Abokatu da aspaldixko. 1999an, lanbidea aldatzeko lanean ari zela esan zuen: abokatuek osagile eta bakegile izan behar zutela. Barre egin zioten. Hurrena, berriz esan zuen, abokatuz betetako aretoan bazkaltzen ari zirela. Jaiki eta ondoko mahaira joan zitzaizkion kideak ihesi. Bakarrik utzi zuten. Hamar urte geroago, AEBetako abokatuen elkarteak saritu zuen, aitzindari eta bidegile aitortuz.
Abokatu ikasketak egina, lanbide modua gustatu ez, lanbide molde hura utzi eta bestelako bideetan barna abiatu zen 1990eko hamarkadaren erdialdiera, Zuzenbideaz gogoetan. 1999an, Abokatu Holistikoen Nazioarteko Aliantzaren biltzarrean parte hartu eta ikuspegi berriak lantzeari lotu zitzaion. Harrezkero, diren eta ez diren elkarte, elkargo eta erakundeetako kide da, baita fundatzaile ere, Zuzenbide Integratiboaren arloan; Elkarlan zuzenbidea, gurean. Aspaldixko, munduan barna dabil, Zuzenbide molde berrian aitzindari izan litezkeenekin lanean. Helburu horrexek ekarri zuen irailean Euskal Herrira.
AEBetako abokatuen elkarte ABAk Legezko Errebelde izendatu zintuen 2009an, bidegile, inondik ere. Bestelako Zuzenbide bat duzu aldarri: Zuzenbide Integratiboa.
Bidea egiten ari den mugimendua da. Ez da, besterik gabe, pertsona bakar baten gorabehera, ezta gauzak egiteko modu bakar bat ere. Abokatuon lanean aldaketa dakarren mugimendua da, justizia eta bakea egiteko modu kontziente, humanistiko eta inklusiboagoa. Ahots bakar batek ez dauka aski indar munduan batean eta bestean lanean ari diren abokatuen nahia biltzeko, ezin du izan haien oihu ozenaren oihartzuna. Hala ere, gauza bera esaten ari gara denok: “Hau bestelakoa izan liteke!”. Legezko Errebelde izendapena ekarri duzu zure galderara, eta egia esan ohore handia izan nuen. Handik pixka batera, berriz, liburua idazteko eskatu zidan ABAk. Ikusten eta ikasten ari nintzena konta nezan nahi zuten. Eta egin nuen: Lawyers as Peacemakers [Abokatuak Bakegile] idatzi nuen 2010ean, eta best seller-a izan zen. Ondoren, ildo beretik beste bat idazteko eskatu zidaten, eta Lawyers as Changemakers, The Global Integrative Law Movement [Abokatuak Aldaketa eragile, Mundu mailako Zuzenbide Integratibo Mugimendua] idatzi nuen 2016an. Eta best seller-en zerrendan izan zen hura ere.
Bide berria ireki duzu Zuzenbidean, ohiko bidea egiten hasi zinena.
1989an burutu nituen ikasketak. Abokatu lana egin nuen, baina ez zitzaidan hura gustatu. Negargarria iruditu zitzaidan abokatu lana. Gero, Chicagoko abokatu batekin topo egin nuen. Forrest Bayard zen. Berak bestelako abokatutza eredu bat zerabilen buruan: bakezkoak egitea, elkarlana, duintasuna... Horrelakoak aipatu zizkidan. Bestelako biderik bazitekeela erakutsi zidan. Ordu arte, uste nuen ez zitzaidala abokatutza gustatzen, baina neure kontua besterik ez zela, bakarrik nengoela pentsatzen nuen. Baina oker nengoen, ez nintzen bakarra, nonbait. Forrestek bizia aldatu zidan, eta abokatutza gauzatzeko modua bera ere bai. Nire egitekoa haren urratsei segitzea izan da, arrastoari segitzea, neure bidea eginez. Ondoren, nik ikusia gainerakoei jakinaraztea izan da nire lana.
Zuzenbide Integratiboaren onurak zabaltzen, aspaldi.
