“Medikuok hizketan gaztelaniazko hitz teknikoak erabiltzen ditugu eta lanean guztia gaztelaniaz idazten dugu”

  • Irailak 13 eta 14, Bilbo. Osasuna eta Hizkuntza jardunaldiak EHUko Udako Ikastaroetan. Hamarnaka lagun bildu ziren osasun arloan euskaraz lan egiteko bideak jorratzeko. Pazienteak sarri gaztelaniaz artatzen badira, osasun eremuan lan hizkuntza erabatekoa gaztelania da. Jardunaldiotan Bilbo Hiria Irratia izan zen eta hainbat hizlariri elkarrizketak egin zizkien. Horietako bat Felix Zubia Olaskoaga izan zen. Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetan mediku eta EHUko Medikuntza Fakultateko irakasle laguntzailea. Bilbo Hiria Irratiak egindako elkarrizketa paperera ekarri dugu.  
     

“Orain langileen euskarazko zerbitzuak sortzeko aukera daukagu. Beharra ere bai”. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku.
“Orain langileen euskarazko zerbitzuak sortzeko aukera daukagu. Beharra ere bai”. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku.

Felix Zubia, zure hitzaldian osasuna eta hizkuntza lotuta aritu zara hizketan. Zer kontatu diezu entzuleei?

Zientzia aldetik gutxi daukagu gai horri buruz. Batez ere nire iritzia eta ikuspegia eman dut, eta nondik  jo beharko lukeen kontuak.

Kontaiguzu zer azaldu duzun.

Lehenik eta behin, Osakidetzan eta osasun eremu guztian, euskara lan hizkuntza izatea behar handi bat da. Noski, beti erabili izan dugu euskara komunikaziorako, bai pazienteekin, baita langileen artean ere. Baina euskara lan hizkuntza bihurtzea urrats bat aurrerago joatea izango litzateke. Hau da, gure dokumentuak euskaraz idatzi eta gai medikuei buruz hitz egiten ari garenean euskara erabili. Zeren askotan gertatzen zaigu, ez gaudela ohituta euskaraz egiten, eta pusketa hori gaztelaniaz sartzen dugu, ez dakigulako nola esan euskaraz. Esan beharrean ‘bihotzaren aurreko aurpegiko miokardioko infarto akutua du’, esaten dugu ‘honek infarto anterior bat dauka’. Hizketan hitz teknikoak gaztelaniaz erabiltzen ditugu eta idazketa guzti-guztia gaztelaniaz egiten dugu.

Osasun langileak alfabetatu beharra aipatu duzu.

Alfabetatze bikoitzaren beharra daukagu. Alfabetatuak gara asko eta asko, baina hizkuntza teknikoan ere alfabetatzea behar dugu. Batzuk Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak gara, eta beraz, alfabetatuta gaude, baina asko eta asko ez. Eta egia da, ez erabiltzearen ondorioz ikasitakoa ere herdoildu egiten da eta hori ere berreskuratu beharko genuke. Bestela, egoera guztiz desorekatua daukagu, badauzkagu langile euskaldunak ez direnak gai klase bat gai tekniko bati buruz euskaraz emateko. Zergatik? Halako espresiobideak ez dituztelako erabiltzen egunerokoan. Gazte askok, eta beharbada unibertsitateko ikasketak euskaraz egin ditu, prestakuntza espezializatua hartzeko garaian gaztelaniara jotzen du. Zergatik? Inguru guztia gaztelaniaz ari delako lanean eta dauzkaten eredu supraespezializatuak ere gaztelaniazkoak direlako. Oraindik ere, irabazi gabeko puntuak dauzkagu edo jorratu gabeko arloak, eta horietara heldu beharko genuke.

Erronka potoloa da.

Hau ez da Osakidetzaren erronka bakarrik. Duela gutxi irakurri nuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ere horixe nahi zuela, eta nire ustez erakunde handi bat baldin badago euskaldundua Gipuzkoako Foru Aldundia izan liteke. Haiek euskara lan hizkuntza moduan erabiltzea dute erronka 2018rako. 2014an Patxi Baztarrikak [orduan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea] esan zuen erronka handiena euskara lan hizkuntza bihurtzea zela. Erakunde askotan daukagu premia eta Osakidetzan ere bai.

Osakidetzak behar besteko arreta jartzen al dio euskaldun profesionalak batzeari?

