argia.eus
INPRIMATU
Hitzez
Castillo Suárez @casti_suarez 2018ko azaroaren 27a

Lehengoan izeba Mari Carmen etorri zitzaidan opari batekin: kristalezko bi tintontzi eder. Amona maisu ibiltaria genuen, eta herriz herri ibiltzen zenez, ez zuen inoiz etxe propiorik izan, eta ez nuen bere ezer. “Zu zarenez etxe honetan idazten bakarra, zuretako izanen dira”, esan zidan, eta nik hunkituta hartu nituen. Baina izeba baten jakinduria beste batenak bakarrik gaindi dezake, eta izeba Purik esan zidan orduan tintontziak ez zirela gure amonarenak, birraitonarenak baizik, epailea baitzen. “Ez zara ohartu gure etxean, leihorik gabeko gela bat dagoela? Hura birraitonaren bulegoa zen”. Etxea Gartxena deitzen den arren, Oteizan Zaragoza etxekoak bezala ezagutzen gaituzte. Kontua da gure aitona hitzekoa omen zela, eta herrikoen dirua hartu eta Zaragozara joan zela uzta biltzeko makina bat erostera eta handik etorri zen makinarekin. Nire aurretik izan zirenen herentzia handia jaso dut. Gauza gutxi ditut haienak, baina sinesmen asko. Badakit nondik heldu zaizkidan hitzekiko nire maitasuna eta hitza betetzen dutenekikoa.