Abokatua naiz, gure lanbidean sistema-aldaketak helburu dituena, hau da, balio eta eredu jakin batzuk ezar daitezen nahi duena: Zuzenbide Integratiboa. Horretan ematen dut oraingo bizitza, nire irritsari segika bizi naiz munduan batetik bestera, balio jakin batzuen atzetik. Nortara edo hartara, gure lanbidea praktikatzeko modua aldatzen ari diren abokatuen jarraitzaile naiz. Gauzak ohi ez bezala egiten ari diren abokatuak zomorro arraroak dira lanbide bereko kideen begietara, nahiz egiten ari direna aurrerakoia, sinestezina eta ikaragarria izan. Tira, beharbada, horrexegatik jotzen dituzte zomorro arrarotzat. Bakarrik jardun ordez, taldean jardunez gero, lana askozaz ere errazagoa da. Aurrera egiteko adorea eta kemena ematen dizkizu taldeak.
Nola hasi zinen munduan barrena zure egia esatera ekarri zaituen bidean?
1999an ikastaro bat egin nuen. Lan ezinezko baten gainean pentsatu behar genuen, eta ezinezko hura egiteko bidea bilatu eta aurkitu behar genuen. Nik, Zuzenbidea aldatzeko proiektua asmatu nuen, sistema mailako aldaketa helburu zuena: abokatuak bakegile bihurtu nituen, auzi konpontzaile, gatazka bideratzaile eta beren inguruko giza taldeko aldakuntzaren eragile. Izan ere, uste baino indar handiagoa dute abokatuek. Influencer-ak esaten da oraingo egunean, eta irudi luke nornahi dela influencer, baina egiatan abokatuak dituzu influencer handienak. Bateko eta besteko komunitate, lantegi, konpainia, gobernu eta erakundeetan dituzu. Zernahi paper sinatzen duzula ere, zernahi kontratu, itun, akordio, dibortzio nahiz etxe erosketa eta salmenta... abokatua behar duzu. Nik, hortaz, proiektu “ezinezko” hura gauzatu nuen, pentsatuz porrot egiten banuen ere, mundua leku hobea izango zela nik lan hura egin ondoren. Horrelaxe hasi nintzen.
Munduan barrena zabiltzala, jendea bildu duzu zure bidera.
Bat egin dugula esango nuke. Hasieran, artean munduan barrena ibiltzen hasi baino lehen, hainbat hitzaldi, ekitaldi eta askotariko jardunaldietan izan nintzen. Batzuetan, entzule; besteetan, parte-hartzaile. Haietan, nahi beste gai jorratzen zirela ikusi nuen. Batean, Zuzenbide holistikoa; bestean, jurisprudentzia terapeutikoa. Han, Zuzenbidea eta aferak konpontzeko modu sortzailea; hemen, aktibismoa. Hurrengoan, Zuzenbide-hezkuntza humanizatzeaz ari ziren, edo komunikazio ez-biolentoaz... Hala ere, toki guztietan, jendea hizketan hasten zenean, kezka bertsuak atzematen nituen, lanbidea beste era batera gauzatzeko nahia, asmoa, gogoa... Guztiarekin ere, ordea, bakarrik ikusten nuen neure burua saio haietan guztietan, beste inor ez zelako ari, ni bezala, era guztietako topaketetan parte hartzen. Jardunaldietako bakoitza txoko ezberdin bat zen, txokoen artean ez zen loturarik, inork ez zekien zertan ziren ondoko txokoan, ondoko jardunaldi edo topaketan.
Kezka bertsuak biltzera egin zenuen zuk.
Nolabait esanda, bai. Batean eta bestean aditzen ari nintzena bildu nuen, hau da, batera ekarri nituen bilkura guztietan behin eta berriz eta askotan aipatzen ziren kezkak. Laster, Zuzenbide arloan ari zen jendeari irakasten ikusi nuen neure burua, bide berriak urratzen eredugarri izan zitezkeenak identifikatzen, eta Zuzenbidearen garatzeari lagunduko zioten bideak bilatzen eta aurkitzen. Horrela abiatu nintzen. Baina Zuzenbidea eraldatzea ez zen, berez, lanbidea, ez zuen ordainsaririk. Bizi nintzen etxea utzi nuen, utzi nuen bulegoa ere, eta errepidera egin nuen. “Hasteko, hiru hilabeterako izango da”, pentsatu nuen. Hamazazpi urte joan dira harrezkero. Eta, ordutik hona, inoizko abokaturik berritzaileenak, adoretsuenak, egiazkoenak ezagutu ditut munduan. Bideo-kamerari bat ondoan hartu eta lan berritzailea egiten ari ziren askorekin mintzatu nintzen. 100 lagun ere elkarrizketatu nituen. Tarte labur batzuk hautatu eta dokumentala egitea pentsatu nuen, baina laster ohartu nintzen lekukotasunak indar handikoak zirela, oso, eta web batean jarri nituen [Cutting Edge Law YouTube channel].
