argia.eus
INPRIMATU
Singer eta animaliak
Anuntxi Arana 2018ko abenduaren 04a

Filosofo australiarra da Peter Singer, 72 urtekoa; 1975ean Animalien askapena liburua idatzi eta, kritikak ugari bildu ditu hemen gaindi, batzuk zakarrak.

Esperimentazioan eta hazkuntzan abereekin erabiltzen diren torturak jorratzen ditu Singerrek, eta elikagai begetalen abantaila anitzak azpimarratzen. Kulturetan, erlijioetan edo filosofian izan diren jarrerak ere aztertzen ditu, zoliak zein traketsak. Traketsetan Descartes ahaztezina: sentsibilitaterik gabeko makinatzat jotzen zituen animaliak, makina perfektuak, halere, Jainkoak eginak baitira…

Baina iskanbilak liburuaren lehen kapituluak eragin ditu bereziki. Bentham filosofo utilitarista aipatzen da hor, 1789an ohartarazi baitzuen larruaren kolorea ez bada arrazoia jende bat borreroaren esku uzteko, orobat ez dela arrazoirik izango, bere larruko ileagatik edo zangoen kopuruagatik, izaki sentsible bat sufriarazteko. “Zein da, beraz, horretarako irizpidea?”, galdetzen du Benthamek. Arrazoitzeko eta mintzatzeko gaitasun falta? Ez, ba: haur bat sortu berria baino zentzudunago eta berritsuago dira zaldi eta txakur helduak. Eta hola ez balitz ere, zer? Galdera ez baita: “Arrazoitzen ahal dira?”, baizik eta: “Sufritzen ahal dira?”.

Sufrimendua kantitatez neurtzen da, eta ez sufritzen duenaren sexu, arraza edo espeziearen arabera

Ugaztunen eta hegaztien nerbio sistema gurea bezalakoa da eta, desberdinak izanagatik, denek dugu min fisiko berdintsua, dio Singerrek, nahiz haien min psikikoa txikiagoa izan litekeen; edo handiagoa, nola gerta. Sufrimendua kantitatez neurtzen da, eta ez sufritzen duenaren sexu, arraza edo espeziearen arabera; eta izaki sentsible guztiek ez sufritzeko interesa baitute, moralki justifika-ezina da animalia baten oinazea jende baten oinaze berdina baino gutxiagotzat hartzea. Mina min, guretzat eta haientzat.

Benthamen argudioaren ildoan, Singerrek uste du bizitzeko interes gutxiago duela garuna oso hondatua duen jende batek zein eta animalia osasuntsu batek. Antihumanismo higuingarria! heiagora egiten dute espezistek: “Trisomikoek ximino handiek baino bizitzeko eskubide gutxiago dute!”. Alta, alderantzizkoa da Singerren arrazoibidea: adimen urriko jendeak begirunez tratatzen baditugu, zergatik ez animaliak? Preseski, hauen sufrimendua gutxiesteko zergatia baldin bada ezin dutela hitz egin eta gogoetatu, horrek berak justifika lezake adimen urriko jendeak txarto tratatzea.

Dena den, gaineratzen dute txitxi-zaleek, zer latza mundu beganoa, behi-bildots-txerririk gabe! Latza bainoago urruna, abere hiltegietako ankerkeria ez dela gelditzen ikusita. Klima-eszeptikoek CO2 isurketa murrizteko neurriei erantzungo baliete bezala: “Kontuz gero, e!, glaziazioa etorriko zaigu!”.