argia.eus
INPRIMATU
Eskueran ditugun soluzio txikiak: komun lehorrak eta pixa probestea
  • Kaka eta pixa lurrarentzako ongarri bihurtzea betidanik egin badu gizakiak –duela oso urte gutxi arte– zerk eragozten dio soluzio erraz, merke, garbi eta jasangarriena berriro erabiltzea? Nagusiki tabu kulturalek. Horiek gaindituz gero –kultura batzuetan besteetan baino samurrago lortzen dena– konponbidea eskueran daukate herritar askok. Hasteko, etxean komun lehor edo konpostgilea ezartzea.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko azaroaren 22a

Mendebalde aberatsean gero eta hedatuago daude konpost prozesuaren zati bat zirkuitu itxian egiten duten komunak, gehienetan sistema sofistikatuagoak darabiltzate, etxebizitzetan bertan alde batetik pixa eta bestetik gorotzak bideratzen dituztenak, hauek lehortzeko biltoki berezietan, usain txarrik eta arazo berezirik gabe. Teknologia maila bateko soluzioak dira, obra eskatzen eta koste ekonomiko bat dutenak. Merkatuan asko dira eredu eta markak.

Eskueran baratze edo lur mutur handi samar bat edukiz gero –edo eginkariak ontzi hermetikoetan bertaraino eramateko modua– benetako komun lehor edo konpostgilea (toilette seche, compost toilett…) ezartzea erraz eta merkeagoa da. Horietan komunak azpian dauka ontzi bat jendeen obramenduak zerrauts, txirbil, orbel eta antzeko lehorkinez estal-tzeko. Horrela eginda inolako usain txarrik eta bestelakorik ez da sortzen. Gero ontzi hori tarteka hustu ahal izango da konpost ontzi edo pila batean, sukaldeko edo baratzeko beste edozein hondakin organikok bezala luar edo konpost bihurtzeko prozesua osatu dezan.

Sistema hau ezagutzen dute Euskal Herrian batik bat festa eta ospakizunetan probatu dutenek: Euskal Herria Zuzenean, Usurbilgo Kilometroetan, Zubietako azken kanpaldian eta abar. Badira horiek kanpinetan edo nork bere etxean finko dauzkatenak.

Konpostatze prozesua txukun eginez gero, eginkarietan joan daitezkeen hesteetako bakterio, xixare eta beste edozein izaki arazorik gabe neutralizatzen da –estolderia normalen araztegiek lortzen dutena baino hobeto– eta horrek ez du sekreturik: nahasketaren tenperatura ondo kontrolatuz gero eta denborari bere lana egiten lagata. Azkenean lurrari elikagaitzat itzultzeko prest geratzen da. Beste kontu bat da, eta beste borroka bat izanen da, salmenta komertzialerako ari den baserritarrari ez zaiola baimentzen holakorik, edozein pestizida nazkagarri libre uzten zaion arren. Gai honetan urratsen bat eman nahi duenak ondo egingo du De Klerckek gomendatu bezala Joseph Jenkinsen The Humanure handbook (Giza simaurraren eskuliburua) leituz.

Etxeko simaur guztiak kudeatzea gehitxo iruditzen zaionarentzako, bada proposamen erreformistago bat: pixa erabili etxe barruko edo balkoiko loreak bezala baratzeko landareak ongarritzeko. Beti uretan oso diluituta egitea gomendatzen dute, %5ean (litro bat pixa hogei litro uretan). Renaud Loozeren L’Urine, de l’or liquide au jardin (Pixa, baratzerako urre likidoa) liburuak oso ongi azaltzen du nola egin, landareak elikatuz  nitrogeno gehiegigatik ez erretzeko.