San Saturnino egunean albiste mikatz bat: “Celes Alvarez, Naparra-ren ama, hil da”.
2017ko apirilaren 4an, bi urteko prozesu bati amaiera emanez, Frantziako agintariek erabaki zuten Brocas eta Labrit herrien artean indusketa bat egitea, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua han egon zitekeelakoan. Orduan Celes Alvarezek 88 urte zituen, eta adin horri dagozkion matxurak edukita ere, tente eta duin segitzen zuen semearen gorpuaren hondarrak etxeratzeko enpeinuan; izan ere, 38 urte zeramatzan ahalegin horretan.
Familiak eta familiaren abokatuek eta aholkulariek 2015. urte amaieratik zekiten toki horren berri, Hego Amerikan bizi den konfidente baten lekukotasuna medio. Notizia jaso eta bi urtera, Frantziako agintariek pauso hori emateko egin behar zituzten ikerketa guztiak egin eta gero, indusketa egiteko eguna jarri zuten.
Familiaren eta aholkularien ustez, konfidenteak emandako datuei egoki zitzaizkien bi toki zeuden. Frantziako agintariek, ordea, toki horietako bat alde batera utzi zuten, 80. urteko aireko argazki batzuen aitzakian. Beraz, frantziarrek esandako puntuan, puntu bakarrean, zulatu zuten: ez zen ezer agertu.
Hilabete luzez itxaron behar izan zen hurrengo urratsa egiteko. Izan ere, Frantziako agintarien txostenaren zain geratu zen familia. Zortzi edo bederatzi hilabete luze pasatu ziren txosten famatua iritsi zen arte.
Txostena ikusirik, abokatuek harriduraz ikusi zuten han ez zegoela aireko argazkirik, ez eta bigarren tokian indusketa ez egitea justifikatzen zuen ezer. Beraz, berriz eskatu zioten Espainiako epaileari erregu-eskaera egin ziezaion Frantziakoari, prozesua berriz ireki eta bigarren puntuan indusketa egiteko.
Bigarren erregu-eskaera hori egin denetik sei-zazpi hilabete joan dira. Frantziako jendarmeek eta epaileek ederki dakite zertan den kontua: badakite induskatu beharreko lurrak norenak diren, azken berrogeita hamar urteetan han izan diren sal-erosketak eta jabetza-aldaketak, lurraren ezaugarriak zein diren… Badakite jakin beharreko guztia, aspaldi; baina…
Bitartean Celesek 89 urte bete zituen, gero eta osasun-egoera delikatuagoa zen berea. “Azkenean joan egingo naiz semea etxera ekarri gabe”, omen zioen.
Celes Alvarez duela hamalau egun zendu da. Justizia deitzen duten horren makinariako pieza guztietatik batek berak ere ez du kontzientzian zimikorik txikienik ere sentituko. “Ardao onena edango dabe Gomez (Dupont) etxian…”. Celes zenaren seme-alabek, familiakoek eta ingurukoek beste jipoi bat, beste sastakada bat jaso dute.
Berriz egin dituzte biktima, hipokrita guztien indiferentziaren erdian.