Zer da Zuzenbide Integratiboa?
Azaltzeko eskatzen didatenean, istorio bat kontatzen hasten naiz, itsuen eta elefantearen kontu zaharra. Ba omen ziren sei itsu, eta bizian estreinakoz, topo egin zuten elefante batekin. Bakoitzak elefantearen atal ezberdina ukitu zuen. Batak, hanka ukitu eta esan zuen: “Arbola bat ematen du”. Besteak, sudurra ukitu zion, esanez: “Sugearen eitea du”. Buztana ukitu duenak, soka itxura ematen dio elefanteari. Belarriak ukitu dizkionak, haizetakoak irudi dutela dio. Bizkarrak, horma ematen du. Letaginak ukitu dituen itsuak ezpata direla pentsatu du. Hortaz, nork bere egia du, eta eztabaidan dira, nork bere egia besterik ikusten ez duela. Ez dizut ekarri, baina Zuzenbide Integratiboa zer den azaldu behar dudanean, nire lagun batek egurrean egindako elefante baten irudia izaten dut eskura. Kur, kur... Zuzenbide Integratiboa elefantearen gisakoa da. Hainbat aldetatik begira lekioke mugimenduari, hainbat pieza ezberdin ditu. Eta, mugimenduko kideen artean ere, batzuek dudarik ez dute beraiek egiten ari direnaren gainean, baina ezer ere ez dakite ondokoak egiten ari diren hartaz. Beste batzuek, aldiz, elefantearen osotasunaren kontzientzia dute, baina ez dituzte piezak bereizten. Hala ere, bestelako Zuzenbide bat dute denek gogoan, sortzailea, bakegilea, eraldatzailea...
Zer jakin beharko genuke Zuzenbide Integratiboaz?
Zuzenbidea gauzatzeko orain artekoa ez bezalako bidea dela. Ez da lehiakorra, ez erasokorra. Zuzenbide Integratiboa praktikatzen duten abokatuak mundu bat hobea egiten saiatzen ari dira, denak batean. Bizimodu ona opa diote jendeari, beren buruekin gustura egoteko moduko bizia. Bitartekaritza, justizia bizigarria, elkarlan praktikak, eta hori guztia, psikologia positiboaren eta gizarte neurozientziaren elementuz osatua. Abokatu hauek epaitegira jo aurreko soluzioak nahi dituzte, lege sistemaren parte diren guztien ongizatea, abokatuena eta bezeroena barne. Zuzenbidera datorren hurrengo olatu handia da Zuzenbide Integratiboa. Elkarlan zuzenbidea, hemen, nahi baduzu.
Euskal Herrian ere ari zara, zenbait abokaturekin lanean.
Batean eta bestean erein dut hazia. Hala ere, toki guztietan ere baitezpadakoak dira eguzkia, euria, ongarriak... Nik esatera, Zuzenbide Integratiboari dagokionean, mundu mailako eredu da Euskal Herria. Inon baino hobeto, inon baino gogotikago ari dira Zuzenbidea eraldatzeko lan honetan. Abokatuekin, epaileekin eta beste zenbait ordezkarirekin harremanetan naiz hemen. Seigarren bidaia ere badut Euskal Herrira. Internet bidez jakin zuten nire berri. Amsterdamen gertatu ginela elkarrekin uste dut, 2015ean. Harrezkero, hainbat aldiz etorri naiz: orain artean Zuzenbidea gauzatzeko modua aldatu, eta gizartearen eraldatzaile, bakegile, pentsalari, balio jakin batzuen jabe... egin nahi ditugu abokatuak, eta abokatuak ez ezik, Zuzenbideari lotutako gainerako langileak.
Hemen zarenez, baitezpadakoa da galdera: zer moduz Trump presidente duzuela?
Hori ere bai? Trump sintoma bat da. Batetik, zenbait jendek aldaketa nahi zuen. Bestetik, arrazakeria barruan sartuta darama zenbaitek. Batzuk sufritzen ari ziren eta gorriak ikusten ari dira oraindik ere, Trump hautatu zuten guztien artean. Orain, berriz, botere gose direnek hortxe nahi dute Trump, beren etekinak areagotu beste helbururik gabe. Baina, diot nik, dagoeneko bilioi bat dolar daukanak, zertarako nahi ditu bi bilioi eduki? Espero dut hurrengo hauteskundeetan egoera bere onera etortzea, eta gure gizarteak atzera berriz gehiengoaren balioak berreskuratzea.
