argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen partaidetza kirol erakundeetako erabakietan
Ainhoa Azurmendi Echegaray @AinhoaAtxur 2018ko azaroaren 06a

Orain dela aste batzuk, berdintasuna eta kirola hizpide izan duten toki zein nazioarteko biltzarretan parte hartzeko parada izan dut. Gai oso ezberdinen inguruan hausnartu den arren, gaurkoan, kiroleko erabaki guneetan emakumeen parte-hartzeaz idatzi nahi dut. Zuzenbide arloko aditu batek aitatu zuen, kirol federazioetan “emakumea eta kirola” batzordeak sortzea segregazio modu bat dela, eta emakumeek zuzendaritza batzordeetan beharko luketela, emakumeen gaiak jorratzen dituzten batzordeak zuriketa politiko bezala erabili ordez.

Hasiera batean ados egon ninteke baieztapen horrekin, alabaina, ikerketek eta esperientziek erakutsi digute erakundeetako kultura aldatzen ez den bitartean egitura aldaketek ez dituztela berez emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko berrikuntzak edo aldaketak bermatzen, bereziki, emakume kirolarien egoera hobetzeko ezarri beharreko neurriei dagokionez.

Kirol federazio eta kluben kultura aldatu artean, ezinbestekoa deritzot emakumeen batzorde edo erabaki-hartze organo bereziak sortzea, emakumeek beraiek hartzeko haien kirol jardueraren inguruko erabakiak

Zalantzarik ez dago erabaki-hartze organoetan emakumeak egotea oso garrantzitsua dela, besteak beste, egiturei itxura iragazkorrago eta anitzagoa ematen dietelako. Baina hori bezain garrantzitsua da erabakietan genero ikuspegia kontuan hartzen dela ziurtatzea. Eta zoritxarrez, horren arrastorik ez egotea izan da luzaroan emakumeek kirol arloan pairatu behar izan dituzten hamaika bidegabekerien sustraia. Honetaz gain, askotan, zuzendaritza batzordeetan parte hartzen duten emakume bakanek bi jarrera azaltzeko joera izaten dute: indarrean dagoen kultura maskulinoa barneratu, berau iraunaraziz; edo ahalduntze aukeren ezean, bakardade sentimenduak gain hartuta, amore eman.

Beraz, hainbat kasutan bi estrategiak aplikatzea da egokiena. Kirol federazio eta kluben kultura aldatu artean, ezinbestekoa deritzot emakumeen batzorde edo erabaki-hartze organo bereziak sortzea, emakumeek beraiek hartzeko haien kirol jardueraren inguruko erabakiak; besteak beste, zer-nolako diseinua, antolaketa, kudeaketa, baldintzak, eta abar nahi dituzten. Eta badira gurean horren beharra luketen kirolariak, esaterako, arraunlariak, futbolariak eta pilotariak. Ez da, bada, kasualitatea izango aipatutakoak tradizioz maskulinotzat jo diren kirolak izatea.

Eta hori guztia kontuan izanda, kuoten aurka daudenei esango nieke energia gutxiago gastatzeko oinarririk gabeko argudio zentzugabeak asmatzen, eta benetan lan egiteko kirolean emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko.