argia.eus
INPRIMATU
Saio zaratatsuak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko urriaren 10a
White Noise Session. Killerkume. Gaffer Records / Repentino Records, 2108

Killerkume taldearen azken diskoa ederra da. Ederki jasotzen du jendaurrean jotzen dutenean egiten duten soinu gordina, beren nortasuna. 2016an Winterswijken (Herbehereak) dagoen White Noise estudioan zuzenean eta bikain grabatuta dago, Marlon Wolterink teknikariaren ardurapean, eta Joxean Rivas Killerkume taldeko bateria eta perkusio jotzaileak masterizatuta.

Joxean Rivasekin batera Mikel Sowsyah (gitarra eta efektuak) aritzen da Killerkume taldean. Bi taldekide besterik ez dira, baina bien artean sekulako soinu burrunba sortzen dute. Pieza luzeak jotzen dituzte, bizitasunarekin, esperimentatzen eta inprobisatzen, eta noise-rock eta hardcore kutsuko giroak dira beren jardunaren emaitza. Bateriaren kolpe eroak, erritmo oso azkarra, gitarraren riff bortitzak eta kolore ugaritako ukituak eta zertzeladak... Doinu abstraktuak dira, frenetikoak. Azken batean, pieza bakoitza saio zaratatsu bat da.

Killerkume taldea Bilbokoa da, 2012an jaioa. Joxean eta Mikel aurretik Loan, Ximel, Mirage eta Hauts taldeetan aritzen ziren. Urteotan, Killerkume taldearekin, han eta hemen aritu dira, Euskal Herrian eta kanpoan: Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainiako Estatuan, Alemanian, Herbehereetan, Italian, Frantzian eta Portugalen.

2015ean Trautzer Blaster 12 hazbeteko binilozko diskoa argitaratu zuten eta 2016an beste 12 hazbeteko binilozko disko bat, Industrial Sunbath. Hain zuzen ere, aurten kaleratu duten White Noise Session lana Industrial Sunbath diskoaren zuzeneko bertsioa izan daiteke, disko horretan dauden bost piezetatik lau entzun baitaitezke lan berrian (Ebakuntza gela, Bilbullshit, Harrapakina eta Never-ending spring), eta sarrera moduko pasarte bat. CD formatuan 100 kopia besterik ez dituzte argitaratu baina disko osoa Interneteko Bandcamp plataforman entzun daiteke (killerkume.bandcamp.com).

Joxeanek eta Mikelek inprobisatzea eta esperimentatzea atsegin dute, nabarmena da, Killerkume taldean aritzeaz gain, Orbain Unit taldean ere jotzen baitute, Akauzazte, Los Plomos eta La Hora del Primate taldeetako partaideekin batera.