argia.eus
INPRIMATU
Txikito
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2018ko azaroaren 13a

Rikardo Arregi Sarietan euskarazko kazetaritzan mugarri izandako hamar proiektu komunikatibo omendu dituzte aurten. Horien artean Anaitasuna aldizkariaren zuzendari ohia, Angel Zelaieta, nire aitatxo. Begoña Arregiren eskutik jaso zuen saria; benetan, momentu hunkigarria bien arteko besarkada eta musuak.

Txikito mallabitar handiak urteak ditu jada eta bere alabarekin agertu zen ekitaldian, emazteak eta bilobak ETBren bitartez ekitaldia jarraitzen ari zirela. Angel Zelaietaren lana isilpekoa izanda da beti, egunkari batek Andres Zelaieta bezala aurkezteraino. Eskerrak nire lagun maite bat Berria-ren akatsaz ohartu zela, Zelaieta kolaboratzaile ohia da eta Martxelo Otamendi omenduarekin oso harreman ona du.

Bere hitzaldi labur eta zintzoan, saria beste batzuekin elkarbanatu eta penitentzia hitza aipatu zuenean publikoaren barreak piztu zituen. Pulpitutik hitzegitera ohituta dago apaiz gorri ohia. Lagun eta ezagunen abizenak ikertzen torturatzaile galanta, baita izendapenekin ere. Ahoztar bataiatu ninduten, aita bezalako beste zoro baten gonbitearen ondorioz. Gabriel Aresti zen hura.

Angel Zelaieta "unamunista"
Gabriel Arestiren memoria bultzatzeko lehen biografiaren egilea da. Lauro Ikastolako zuzendari ohia era bada, milaka ikasleren bihotz eta burmuinek ongi dakite hori

Angel Zelaieta unamunista Gabriel Arestiren memoria bultzatzeko lehen biografiaren egilea da. Lauro Ikastolako zuzendari ohia era bada, milaka ikasleren bihotz eta burmuinek ongi dakite hori. Xabier Madariaga kazetariari entzun diot irakaslea definitzen duen esaldirik onena: “Beti networking-ean ari da”.

Kasurako, Clairvauxerainoko bidaietan jorratutako harremanak. ETAko presoak bisitatzera gure amarekin bidaia luzeak egin ditu, Ekialdeko Alemania komunistan fabrikatutako kotxean. Moja-etxe batean lo egiten zuten eta, liburutegia arakatzen ari zela, Víctor Hugoren nobela batekin topo egin eta ilustrazio garaian aurreko abadia kartzela bihurtu zuteneko aipuarekin zerbait bururatu zitzaion. Kartzelako zuzendaria literatura zalea zela ohartuta, aitak Zorion Zamakola presoari enkargua egin zion nobela hura euskaratzeko, baita zuzendariaren baimena lortu ere.

Azken hitzak amari eskaini nahi dizkiot, bere obarioei esker jaio ginen gu eta. Bere odolari esker jaso nuen lehen ezizena ere: Galdakao dinamita. Musuak bioi eta arrebari, familia nuklearrari. Zorionak hamar mugarriei.