argia.eus
INPRIMATU
Beltzaren kolore guztiak
  • Anestesia eta No Regret taldeen kontzertuaren kronika. Noiz: Urriaren 20an. Non: Gasteizko Gaztetxean.
    Gorrotoaren Ahotsa 25 urte birako hurrengo kontzertuak: Abenduaren 1ean Iruñean, abenduaren 8an Durangon eta urtarrilaren 19an Miarritzen.

Jon Aranburu Artano @jonaranburu 2018ko azaroaren 25a
Argazkia: Dos Por Dos.

Ez da askotan gertatzen Gasteizko Gaztetxean kontzertu baten sarrera guztiak saltzea; are gutxiago kontzertua izan baino egun batzuk lehenago. Salbuespenak badaude baina: No Regret eta Anestesia. Eta errudun nagusiak, No Regretek ere kuadrilatxoa eraman zuen arren, zarauztarrak izan ziren. Ez daramatzate alferrik 30 urte taula gainean, tarteka isildu badira ere, jakina den moduan.

30 urte doinu zakarren entzule ez ohituarentzat musika bera egiten. Baina, behin Anariri entzun nion berari Madonnaren disko guztiak berdinak egiten zitzaizkiola, ez zizkiolako azaleko entzunaldi batzuk baino gehiago eskaini, ez zelako zalea. Beste aldean dago Mikel Kazalisek kontzertu ondorenean kontatu zidana: hasieretako zale batzuei Anestesiaren bigarren maketa ahula iruditu zitzaiela, “tupatupa” gutxi zegoelako; aldaketa handiegia egin omen zuten.

Belarriak zorroztu, eta Anestesiaren lanetan beltz asko nabaritzen dira; hardcore, grindcore, crustcore, trash, metal eta beste hainbat abizen jarri ahal zaizkio Kazalis-Beloki-Aizpurua oinarriari. Zuririk ez, ezta izpirik ere. Ezta zurikeriarik ere hitzetan: gorrotoa, haserrea, mina, oldarkortasuna, garraztasuna, nazka ta beste hainbat giza sentimendu ez positibo hartzen ditu ahotan Ibon Aizpurua abeslari/oihulariak.

Horrexen erakustaldia, hitzaren zentzu denetan, izan zen Gaztetxe leporaino betean ikusi ahal izan genuena. Ordu eta erdi eskasean, bira hau egiteko aitzakia nagusia den Gorrotoaren Ahotsa lana osorik jo zuten. Eta gero, gerokoak: zortzi diskoetako kantuak aletu zituzten zaleon gozamenerako. Batari Drogak eta Biolentziak, besteari Ultrakomunikatzenek, eta hirugarren bati Erantzunek laztuko zion ilea. Lehenengo kantutik aurreneko ilaretan saltoka zebiltzanei, azkenerako 450 lagunok batu gintzaizkien pogo erraldoi moduko batean.

Nabari zen festa giroa, ospakizunerako gogoa. Eta halaxe azpimarratu zuen Kazalisek behin eta berriz mikrofonotik: euren 30. urteurrena, diskoaren 25.a, eta Gaztetxearen beraren, Hala Bediren, Errekaleorren eta Auzolana Pilotalekuaren urteurrenak batera ospatzeko festa zela hura. Eta ospatu genuen, majo egin ere.

No Regret taldekoak aurretik aritu ziren, bigarren plateraren gose zeudenei apetitua baretzen. Eta lortu zutelakoan nago. Bi lan dituzte kalean, eta eurek ere beltz jotzen dute, Anestesiak baino metal kutsu handiagoz, nire irudipenerako, baina hardcore abizeneko. Ez dira alferrik gero eta fruitu gehiago ematen ari den Gasteiz Hard Core Crew-ko kide.

Kontzertua amaitu zenerako, elastiko gehienak (beltz klase guztietakoak) blai eginda zeuden. Muinoko Hotsakeko lagunek, ordea, musika aukeraketa ezin hobea egin zuten segidarako, eta nahi izan zuenak hantxe jarraitu zuen. Hori, baina, ez dizuet kontatuko.