argia.eus
INPRIMATU
Aukerak eta loturak
  • Izaro filmaren kronika. Zuzendaria: Txuspo Poyo. Irailaren 23an, Donostiako Zinemaldian ikusia.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2018ko urriaren 31

Demagun Zinemaldian ikusiko dituzun pelikulen zerrenda egiten ari zarela, koadernoan aukera interesgarrienak iruditzen zaizkizunen oharrak hartzen, beti aholku bera gogoan: saiatu gero hain erraz ikusiko ez diren lanak aprobetxatzen, pelikula ezberdinagoak harrapatzen. Sarean agertu zaizkizu Izaro-ren lehen aipamenak, eta programazio osoko aukera ezberdinetako bat dirudi Txuspo Poyo artistaren lehen filma da. Leku egin diozu igande bazkalostean, are, Poyo bera bertan egongo bada filma aurkezten.

Bazoaz, film ezberdin bat izango dela kontzientzia hartuta. Leporaino ez, baina bete antzean dago aretoa. Dena esatera, berandu heldu zara, eta ez dizute sartzen utzi Poyok aurkezpena amaitu arte; esan diozu ateko zaindariari, hain justu, hori dela galdu nahi ez duzuna, eta tira, atean zirrikitu bat zabaldu eta hortik kirikatzen utzi dizu. Baina ez da ezer entzuten. “Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da”, saiatu da zu lasaitzen langilea. Bukatu du Poyok, utzi dizute sartzen, eta hartu duzu lekua zure ilaran altxarazi dituzunen begiradek kolkoan kolpatzen zaituzten artean.

“Collage bat da, puzzle bat”, izan dira artistaren aurreneko berbak emanaldi osteko hizketaldian. Urdaibaiko Izaro irlatik tiraka hasita artistak aurkitu dituen Izaro-ren askotariko esanahiak erakusten ditu lanak: Madrilgo Windsor dorreak, Izaro films ekoiztetxearen 70.hamarkadako zinema puskatzailea, Sevchelles-eko uretan aritu zen atunontzia, Izaro izena duten genero ezberdinetako bi lagun, Bermeoko alkateak irlaren jabetza aldarrikatzeko urtero itsasoko uretara botatzen duen teila… Portaera sozialak, istorio pertsonalak, batzuk gainjartzen zaizkie besteei, eta gurutzaketa horien joan-etorria bihurtu da ordubeteko tartea. Narratiba bat eraikitzeko modu ezberdin bat da zuretzat, begiak ez dituzu bideoartearen hizkuntzara eginda, eta gustatu zaizu ezberdintasuna, ikuslearekiko eskuzabaltasuna, gehiago, agian, goizean film dezente konbentzionalago bat ikustetik zetozenean.

Kontakizunari ahotsa jarri dion Aizpea Goenaga ere bertan izango zela iragartzen zuen programak, baina haren ordez Jaime Cuenca izan da, testuen egilea. Zailena muntaketa izan dela aitortu dute, Izaroren inguruan egindako ikerketa nola formalizatu, horretan jokatu dela borroka. “Ikara diet aukerei”, aipatu du Poyok. Eta dena ikusi duzu hor, nola gauzek erakusten dutena dutena baino askoz gehiago ezkutatzen duten, modu batean edo bestean, dena nola lotuta dagoen.

Belarriak zorroztu dituzu irteeran, tenperatura hartze aldera. Urlia, Berendia eta Sandiari entzun diezu, hurrenez hurren: “Martzianada”, “Ikaragarria”, “Interesgarria”.