argia.eus
INPRIMATU
Gora bihotzak!
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko abenduaren 11
"Modus Operandi". Modus Operandi. Baga Biga, 2018

Kanta batean dioten bezala, “gora gure bihotzak”. Izan ere, Vendetta eta Betagarri taldeen eta ska-rock doinu aldarrikatzaileen eta borrokalarien zaleak pozik egongo dira, Modus Operandi talde berria martxan baitago eta bere lehen diskoa kalean.

Ska estiloa da beren kanten ardatz nagusia, eta rap-metal, rock melodiko, hardcore melodiko, ragga eta erritmo balkanikoen ukituak ere suma daitezke, eta aire latinoak ere bai, zenbait kantatan. Lan ona egin dute. Soinu indartsua gauzatu dute, kantak ozen entzuten dira, eta gainera taldekideak bizitasun handiarekin aritzen dira. Egurrean, adore handiarekin. Kantak ez dira luzeak eta disko osoa berehala entzuten da, kanta bat bestearen atzetik, arnasa hartzeko astirik ere izan gabe.

Kanten bidez, askatasuna, burujabetza, berdintasuna, begirunea, memoria historikoa eta justizia aldarrikatzen dituzte. Kritika eta salaketa egiten dute bidegabekerien kontra, baina modu positiboan, alaitasuna eta bizipoza transmitituz. Hau da, helburuak eta ametsak lortzeko borrokatu egin behar dela, lan egin behar dela, baina gogo-aldarte onarekin hobeto, eta itxaropena galdu gabe.  

Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariak jarri du abian Modus Operandi. Kanten doinuak eta hitzak berak sortu ditu, Onintza Enbeitak eta Agnes Todak idatzi dituzten hitz batzuk izan ezik.

Betagarri taldea iaz gelditu zen, baina Iñakik musika munduan jarraitzeko gogoa zuen, eta bere kanta berri batzuk prestatzen hasi zen Lauroba taldeko Andoni Garcia Matxain gitarra jotzailearekin. Vendetta taldeko Enrikko Rubiños Rezolak (bateria) eta Ruben Antonek (tronpeta) bat egin zuten beren proiektuarekin, eta udazkenerako Modus Operandi taldea osatuta zeukaten jadanik Izaroren taldeko Julen Barandi baxu jotzailearekin eta The Hot Wok taldeko Gonzalo Fernandez de Larrinoa tronboi jotzailearekin. Gonzalok diskoa grabatu eta taldea utzi du, eta Diego Martinezek jotzen du orain tronboia.

Taldea gogotsu hasi da, hilabete gutxian kanta sorta polit bat sortu eta biribildu dute, disko bat grabatu, eta jendaurreko emanaldiak egiten hasi baitira. Diskoan bezala, orain arteko saioetan argi eta garbi ikusi da taldekideek duten jotzeko gogoa, haien grina eta kemena.