argia.eus
INPRIMATU
Baraua
Gorputza garbitu berriro hasteko
  • Munduko animalia eta haur guztiek instintuz uzten diote jateari gaixo daudenean. Baraua gorputza, burua zein espiritua garbitzeko erabili da betidanik; berriro hasteko garbitu.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2018ko azaroaren 22a
Izaro Mariezkurrena

Elikagaiek sendatze prozesuan indartu egiten gaituzte eta gaixotasunean ahuldu. Hala dio Karmelo Bizkarrak, medikuntza higienistan adituak. “Gosea joan egiten zaio elikagairik absorbitu nahi ez duen gorputzari. Gaixo dagoenean ez du jaso nahi, garbitu baizik”.

Andia mendilerroan dagoen Zuhaizpe Osasun Zentroa darama Bizkarrak. Fisikoki eta emozionalki sendatzeko eta gaixotasunak aurreikusteko hurbiltzen da jendea hara. Pertsona bakoitzak astebeteko egonaldia egiten du gutxienez, eta helburua “norberak bere bizitza berreskuratzea” da. Baraua praktikatzen dute gehienek.

“Guztiok behar dugu bizitzaz desintoxikatu”, adierazi du Bizkarrak, “bizitza erritmoa kaltegarria da, jaten duguna ez da sanoa, alkohola edaten dugu uraren ordez, medikamentuak hartzen ditugu...”. Zentroan asko zaintzen dute elikadura, janari ekologikoa dastatu ohi dute, intsektizida, pestizida eta substantzia toxikorik gabea. “Gauza bera diot beti: janaririk osasungarriena etiketarik ez daukan hura da”. Kolore eta forma desberdineko elikagaiak jan behar direla gehitu du, eta gaurko medikuntza nutrizionalak ikuspegia zabaltzea gustatuko litzaiokeela: “Fruta eta barazkien forma zein koloreek informazio ugari ematen dute eta gaixotasunen aurrean zein ahoratzea komeni zaigun jakitea garrantzitsua da”.

“Ura, salda eta ohera”

Hori baino lehen, ordea, garbitu egin behar da gorputza. Prozesua pixkanaka egitea aholkatu du adituak: lehenik barazki eta frutekin elikatu, ondoren frutarekin soilik eta azkenik barauan geratu. Gorputzak ez diola elikatzeari uzten gogorarazi du, dituen erreserbak hartzen dituelako. Badira hiru edo lau egun igarotzen dituztenak, baita zazpi edo hamar egunera arte luzatzen dutenak ere. Barau egitea ez da beti komenigarria, esaterako, gaixotasun larriak sufritzen dituzten pertsonen kasuan.

Prozesu horretan ezinbestekoa da ura, hidratazioa. Infusio eta zukuak ere gomendatu ditu.

Elikagairik gabeko egun horietan gaixotasunekin nahastu ohi diren sintomak sentitu daitezke: goragalea, buruko mina, mihia zuri izatea, pixa iluna eta usaintsua... “Kuriosoa da, betekada kasuetan sintomak berdinak direlako, baina oraingoan gorputza garbiketa prozesuan dagoela adierazi nahi dute”.

Prozesu hau, baina, kontrolpean izan ohi dutela azpimarratu du, hiru egunetik gorakoak direnean bereziki: “Ez du hainbesteko kontrolik behar, ordea, katarro batekin zaudenean. Izan ere, horiek dira une egokienak baraua egiteko: katarroa izatean, beherakoa, gonbitoka hastean... Lehenago sendatzen dela ikustean sorpresa hartzen du jendeak”.

Ez jatearekin batera, deskantsuak ere garrantzi handia du, ahalik eta energia gehiena libre egon dadin, garbitasunean zentraturik: “Ura, salda eta ohera. Hori egiten zuen nire amamak. Garai hartan ez zegoen hainbeste medikamentu eta instintuari jarraitzen zion”.

Horrez gain, ura, haizea (arnasa) eta argia (eguzkia) aintzat hartzeko aholkatu du, “elikagaia ez delako soilik jaten duguna”.