Jaurlaritzak Hezkuntzaren aldeko akordioa, akordioaren oinarriak agiria aurkeztu berri du Legebiltzarrean. Oinarri horietatik abiatuta gura du, legealdi honetan, Hezkuntza Lege berria onartu.
Agiria irakurrita, lehenengo kolpea berehalakoa da: Jaurlaritzak gaztelaniaz pentsatu ditu etorkizuneko hezkuntzaren oinarriak. 2018an, Hezkuntza Sailean, gaztelaniaz lan egin eta, ondoren –halamoduzko– itzulpena argitaratu dute euskaraz ere bai.
Bigarren kolpea hizkuntzei eskainitako atalak ematen du: hain da ahula! Pentsa: Jaurlaritzak diosku 2016-17an 16 urte bitarteko ikasleen %95ek D eta B ereduetan ikasi duela EAEn. Era berean dio 20 urteren buruan gazteen %90 elebiduna izango ei dela, nahiz eta horietako gehienak ondoen gaztelaniaz moldatuko diren. Non dago, orduan, D eta B ereduak bertan behera uzteko premia? Are gehiago, Jaurlaritzak dioskunean emaitzek erakusten dutela, gaur egun “hizkuntzak ez direla ondo ikasten”. Eta arazo hori gainditzeko hainbat neurri proposatzen ditu:
– Irakaskuntza-metodologia aldatzea, ikuspegi komunikatiboa izan dadin ardatza.
– “Ahozkoari behar besteko arreta ipintzea”.
– Ikasgai guztiek izan dezatela komunikazio-gaitasuna lantzeko helburua.
– Premia duten irakasleei laguntza ematea, “C1+ maila eta bereziki ahozkoan abilezia bikaina lortu dezaten”.
– Administrazioak baliabideak ematea hizkuntza-planak eraginkorrak izan daitezen.
– Hizkuntzen planifikazioa bateratua izatea, eta hizkuntza guztietako irakasleek lan-taldean jardutea.
– “Hezkuntza sistemara sartuko diren irakasle berrien profila” zehaztea.
Galdera berez-berez sortzen da: orain artekoa hankaz gora ipini aurretik, zergatik ez dira neurri horiek guztiak orain hartzen? Errazagoa izango da, ba, zuzenean ereduak baztertzera jo beharrean, hobekuntza neurriok berehala aplikatzea ikasle guztien %95 hartzen duten D eta B ereduetan, 3L ez baita, kasurik gehienetan, B eredua baino hobea izango: aldatu euskara eta ingelesa irakasteko metodologiak, eman ahozkoari behar duen garrantzia, hobetu irakasleen euskara-maila (eta egin oposizioetan derrigorrezko euskara-azterketa), eman behar beste baliabide eta zehaztu ikastetxeen hizkuntza proiektuek eremu soziolinguistiko bakoitzean izan beharreko ezaugarri minimoak… egin hori guztia eta ikusi, epe baten buruan, ikasleen euskara-maila hobetzeko balio duen ala ez.
Bestela eginez gero, 3Lra paperean baino ez dauden oinarriekin abiatuz gero, benetako arriskua baitaukagu: hurrengo hamarkadetan hezkuntza-sistemak ahobiziak barik batez ere belarriprestak trebatuko ditu.