argia.eus
INPRIMATU
Doggerland: izotzak urtzean zer?
  • Ipar Itsasoa, XVIII. mendearen erdialdea. Herbehereetako kostaldean arraste-arrantza hedatzen hasi zenean, arrantzaleak, mihi-arrainez eta platuxez gain, objektu arraroak ateratzen hasi ziren itsas hondotik: letagin handiak, errinozero edo uroen arrastoak… Eta atzera itsasora botatzen zituzten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko azaroaren 21
Doggerland duela 10.000 urte. Biltzaile-ehiztari taldea bizitokira itzuli eta urak hartu duela konturatzean. (arg: Alexander Maleev)
Doggerland duela 10.000 urte. Biltzaile-ehiztari taldea bizitokira itzuli eta urak hartu duela konturatzean. (arg: Alexander Maleev)

80ko hamarkadan Dick Mol eta Jan Glimmerveen izeneko paleontologo zaletuek arrantzaleekin hitz egin zuten, arrasto horiek gorde eta topatutako tokiaren koordenatuak jaso zitzaten. 1985ean giza masailezur oso bat eman zieten: erradiokarbonoaren arabera, hezurrak 9.500 urte zituen eta, beraz, gizaki hura Mesolito garaian orain ur azpian dagoen eremu hartan bizi zen.

Arkeologoek Doggerland esaten diote duela milaka urte lehorrean zegoen lurralde hari, Ipar Itsasoko Dogger izeneko harea-bankuagatik. Urpeko arkeologia beti izan da zaila, baina itsasbeheren baimenarekin Britainia Handiko, Herbehereetako, Danimarkako… kostaldean egiten diren indusketetan geroz eta informazio gehiago biltzen ari dira Doggerlandi buruz. Gainera, 2007tik aurrera Birminghameko Unibertsitateko lantalde bat lurralde horren topografia aztertzen ari da, itsas hondoko datu sismikoetan oinarrituta; Doggerlanden mapak 50.000 kilometro koadrotik gora ditu dagoeneko.

Duela 18.000 urte Ipar Itsasoaren maila egungoa baino 122 metro beherago zegoen eta tundra izoztuak hartzen zuen gaur egun urpean dagoen ia eremu osoa; esaterako, Britainia Handia ez zen uharte bat. Planeta berotzen joan ahala, Europa kontinentaleko landareak eta animaliak iparralderantz zabaltzen joan ziren pixkanaka, baita haiek biltzen eta ehizatzen zituzten gizakiak ere. Eta milaka urtetan lautada zabal horretan bizi izan ziren, Mesolito Aroaren amaiera arte –duela 6.000 urte gutxi gorabehera–, itsasoak egotzi zituen arte.

Itsas maila pixkanaka igo zen mende luzez –bizpahiru metro mendeko– eta gizakiak ederki moldatu ziren aldaketa haietara, hegoalderantz migratuz eta arrantza nahiz ontzigintza teknikak hobetuz. Baina duela 8.000 urte Iparramerikako Agassiz glaziarrak ur masa eskerga askatu zuen Atlantikoan –itsas mailak 60 cm egin zuen gora bat-batean– eta handik gutxira Norvegiako Stpregga izeneko lur azpiko irristatzeak tsunami erraldoia eraman zuen Europako kostaldera. Migrazio askoz bortitzagoak  eragin zituen horrek eta, ondorioz, lurraldetasun arazoak hegoalderago bizi ziren gizakiekin. Eta azkenean, gatazka; Bretainan, Téviec uhartean indarrez hildako emakume batzuen hezurrak aurkitu dituzte, indarkeria garai haietako seinale. Itsasoak –klima aldaketak, finean– Doggerlandeko biztanleen bizirauteko gaitasuna erabat agortu zuen.

Doggerlandeko arrastoek Mesolito garaia hobeto ezagutzen laguntzen dute eta, halaber, planeta berotzen denean, izotzak urtzen direnean eta itsas mailak gora egiten duenean, zibilizazio bati zer gertatzen zaion erakusten dute.