argia.eus
INPRIMATU
Arrikrutzeko lehoia aurrez aurre
  • Oñati, 1966. Arantzazuko seminarioko bi ikaslek, Iñaki Zubeldia ikaztegietarrak eta Valladolideko Jesús Manuel Marotok, igandeko atsedenaldia aprobetxatu zuten Arrikrutzeko kobetan sartzeko.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko abenduaren 12a
OƱatiko Arrikrutzen aurkitutako leizeetako lehoiaren hezurrak ondo gordeta egon dira orain arte.  Donostiako San Telmo Museoan otsailaren 10 arte ikusteko aukera dago, Europako eskeleto osoena dena. (San Telmo Museoa)

Zubeldiaren hitzetan, “Arrikrutzen edertasunak liluratzen gintuen. Kobazuloan maiz sartu ginen, baina ez genuen ordurarte gure helburua lortu: Aranzadi gelara iristea. Gela izugarria zen eta planoei nahiz liburuei esker genuen haren berri”.

Basilikako kandelekin egindako zuziak eskutan, igande hartan Aranzadi gelara iristea lortu zuten espeleologia zaleek. Baina handik irteteko ahaleginean, galdu egin ziren. Hamabi ordutik gora egon ziren galduta Gesaltza-Arrikrutz sistema karstiko bihurrian –sei maila eta 15 km dauzka–. Bien lasaitasunerako, azkenean irteera topatu zuten eta, arkeologiaren zorionerako, ez ziren esku hutsik irten; lehoi baten hagina eraman zioten Jesus Altuna paleontologoari eta hark aurkikuntza berretsi zuen.

Galduta zebiltzala, Arantzazuko ikasleek leizeetako lehoi baten hezurdura topatu zuten (Panthera leo spelaea), duela 35.000 urte ingurukoa. Handik aurrera, kobazuloko gune horri Lehoiaren Galeria esango zioten. Lehoiak 1,2 metroko altuera zuen sorbaldaraino, 2,2 metro luze zen eta, bizirik, 250 kg-ko pisua izango zuen gutxi gorabehera. Felido izugarria izanik ere, ez zen bere espezieko alerik handiena. Arrikrutzeko beste galeria batean lehoi baten femurra topatu zuten eta, hezurraren arabera, ale horrek 330 kg inguruko pisua izango zuen. Leizeetako lehoia duela 15.000-10.000 urte desagertu zen Eurasiatik –eta, beraz, Arrikrutz inguruetatik– klima berotzearen eta gizakien ehizaren eraginez.

Animalia gehiagoren arrastoak ere topatu izan dituzte Arrikrutzen: errinozeronte iletsua (Coleodonta antiquitatis), leizeetako hiena (Crocuta crocuta spelaea), orein erraldoia (Megaloceros giganteus)…  Leizeetako hartzen (Ursus spelaeus) “hilerri” bat ere badago bertan; zantzu guztien arabera, aztarnategi horretako hartzak batera hil ziren, hibernatzen ari zirela, urak harrapatuta eta itota.

Baina Arrikrutzeko aurkikuntzarik garrantzitsuena lehoiarena da, Iberiar penintsulan aurkitutako lehoi eskeletorik osoena baita, Europako bakanetakoa. Ia bi urte behar izan zituzten eskeletoa piezaz pieza galeriatik ateratzeko, eta, orduz geroztik ondo gordeta dago. 2007tik Arrikrutz zabalik dago bisitarientzat; kobazulo sareko 500 metro ibili daitezke eta lehoiaren erreplika bat ikusteko aukera ere badago. Baina benetako hezurdura ikusteko aukera gutxi daude. Pribilegio hori izango dute Donostiako San Telmo Museora datorren otsailaren 10a bitartean hurbiltzen direnek.