argia.eus
INPRIMATU
Mendia eta basoa zertarako?
Jakoba Errekondo 2018ko azaroaren 16a
Virginiako tuliperoa, “Liriodendron tulipifera”. Argazkia: siteandinsight.com
Virginiako tuliperoa, “Liriodendron tulipifera”. Argazkia: siteandinsight.com

Bedaion urtero egiten dute Herriko Azoka urriak eta azaroak elkar maite duten egunetako igande batean. Aurten ere bertan nintzen, Antton Olariaga handiarekin batera egindako Landareak Lantzen 2019 gida-liburua eskaintzeko eta jendearen galderak eta zalantzak argitzen saiatzeko mahaitxo batekin. Ezkerretara, Bitarte baserriko Koro eta Izaskun bere gozokiekin, eta eskubitara, Gurbiltxikiko baserriko Lurdes eta Edurne etxeko barazki, arrautza eta ogiekin. Mahaia eratu eta jendearen emana hasi aurretik kafetxo bat hartzera joan ginen Abaetxe tabernara. Atariko plazatik ikuskizun dotorea du, eta hantxe geratu ginen Bedaioko errekaren bi aldeetako mendi magaletako paisaia ederrari begira. Aldenik alde, ikusten ziren pinudi (Pinus spp.) guztiak gorrituta daude. Sailen bat bota berria ere bai.

Pinudi izandako sail horietako batean zer egin, zer landatu erabaki ezinik ari dira bertako lagun batzuk. Aspalditik, ikusten garenero berritzen dugun kontua da: Jakoba, zer landatuko dugu?

Urte batzuk badira pago (Fagus sylvatica) sail bat jarri zutena, eta ikaragarri gustura daude; pagoa nola datorren ikusita eta baita garai hartan erotzat jotzen zituen jende bera orain pagoak landatzeko aukera serioski aztartzen ari delako.

Azokako egunean galdera berri bat zuten lagunek: Jakoba, udazkenean deigarria den baso bat nahi dugu, zein zuhaitz jarriko dugu? Galdera honetara iristeko ikaragarrizko urratsa egin dute etxean. Mendiko basoaz hitz egitetik, mendiarekin eskuratzeko helburu zehatz batera iritsi dira: paisaia horren udazkena kolorez jantziko duen basoa nahi dute bere mendian.

Mendiaren eta basogintzaren etorkizuna mahai gain guztietan dabilen honetan, ez al da ederra zer nahi duen badakien jendea topatzea? Bioaniztasuna, energia, espezie hautaketa, egurra eta zura... Helburu asko izan daitezke, baina hauena udazkenaren edertasuna eskaintzea.

Noski, kolore deigarriak sortzen dituzten zuhaitz zerrenda luzea osatu genuen: lehengo pagoez gain, likidanbarra (Liquidambar styraciflua), astigar zorrotza (Acer platanoides), astigar zuria (Acer pseudoplatanus), ezki hostotxikia (Tilia cordata), tupeloa (Nyssa sylvatica) eta haritza (Quercus robur). Bat ez nien aipatu eta hau irakurriko dutenez, hona: Virginiako tuliperoa, Liriodendron tulipifera.