Gauerako aterpea ala iraultza?

  • Mundua ez da aldatzen biluzik daudenentzat aterpea bilatuz. Ideia hori poema bihurtu zuen Bertolt Brechtek; poema hura kanta Mikel Laboak. Uste hori partekatzen al du xede iraultzaileak dituen herrigintzak? Bere borroketatik kanpo utzi al dute herri mugimenduek oinarrizko beharren eguneroko asetzea? Zergatik? Oldarraldi neoliberalaren garaiotan, aterpea edo jana bezalakoak borrokatzeari heldu behar al dio herrigintzak? Nola uztartu berehalakotasuna eta zeruertz iraultzaileak? Zer dago ikasteko, zer desikasteko?


2018ko azaroaren 25ean
Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua. Argazkia: Sebastiao Salgado.
Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua. Argazkia: Sebastiao Salgado.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Etxebizitza, jana, arropa: gauerako aterpea biluzik daudenentzat. Horiek borrokatzea ez da egon, azken hamarkadetan, mugimendu herritarren agendan. Ez, behintzat, mundua aldatu nahi duten mugimenduenetan.

Ez al dira herrigintzaren arazoak?

“Buruak pentsatzen du oinek zapaltzen duten tokian”, esan zuen Paulo Freirek. Euskal Herriko herri mugimenduetako kideek, oro har, ez dute zapaltzen jendartearen espazio baztertuenetan. Hamarkadetan, gainera, patriarkatu kapitalistak bere aurpegi onberena erakutsi du gure herrian. 1990eko eta 2000ko hamarraldiek izan dute pobrezia gutxien eta urte horietan garatu dira gehien prestazio publikoak. Aldi berean, logika neoliberalak habia egiten zuen gure barnean. Pobreziak eta bazterketak gero eta gehiago zuten porrot eta erru pertsonaletik, gutxiago jendarte ereduaren ondoriotik. Begirada hori barneratuz gero, pobretuari lotsa nagusituko zaio haserrearen gainetik; lotsa ezkutatu egiten da plazaratu baino gehiago; ezkutatzen denaren aurka borrokatzerik ez dago. 2008ko eraso neoliberalaz geroztik, ordea, errealitate objektibo eta subjektibo horiek eraldatzen ari dira.

Izan dira eta badira errealitate horiek jorratu dituzten praktika eta ekimen herritarrak, noski. Bestelako kontraesanak agertu izan dira orduan: askotan, borrokek ez dute izan kaltetuenen parte hartzerik. Adibide pare bat: etxebizitzen okupazioek gehiago izan dute gazteen hautu politikotik, baztertuen behar gorritik baino; Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren aldeko ekimenetan, protagonista nagusiak prestazio horren beharrik ez duten mugimenduetako kideak izan dira.

Bestalde, ezker erradikalean arlo eta zeregin hauekiko gutxieste ideologikoa ere egon da. Cristina Vega ikertzailearen hitzetan, urte luzez “zaurgarritasuna gogoraraziko zukeen edozerk arreta desbideratzen zuen jarduera iraultzailetik”. Gauerako aterpea bilatzea askotan lotu da jarrera asistentziala eta karitatezkoekin, elizekin eta erakundeekiko menpekotasun handia duten GKEekin. Mundua ez da era horretan aldatzen, hortaz? Edo mundua aldatu nahi ez dutenen eskuetan abandonatu du herrigintzak eraldatzailea izan daitekeen borroka eremu bat? Beharrezkoa al da ipar iraultzaileak eta eguneroko beharren asetzea uztartuko dituzten ideiak, baloreak, praktikak, sentsibilitateak garatzea? Baiezkoan daude erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun hiru lagunak: Janaina Strozake, Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko (MST) kidea; Alex Winfield Gonzalez, Manresako Kapitalismoak eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataformakoa (PAHC); eta Marta Abiega Ayus, Bizkaiko Harrera Sareko (BHS) militantea.

Latinoamerika, aspalditik lanean

Latinoamerikako esperientziak askotarikoak dira eta urrundik datoz, muturreko eredu neoliberalak aspaldi inposatu baitziren han. MSTa kontinente osoko mugimendu erreferentziazkoena da ziurrenik. Ehunka mila pertsonek osatzen dute, ehunka kanpamentutan banatuta.

J. Strozake:
 “MSTa berehalako behar konkretuetatik abiatzen da. Lurrerako sarbidea da muina, erabiltzen ez diren lurrak okupatuz. Nekazaritza-erreforma lortu behar dugu guztiontzako, bigarren helburua epe luzeagoan. Baina kapitalismoa eraitsi ezean erreformak atzera egingo lukeenez, jendarte eraldaketa da hirugarren helburua”

Janaina Strozake MSTko militantea da mugimendua 1984an sortuz geroztik. 2008tik du “maitasunezko” harreman estua Euskal Herriarekin: “MSTa berehalako behar konkretuetatik abiatzen da. Lurrerako sarbidea da muina, lehen helburua hura konkistatzea da, erabiltzen ez diren lurrak okupatuz. Berehalako borrokaz harago, nekazaritza-erreforma lortu behar dugu guztiontzako, bigarren helburua epe luzeagoan. Baina badakigu kapitalismoa eraitsi ezean nekazaritza-erreformak atzera egingo lukeela. Horregatik da jendarte eraldaketa gure hirugarren helburua, sozialismoa edo komunismoa”. Lurren okupazio prozesua azaldu du Strozakek: “Hurbileko biztanleriarekin egiten da lanketa. Fabeletan atez ate, sindikatuarekin, elizarekin...”. Desjabetuetan desjabetuenak dira hartzaileak, esperientzia militanterik gabeak gehienak, MSTaren baloreak zertan konpartitu ez dutenak. Isilean egiten den okupazioa prestatzeko hitzaldi formatiboak egiten dituzte aurretik, “kontu praktikoak eta printzipio politikoak lantzeko”. Lantaldeak beharren arabera osatzen dituzte: osasuna, jana, segurtasuna, hezkuntza... Pertsona guztiak dira lantalde bateko kide, “eta nukleo bateko kide, aldi berean”. Okupazioa lehenbiziko urratsa da bide amaigabe batean: erresistentzia, lurrak legalki irabazi, bizi-baldintzak hobetu, produkzioa bultzatu... Kanpamentu barnean bestelako bizitza bat uneoro eraikitzeko borroka eginez.

Euskal Herria hiritarra da nagusiki, baina MSTko balore eta praktikek “edozein antolakuntzarako balio dute. Haurtzaindegi batetik banku etikoaren inguruko mugimendu batera”. Brasilgo hiriburuetan milaka eta milaka etxebizitza dituzte askotariko mugimenduek okupatuak, eta horietariko askok egiteko modu ugari partekatzen dituzte MSTarekin.

Manresako (Herrialde Katalanak) Kapitalismoak eta Hipotekak Kaltetutakoen plataforma.
Herrialde Katalanetatik, 2008ko erasoari erantzunez

2008ko krisiaren aitzakian Artur Masen gobernuak inposatutako murrizketa politikek oso bortizki kolpatu zuten Katalunia. Manresako ateneu okupatuko sektore antikapitalistek eta ezker independentistakoek etxebizitza borrokari heltzea erabaki zuten 2013an, “merkatuak eta estatuak asetzen ez dituzten beharrak asetzeko”, dio Alex Winfieldek. “Lehen asanblada oso jendetsua izan zen, jende ezezaguna, kultura politiko jakin batetik ez datorrena. Hasiera hartan hipotekak eta enplegua zituzten pertsona zuriak ziren nagusi. 2015etik aldatuz joan da. Alokairua ordaindu ezin dutenak, kalean daudenak, etxe txiki bat 15 pertsonen artean konpartitzen dutenak gehitu dira. Egun gehiengoa komunitate marokoarra da”.

Okupazioak egiten ditu PAHCek, alokairu sozialak lortu, etxegabetzeak gelditzeko kontzentrazioak. “Ehunka etxegabetze ekidin ditugu”. Zazpi etxebizitza bloke dituzte okupatuak, 60 familia eta 250 pertsona inguru bizi dira bertan. Hiru emakume talde, 64 haur dituen herri-eskola eta adingabeen zentroetatik irten berri diren gazteentzako gunea ere badituzte.

Igandero biltzen dira 50-70 lagun asanbladan. Lehendabizi, gai kolektiboak eta antolakuntza mailakoak jorratzen dituzte: okupazio berriak, koordinazio bilerak, eztabaida politikoak, mobilizazioak. Ondoren, kasu eta behar “partikularragoak” lantzen dituzte: Bankuak etxegabetzerako data jarri dion familia, kale gorrian dagoen heldu berria, bloke bateko elkarbizitza arazoa, bankuarekin edo zerbitzu sozialekin zita duen pertsona. Akonpainamenduak  dira PAHCaren ardatzetako bat. Inor ez doa hitzordu batera bakarrik. Hizkuntza eta informazio arazoei, administrazioaren bidegabekeriei, mespretxuzko jarrerei aurre egiteko elkartasun eta ahalduntze neurria da.

