argia.eus
INPRIMATU
Bestondo
Itxaro Borda 2018ko azaroaren 13a

Jair Bolsonaro bilakatu da beraz, Brasil eskualde erraldoiko presidente. Hauteskunde kanpaina denboran, mozkortzeraino arrazistak, homofoboak, misoginoak eta antisozialak ziren diskurtsoak egin zituen, Brasilgo jendarte maila ezberdinetan beldurra txertatuz, bereziki ahulenetan, hala nola txiroen favelletan eta Amazonako indioen komunitateetan. Denak behar omen ditu, bulldozerrez, lurraren azaletik desagerrarazi.

Trump, Macron, Salvini eta jada Bolsonaro bezalako gizonek boterea hartzen dute normalean asmaezinak litezkeen ideiak plazaratuz, ideiak horiek potoloago eta irensgarriagoak balira bezala. Hold up edo lapurreta modukoak obratu dituzte, demokraziaren balioak zangopilatuz eta antisistema gisa aurkeztuz, bozkatzaile sinesberak bete-betean harrapatuz.

Baina huts handia liteke, uste bagenu hiritar apalenek baizik ez dituztela boterera eraman. Parpaila txiolari horien gibelean, afera egileen eta multinazionalen buruak daude, Neymarren trakako futbolariak eta Brasilgo aberatsenak, demokraziaz bridatuak sentitzen direnak! Hori bai, ezin uka, jende minberatuaren bozen konplizitatearekin irabazten dutela.

Hertsi dira xederak.