argia.eus
INPRIMATU
Feminismo antifaxistaren beharraz
Maria Colera Intxausti @bizialairaun 2018ko urriaren 24a

1934an idatzitako testu batean Karl Polanyi hungariar antropologo eta ekonomialariak azaldu zuen moduan “demokraziaren eta kapitalismoaren bateraezintasunaren ondorioz sortzen da faxismoa”, hau da, kapitalismoa krisian sartzen denean eta demokrazia liberala eta langileok dauzkagun eskubidetxoak bere metaketa-prozesu asegabeari eusteko oztopo bihurtzen direnean, autoritarismoaren eta faxismoaren bidea hartzen du estatu kapitalistak. Prozesu horretantxe murgilduta gaude aspaldi honetan.

Krisi kapitalista horren ondorioetako bat dugu zerbitzu publikoen eraispen orokorra. Zerbitzu horiek eraistearekin batera, baina, zaintza-behar sozialak ez dira desagertzen: eremu publikotik pribatura eramaten dira eta, horrekin batera, emakumeak etxera bultzatzen dira, sozializatuta zeuden lanok doan egin ditzaten. Horri erantzuten dio azken garaiotako politika familisten revival-ak eta emakumeok etxerako diziplinatzea xedetzat daukan “emakumeen aurkako gerraren” gordintzea.

Testuinguru horretan ari dira loratzen alderdi ultraeskuindar eta faxistak mendebaldeko herrialdeetan: Tyahnybok Ukrainan, Trump AEBetan, Salvini Italian, Bolsonaro Brasilen… G

Vox-ek emakumeoi opa diguna: indarkeria matxistari buruzko legea indargabetzea, abortu-eskubidea ezabatzea, haurren zaintza partekatu automatikoa...

uztiek ere objektu soiltzat gaituzte emakumeok, faxismoak eta eskuin muturrak oso rol zehatzak baitauzka sexu bakoitzarentzat: pitzadurarik gabeko gizontasun bortitza gizonentzat eta “etxeko aingeru” espeziearen ugaltzailea emakumeontzat. Gure bazterrotako alderdi neofaxistaren programak ere eduki misogino nabarmena dauka. Hona Vox-ek emakumeoi opa diguna: indarkeria matxistari buruzko legea indargabetzea, abortatzeko eskubidea ezabatzea, haurren zaintza partekatu automatikoa, parekidetasun-kuotarik ez, borroka feministaren estigmatizazioa…

Joan den mendeko 30eko hamarkadan faxismoa Europa osora zabaldu zenean, emakume komunistek bultzatuta Parisen sortutako Gerraren eta Faxismoaren aurkako Emakumeen Nazioarteko Batzordeko kideek argi ikusi zuten faxismoak arrisku bizia zekarrela emakumeontzat eta ezinbestekoa zela borroka feminista eta borroka antifaxista uztartzea. Orain ere hil ala biziko kontua dugu bi borroka horiek uztartzea, eta Martxoaren 8ko emakumeen grebarako manifestuetan faltan botatzen dira feminismo antifaxistari buruzko erreferentziak, egungo egoera gero eta larriagoa ikusita. Ildo berean, gaitz bati aurre egiteko garaian beharrezkoa da diagnosi egokia egitea sintometara mugatu gabe eta, hasieran genion bezala, ezin ahaztu dezakegu kapitalismoak estu eta larri dabilenean darabilen tresna dela faxismoa. Beraz, egungo oldarraldi neoliberal misogino ultra-ri aurre egiteko nahitaezkoa izango da, manifestazio feministetan darabilgun leloari jarraiki, “kapitalismoaren eta patriarkatuaren aliantza kriminala”-ri aurre egitea eta borroka feminista eta borroka antifaxista uztartzea.