Bizkaiko Harrera Sareak antolatutako ekimena.
Euskal Herrian, hastapenetan?

Gure artean ere bada borroka pauso motz eta luzearen arteko tentsio horretan garatu nahi duen mugimendurik. Horietako bateko kide da Marta Abiega. Uda Bilboko auzoen Harrera Sarean murgilduta eman du. Egoera zehatz bati erantzun azkarra emanez sortu zen sarea, baina jarraitu egingo dutela ziurtatu digu.

Bilbora heltzen diren migratzaileei aterpea, jana edo aholkularitza juridikoa eskaintzeaz batera, mobilizazioak egin dituzte, eta egoeraren jatorria kapitalismoan edo politika inperialistetan kokatu dute. Abiega kritikoa da ezkerrak eta herrigintzak desjabetuenen beharren aurrean duen jarrerarekiko: “Batzuetan, hori instituzioen lana dela eta ez herritarrona esanez, gure ekintzarik eza zuritzen dugu. Premiazkoena jatekoa zen, eta energia asko xahutu dugu horretan. Batzuek, desados, ez dute horretan parte hartu. Nik kamerundar baten hitzak erabili ohi ditut: ‘guk, bien bitartean bizi beharra dugu’. Paperak lortu bitartean, bizitokia lortu bitartean...”. Bien bitarte horri erantzutea erabaki zuten Abiegak eta beste askok.

Nahastearen ederrak eta miseriak
Emakumeek presentzia handia eta nabarmena dute mugimendu mota hauetan. Askok zaintzak eta lan erreproduktiboak borrokan presenteago egotearekin lotzen du

Winfieldek, Strozakek zein Abiegak euren mugimenduen barnean ematen den aniztasuna azpimarratu dute: batetik, baldintza sozioekonomiko oso ezberdinetako pertsonak, tartean migrante pobretuak; bestetik, ezkerreko kultura politiko militanteetatik datozenak eta esperientzia zein erreferentzia militanterik gabeak, tartean mugimendura behar material hutsagatik batzen direnak. Militantziaren eta bizitzaren espazioak eta denborak, argiki ezberdinduta egon ohi direnak, txirikordatzera jotzen dute batzuetan. Ederretik asko duen nahasketa da. “Alde positiboa aniztasuna da, aldi berean denok ikasten eta irakasten aritzea” dio Strozakek. “Gure markoak eta analisiak gauza batzuetarako baliagarri zaizkigu, baina errealitatea beti da apetatsua, nahasten dira klasea, arraza, generoa... eta mila eztanda gertatzen dira”, hausnartu du katalanak. Emakumeek presentzia handia eta nabarmena dute mugimendu mota hauetan. Askok zaintzak eta lan erreproduktiboak borrokan presenteago egotearekin lotzen du.

Itsusitik eta arriskutik ere bada ugari. Abiegak eta Strozakek “idealizatzearen arriskuak” nabarmendu dituzte. Aniztasunaren jakitun izanik ere, non eta nola jarri marra gorriak? PAHCaren blokeetan eta MSTko kanpamentuetan, esaterako, eraso matxistek erasotzailea kanporatzea dakarte. Eta gertatzen dira. Antolakunde barneko botere harremanak arazo handia dira. Joera hauxe da: “politizatu” eta sozioekonomikoki integratu boteretuak gainean; “ez-politizatu” eta baztertu boteregabetuak azpian. Strozakek gordin azaldu du: “Bada jende bat jaiotzetiko baldintzengatik irakurtzeko, ikasteko, umetan egoki elikatzeko aukera izan duena. Mundua analizatzeko duten gaitasuna ezinbestekoa da klase borrokarako. Baina borroka eraldatzailea eraldaketa horren beharra dutenek egingo dute. Unibertsitateko irakasle batek, postu ona duen langile batek, ez du egingo. Kalean dagoen pertsonak, etxegabetua edo migratzera behartua izan denak, horrek bai. Gauza da nola uztartu bi errealitate hauek. Baina norabidea behekoek markatu behar dute”. PAHCean “botere harremanak daude”, dio Winfieldek. Militante zuri ikasketadunak gutxiengoa dira asanbladan baina haien kopurua eta pisua ez datoz bat. “Kontrolatu eta gutxitu behar ditugun hierarkiak dira, bidean aurkitzen goazen modu eta bitartekoekin”. Norbanakoen gainetik “hausnarketa eta inteligentzia kolektiboa sustatzeari” garrantzia ematen dio.

