argia.eus
INPRIMATU
Euskal modernitatea eta lan prekarietatea
  • Nafarroako eta EAEko gobernuak, hala nola beren foru edo tokiko administratzaileak harro dabiltza hemengo hiri, museo, geografia, gastronomia eta edozelako ekitaldi mota handiren modernotasuna azpimarratuz: gero eta nazioarteko turismo gehiago erakartzen dutela diote. Egun batzuez gure artean bizi diren turistok dirua gastatu eta kontsumitzen dute, eta milaka langileren egoeran eragina dauka horrek. Administrazioa diru publikoa jartzen ari da turismoarentzat traktore omen diren ekitaldi horietan. Langileen egoera ere, hain da modernoa… ezen prekarietate eta esplotazioa bizi duten. Diru publikoa zeinen mesedetan da orduan? Etekin pribatuak miseriazko lan-baldintzekin lortzen dituztenentzat.

Juan Mari Arregi 2018ko azaroaren 14a

Joan den astean Bilboko Barceló eta NH hoteletan garbiketa zerbitzuetako langileek greba mugagabeari ekin diote. Logela bakoitza 2,5 euroren truke garbitu behar izaten dute eta ondorioz lanegun luzeak egin behar dituzte etxera hilean 800 euroko soldata eramateko. Euskal jatetxe dotoreetako langileak kexu dira euren lanaldi eta baldintza prekarioen ondorioz. Garai batean museotakoak kexu ziren bezala. Ez daukagu argazki orokorrik esateko ostalaritzaren egoera nolakoa den, baina aipaturiko adibide horiek izebergaren punta izan daitezke: euskal zentro askotan dagoen prekarietate eta esplotazio masa handitik agerian geratutakoa.

Turismoa erakartzeko milioika euro jartzen dituzten administrazioek –kasu gehienetan diru hori esku pribatuetara joaten bada ere– kontrol gehiago eduki beharko lukete hor behean langileekin gertatzen denaz; hotelak eta jatetxeak hain ondo funtzionatzea posible egiten duenerako... Euskal modernotasuna bai, baina enplegu duina ere bai.