Tanta bat itsasora erortzen jarri dute diapositiba batean. Inguru oso erdaldunetan baldin bagabiltza (eta ez naiz ari pertsonez bakarrik, ohiturez ari naiz), hor ur tanta bat sartzen baldin badugu disolbatu egiten da. Osakidetzaren Hizkuntza Planean bada euskara lan hizkuntza moduan erabiltzeko aukera, bada euskarazko zirkuituak sortzeko aukera, baina serio hartu beharreko kontua litzateke, plan berezi bat beharko genuke. Euskara Planaren barruan azpiatal bat jarri beharko genuke, horri neurri zehatz batzuk jarri, eta neurri zehatzak gauzatzeko aurrekontua ere bai. Lehenik eta behin eskatuko luke eremu jakin batzuk identifikatzea, jakin zein tokitan egin litezkeen euskarazko zirkuituak. 2017an, euskarazko egiaztagiria zeukaten Osakidetzako langileen kopurua %37-38 zen. Azken urteotan gorakada nabarmena izan du eta espero da 2022 edo 2025erako %60 edo 65ekoa izatea. Zaharrenak erretiratzen doazen moduan eta jende gaztea sartzen ari den moduan hori etorriko da, baina hainbeste itxarotea ere pena litzateke, eta jende horrentzat ere euskaraz egin ahal izateko inguruak sortu behar ditugu. Euskaraz lan egingo duten puntu jakin batzuk sortu, puntu jakin horietako langileak trebatu, ondorengo laguntza eman, eta ebaluaketa egin. Puntu horiek elkartuz osatuko da gure aintzira edo itsasoa.

Halako dinamikak aurrera eramateko gogorik sumatzen al duzue langileen artean?

Denetarik dago. Euskarazko zirkuituak sortu daitezkeen eremuak badira. Nik ezagutzen ditut eremu horietako batzuk, langileen borondatez eta euskaldun portzentaje egokia baliatuz ari dira lanean. Ezagutzen ditut zerbitzuak non langileen hiru laurdena euskalduna den. Horrekin batera, ohitu beharko dugu ezagutza maila desberdina daukaten langileak elkarrekin edukitzera. Ohitu beharko dugu elkarrizketan naturaltasunez euskara erabiltzera, eta agian pertsona batek gaztelaniaz erantzutera, eta atzera bueltan euskaraz egitera. Euskaldunok izan dugun arazo handienetakoa da: norbaitek euskaraz ez badu egiten denok gaztelaniara jotzen dugu. Belarriprest deitu diogu orain [Euskaraldian]. Bada, ariketa hori naturaltasunez egitera ohitu beharko dugu, eta benetan egitera.

Hurrengo pausoa, eta ez dago hain urruti, itzultzaile automatikoa da. Hemen bertan dauzkagu itzulpen automatikoan adituak direnak. Testua euskaraz edo gaztelaniaz idatzi, zuzen itzuliko lukeen sistema behar dugu. Garrantzitsua da euskaraz idatzitako testua ondo ulertzeko gai izan ez denak ondo ulertuko duen segurtasuna ematea. Pertsona horrek gaztelaniara itzuliko luke itzulpen automatikoaren bidez. Sistema hori izango ez bagenu testuak euskaraz idatziko lituzkeen langilea gaztelaniaz ere egitera behartuta egongo litzateke. Pazientearen ziurtasuna ezin dugu jokoan jarri. Nik Zainketa Intentsiboetan egiten dut lan, gaixo txarrenekin. Eman dezagun nire testua euskaraz idatzi dudala eta atzetik datorren langileak ez badu ulertzen, zer gertatuko litzateke? Egoera horiek saihestu nahi ditugu, ez dadila arazo iturri izan hizkuntza ez ulertzea.

Hala ere, esan dut, badira puntuak euskarazko zirkuituak egiteko prest daudela esan digutenak. Eredua sortu ahala eta posible dela ikusi ahala, gehiago sortuko lirateke.

Duela urte gutxi batzuk hau egitea ezinezkoa zen. Nik hemeretzi urte daramatzat Donostiako Ospitalean, lehenago beste sei urte egin nituen ikasle, eta orain dela 25 urteko egoerak eta gaur egun daukagunak ez daukate zerikusirik. Aukera hor daukagu, erronka ere bai, eta beharra ere bai. Derrigor baliatu behar dugu egoera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Montanako (AEB) Auzitegi Nagusiko epaile anderea... euskaraz

Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.


Hilberria
Mixel Aire Etxebarren ‘Xalbador II’ zendu da

81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.


Ahetzek auzapez abertzalea izanen du: Ramuntxo Labat-Aramendi

EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


2025-01-08 | Leire Ibar
Hazparneko Laborantza Lizeoan hiru irakasgai euskaraz irakatsiko dituzte datorren ikasturtetik aurrera

Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.


2025-01-08 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, besteren artean, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


2024-12-30 | Rober Gutiérrez
Gazte landunen %51k

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]


Eguneraketa berriak daude