“Bai, aditua naiz Zuzenbide Integratiboan, baina ikasten ari naiz oraindik. Batzuetan, alde berri bat ikusten diot mugimenduari. Aurkezpenak egiten ditut, jendarte ezberdinen aurrean jarduten dut, nork bere balio eta trebetasunak dituela, eta beraz, oso praktikoa da, asko irakasten baitit jendeak”
“Astelehenean, Merkataritza zuzenbidean ari diren abokatuekin hitz egiten egon ninteke, kontratu kontzienteen gainean. Asteartean, defentsa-abokatuekin, erreparaziozko justiziari buruz. Asteazkenean, familia-abokatuekin, adiskidetasunezko dibortzioen gainean. Mindfullness ikasgaiak eman izan ditut abokatuen aurrean, eta justizia sozialari buruz ere jardunda nago unibertsitate irakasleekin. Elefanteaz hizketan hasten naiz beti, baina dena delako jendarteak gehien dakien aldetik”
“Ipar Carolinako (AEB) herri txiki batean ari nintzen, Zuzenbidea eraldatzeko gogoz. Herriko epaileari joan nintzaion, esanez bertako abokaturik arraroena izateko bokazioa nuela, bestela egin nahi nituela gauzak. Eta epaiketara baino lehen, kontrako bi aldeak mahai-inguruan bildu, hitz egiten jarri eta adostasuna bilatzen saiatzen hasi ohi nintzen, hainbat teknika eta terapia erabiliz. Sekulako arrakasta izan nuen. 1995 zen urtea, eta Ipar Carolinako lehen webgunea ere abiarazi nuen garai hartan. Milaka bisitari ditut web-ean orain”
“Egin ahal dudana baino gehiago egitekoa naiz eta, horregatik, hainbat sail eta arlo landu ditut bizian. Adiskide eta lagunek esaten didate honezkero 100 urte baino gehiago izan behar ditudala, bestela ez dagoela munduan nik hainbeste gauza egiteko modurik. Dena dela!”.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]
Hori esan zidan ikasle ohiak, asko kostata jarri zuen salaketa hilabeteak pasata ez aurrera ez atzera zegoela epaitegian eta, psikologoak aholkatuta, bortxaketa salaketa kendu egin zuela. Eta ni isilik, ezin asmatu zer esan oraindik ere antsietate zantzuak zituen gazteari... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
Martxoaren 5ean zabaldutako auto batek armarria “kentzea edo ezabatzea” agindu zuen, “jarrera politiko baten aldeko posizionamendua” dela eta “neutraltasun politikoaren aurka” egiten duelako. UPNk jarri zuen salaketa, eta Atarrabiako alkate... [+]
Espainiako Gotzainen Batzarrak asteartean egindako bilkuran onartu du abusuak jasan dituzten biktimei kalte-ordain ekonomikoak ordaintzea, baina elizbarruti eta kongregazioek ez dute nahitaez bete behar izango. Espainiako Gobernuak gogor kritikatu du plana,... [+]
2017ko erreferendumaren harira, U-1aren auzi judizialean diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei ez zaie Amnistia Legea aplikatu behar, Espainiako Auzitegi Gorenaren esanetan. Puigdemonti ez ezik, Junqerasi, Romevari, Bassari eta Turulli ere eragiten die ebazpenak.
Hagako Nazioarteko Justizia auzitegian epaileak aztertzen ari dira Israelen Gazan egiten ari dena, eta prozesu horretan esku hartzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Hala ere, José Manuel Albares Kanpo gaietarako ministroak argitu du ez dutela "parte hartuko... [+]
The Guardian, +972 eta Local Call komunikabideek plazaratu ikerketa berriak xeheki azaleratzen digu Israelgo Gobernuak 2015az geroztik bideraturiko Nazioarteko Zigor Auzitegiko (NZA) kargudunen aurkako espioitza, pirateatze informatiko eta mehatxuak. Urte horretan bihurtu zen... [+]
Frantziako Ministerio Publikoak hamar egun zituen Parisko auzitegiak harturiko erabakiari helegitea jartzeko, baina ez du halakorik egin. Hortaz, ETAren armagabetzean lagundu zuten Beatrice Molle eta Jean Nöel Etcheverry Txetx bakegileek ez dute zigorrik jasoko, epaimahaiak... [+]
Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.
87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.
Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]
ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]
Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.
Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]