argia.eus
INPRIMATU
De Miguel eta gezurraren hanka motzak
  • De Miguel izenez ezagutzen den auziaren epaiketan 26 lagun daude auzipetuta eta horietako askok EAJrekin harremana daukate –burukide ohiak, zinegotzi ohiak, Ibarretxeren garaian Eusko Jaurlaritzan ardura politikoak izan zituztenak…–. Denen artean nabarmentzen da Alfredo de Miguel, Arabako EAJko buruzagi eta foru diputatu izandakoa. Kontratu publikoak esleitzearren komisio ilegalak jasotzen zituen sare ustel organizatua antolatzea leporatzen diete. Fiskalak denera 450 urteko kartzela zigorra eskatu du, De Miguelentzat 54 urte eta Aitor Telleria eta Koldo Ochandianorentzat 32 urte.

Juan Mari Arregi 2018ko urriaren 23a

De Miguelek bere kontrako akusazioak ukatu ditzake, baina susmo oso zentzuzkoak daude Arabako EAJ zipriztindu duen sare hori existitu dela esateko. Ez da kasualitatea epaiketa denbora batez etenda egotea akusatuekin nolabaiteko akordioa bilatu nahian. Fiskalaren arabera ez dago “akordiorik”, baina bai “jaunen arteko paktua” (sic) akusatuen zati esanguratsu batekin; “komisio ilegalak jasotzen zituen sare antolatu bat bazegoela onartzeko prest” leudeke euren kondena murriztearen truke.

De Miguelek, EAJrekin lotura estuena izan duen akusatu nagusiak, errugabea dela dio eta haren kontrako frogak manipulaturik daudela. Baina testuingurua ikusita ez dago batere egoera onean. Logikoa da akusazio horien aurrean (dirua zuritzea, eroskeria, kontratazioetan iruzur egitea, bortxa erabiltzea, influentzia trafikoa, malbertsazioa…) eta kondena handia datorkiola ikusirik De Miguelek edozer egitea, baita gezurra esan ere. Epaileek erabaki beharko dute benetan sare ustel organizatu bat egon ote zen, eta akusatuak gezurretan ari ote diren. EAJ zipriztindu ala ez, amaieraraino joatea litzateke justuena eta zentzuzkoena, baita jeltzaleentzat beraientzat ere.