltzen duen Haiek gu-n Neil Youngen arimak egin dit harrera eta hainbestetan ahotan dagoen americana zeharkatuta pop psikodelikoan murgildu nau, sakona eta barnerakoia, ia mantra, oso gustukoa. Dena oskol-ek gorputz sendoagoa dauka: a ze banda soinua, energiadun pop-rocka, dotorea. Burdin jantzia-k, berriz, intro intrigazkoagoa dauka (Cave itzalean) eta oinarri errepikakor eta gitarra gardenekin TSOOLen giroak erdiesteko gai da. Ekaitzen arrazoien bila gorputz rockeroagoa duen poesia da, hazten dena. Etorkizuna garaje-sixties kutsu nabaria daukan pop-a. Zutzean poparen gardentasunez eta psikodeliaz blai eginda dago. Azalak ezin hartu pop gardena da, artifiziorik gabekoa. Eta Irten piezak Izaki Gardenak-en patroi edo marka dauka, ezkutaezina.
Boskote honek folk-pop edo americana egiten dutela diote askok, nik ordea pop-rock orkestra hurbilago ikusten dut, abestiak eraikitzerakoan sortzen dituzten ñabardurengatik, janzkerengatik eta musikari eskarmentudun (Same Old, Sorkun, Ortophonk, Tom Tom Makuts…) hauek lortzen duten emaitza trinkoagatik.