argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Dantza egiten duen herria
  • Bizitza sozialik ez dudanez, telebista aitzinean jartzen naiz larunbatero. Jakina, gure telebista nazionala dut paratua urrutiko aginteko bat zenbakian, eta larunbatero, gainerako kateetan Sarah Connor telefono gidan izen horretako hirugarrena izateagatik eskerrak ematen ari den bitartean, gai baten gaineko aldaerak aurkitzen ditut ETB1en: jendea dantzan –mariatxiak, habanerak, zernahi– herriko plazan. Gaur egun biziko balitz, Voltairek bere definizioa moldatu beharko luke: “Euskaldunak, ordu orotan ETB1en dantza egiten duen herria”.

Santi Leoné @ororostorm 2018ko urriaren 17a

Eta tira, niri ere, Kutsidazu bidea, Ixabel-eko Luis edo Koldo mediku edo sendagileari bezala, guztiz laket zait herriko jende xehearen pozaldi jolastiarra, baina nahiago nuke ETB1eko xori horrek ETB2n eginen balu habia. Baina badakigu, ederki jakin ere, hori ez dela posible. Eta, gauzak argitze aldera, akaso komenigarria litzateke maiz egiten dugun galdera bati buelta ematea: beharbada ETB1en zer egin daitekeen galdegitea baino emankorragoa izaten ahal baita zer ez den egiten ahal ETB2n. Eta zergatik.

Herriko plazako dantzak ez dira sekulan ETB2ra pasatuko. Ez, bederen, larunbateko prime timean. Ez dira sekulan bigarren katera joanen, ETB2 publiko normal baten behar normalak asetzen saiatzen den telebista normala delako. ETB1, berriz, anomalia da. Edo anomalia balitz bezala jokatzen dute haren arduradunek, working theory hau buruan dutela: euskalduna izatea gure txokoak maitatzea baita. Habanerak, Lekeitioko Sanpedropean. Larunbat gauean.

Nonbait, batua vs euskalkiak eztabaidak badu bere isla ikus-entzunezko produktuetan: hurbila, hunkigarria eta konparaezina dena baina nolanahi tratatzen ahal dena, ETB1en; homologatua, unibertsala –zilegi bekit hitza–, bertzeen pare jartzen gaituena eta, ondorioz, serio hartu behar dena, ETB2n.