Instituzioekiko harremana

Erreminta eta gaitasun propio autonomoak garatzen saiatzen dira denak. Baina instituzioei ere zuzentzen zaizkie oinarrizko eskubideak bete ditzaten exijituz. Oreka zaila da: ideologikoki, inbertitu beharreko ahaleginaren aldetik zein desaktibatuak, kooptatuak edo asimilatuak izateko arriskuagatik. “Formazio politiko handia eskatzen duen oreka da. Baina iraultza egin eta estatua desagertu bitartean, diru publikoa disputatu behar dugu. Gurea da”, dio Strozakek. Winfield antzeko bidetik doa: “Administrazioei exijitu egiten diegu. Oro har harremana gatazkan oinarritu da, eta negoziazio garairik ere izan da. Gure jarduerak administrazioa tenkatu du, eta euren politika jakin batzuk aldarazi ditu”.

Beste toki batetik heldu dio Abiegak gaiari: “Zer harreman izan behar dugu instituzioekin tratu estua duten elkarte handiekin? Gurutze Gorria, CEAR, Munduko Medikuak, Caritas. Elkarte horietako langileetako batzuek esaten digute haiek ezin dutela parte hartu protestetan, instituzioek alboratu egingo lituzketelako. Jarrera horiek dituzten elkarteek ez dute gure aktibismoa gelditu behar”.

“Lau urtean behin bozkatzea nahikotzat hartu ez dezagun”

Kontua ez da emaitza, gauerako aterpea lortu edo ez, ohartarazi gaitu Strozakek: “Kontua da nola egin etxea, argia, jatekoa lortzeko prozesuak formatu gaitzan. Behin lortuta ere jarraitu dezagun bizitza politikoarekiko interesa izaten, lau urtean behin bozkatzea nahikotzat hartu ez dezagun, soldatapeko lana bakarrik ez dadin aski izan”. Fruituak ez dira egun batetik bestera eta masiboki heltzen. “Jende asko sartu eta irteten da uneoro. Arazo batekin sartu eta konpondu ostean jarraitzen duen jendeak ematen du distira. Bidean arazoa bera ulertzeko modua ideologikoki eraldatu dutenek. Gutxi dira”, dio Winfieldek. Baina argazkia ez da zuria ala beltza. “Beste batzuk geratzen dira jaso duten elkartasuna bueltatu nahi dutelako, badira afektua eta errekonozimenduagatik geratzen direnak, edo baliagarri sentitzeagatik geratu garenak”.

Prozesua denek egin behar dute, ordea. Birpolitizatzea orokorra izan behar du. Egonkortasun ekonomiko jakin batean mugitzen den militante klasikoarentzat etxeko-lanak ere agertzen dira elkarrizketatuen ahotsetan. Abiega, Strozake eta Winfield, hurrenez-hurren: “uneoro desikasteko jarrera izatea, tartean gure etnozentrismoa. Apur bat elitistak ere bagara, eta joera dugu endogamiara jotzeko, berdinen artean elkartzeko”; “Oinak lurrean, oinarrian mantendu. Okerren dauden pertsonekin egon behar dugu konektatuen”; “Aurreiritzi guztiak alde batera utzi, eta gauzak egiten hasi, egin. Gure posizio eta balore politikoetatik abiatuta, noski”. Gauza asko irabazteko, baina galdu beharreko erosotasun eta posizio asko ere badira.

Bertolt Brechten poema irakurri diegu hiru solaskideei, iradokitzen dienaz galdezka. “Agian pentsatu dugu mundua ez dela horrela aldatzen. Baina nik uste dut mundua horrela ere aldatzen dela. Nik uda honetan une batzuetan aldatzen nuela sentitu dut”, dio Abiegak. Strozakeri Fidel Castroren esana etorri zaio gogora: “Elkartasuna duzun hori konpartitzea da, ez soberan dagoena. Gosez eta hotzez dagoen pertsonak ez du iraultzan pentsatzeko joerarik”. “Tristatu eta hunkitu egiten nau”, dio, zintzo, Winfieldek, “baina biak uztartzeko modua aurkitu behar dugu, bata gabe ez delako bestea posible”.

Gauerako aterpeak lortu eta mundua aldatu, uztartze ariketa zaila. Mundua aldatu biluzien daudenentzako aterperik gabe, ezinezko ariketa da. Gauerako aterpea ala iraultza? Gauerako aterpea eta iraultza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Autoinkulpazio kanpaina abiatu dute, Korrikan migratzaileak laguntzeagatik epaituko dituztenekin elkartasunez

Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]


2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-11-18 | Uriola.eus
Bilboko Higiezinen Azokan protesta egin dute asteburuan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


Eguneraketa berriak daude