argia.eus
INPRIMATU
Baratxuriaren mamia
Jakoba Errekondo 2018ko urriaren 29a

Baratxuria, Allium sativum, sekula ez da falta gure sukaldean. Lehortutako buru-sorta zintzilik urte osoan, eta berria lehen sei hilabeteetan. Etxetik baratzerako bidea hartzen ari dira orain baratxuri buruak eta aleak, ereintza sasoia. Gero ere, ereintza garaitik kanpora, makina bat bider joan beharko du baratxuriak baratzera. Baratzeko beste landareen gaitzei eta izurriteei aurre egiteko oso ona da baratxuria.

Gutako asko bezala, baratxuriaren usainak landareetan kalteak sortzen dituzten intsektu ugari uxatzen ditu. Eraginkorra da zorriekin, akaroekin eta har askorekin: Harren artean, adibidez, lan ederra egiten du aza jendearen izurrite ezagunena den harraren aurka.

Lan horretarako baratxuria beratu egin behar da: eduki egun betez 100 gramo baratxuri txikitu goilarakada pare bat liho oliotan . Iragazi, litro bete ur erantsi eta bertan eduki astebetez beratzen. Intsektuak uxatzeko landarea bustitzeko orduan, urardotu are gehiago: %5 baratxuri ura eta %95 ur hutsa. Animalia basatiei ere, orkatzei, adibidez, ez zaie baratxuria gustatzen, usaindu ordurako muturra okertu eta alde egiten dute baratze sagasti eta abar pakean utziz.

Zenbaitek baratxuria han eta hemen, toki ugaritan ereiten dute. Usain guztia sail bakar batean bildu beharrean, denean heda dadin, uxagintzan.

Gaitzak sortzen dituzten onddoen aurka (mildiua, gorrina, zurina, muxikaren lepra, monilia eta abar) irakinda edo egosita erabiltzen da: jarri 100 gramo baratxuri ale (txikitu beharrik gabe) litro bete uretan eta irakin 20 minutuz gozo-gozo, estali eta utzi 10 orduz hozten eta pausatzen, iragazi eta lainoztagailuarekin busti landarea. Gaitzari aurrea hartzeko, 3-4 egunero, busti ondo landarea, goi eta behe. Onddoa sartu bada, busti egunero, hamar bat egunez. Hazitegietako landaretxoen gaitzaren aurka, ureztatu baratxuri-egoskinarekin.

Jakia eta jakintza dakartza oraintxe ereiten ari garen baratxuriak. Jateko gutizia eta nekazariarentzako adiskide mamia.