Barakaldo, 1977. Euskal Filologia ikasia. LABeko komunikazio arduraduna izana, gaur egun –bere berbetan– langile xumea. Eleberria eta poesia landu ditu idazle gisa. Hamahiru urtez isilik egon ostean, Erreka haizea (Susa) saioa plazaratu du. Ez da aise sailkatzea. Errekako haizea dakarren saioa idazteaz gain, botere, isiltze eta heriotzaz idatzi du idazle berrituak, testu laburretan idatzi ere. Liburuko piezak nola, halakoak elkarrizketa honen erantzunak, ziztagarriak.
“Zergatik utzia nion idazteari galdetu ohi zidaten. Inork gutxik ulertu ahal zuen ezin niola literaturari barkatu errealitateaz sendatu ez izana”, idatzi duzu. Liburu honek zein neurritan sendatu zaitu?
Honek ere ez nau errealitateaz sendatu, baina hainbeste urte pasa ostean bizitzarekiko beste aldarte bat hartu dut. Bizitzaren aldi berri bat jorratzen hasten zarenean pentsatzen duzu, horrek emango dizula beste zerbait, edo aldatuko zaituela. Literatura errealitatean sartzeko lagungarria da oso, baina literatura egiteak beste inor bihurtuko zaituela pentsatzea ez da erreala. Horiek gaztetako usteak dira, zure bizitzaren gainean eraikitakoak. Gerora konturatzen zara ez dela horrela. Eginbide bat egin ostean, bizitzaren baldintzak direla medio, konturatzen zara ez dela zure barruan iraultza suertatuko, eta beste modu batez ekin behar diozula zure bizitzari.
Literaturaz beste, nork bere espiritu kritikoa landu behar duela esan nahi al duzu? Norberaren bizitzan eta militantzia politikoan?
Nolabait. Nire bizitzako atal inportanteak dira politika, sindikalgintza eta militantismoa. Liburuan agertzen da sentimendu hori ere, aurrera egin behar izatea, zer edo zeren bila joatea. Pertsonok horretan ahalegintzen gara, baina sekula ez da nahikoa. Etengabeko bilaketa horretan jardun arren, nahikoa ez izatearen sentimendua gurekin dago. Izan ere, ez gara sekula guk uste edo pentsatzen dugun modukoak, ezta idazten dugunean ere.
“Emakumea naiz eta hautu kontzientea egin dut, emakume izaeraren inguruan hausnartzea”
“Ba al naiz ni idazten ari naizen hau?”, galdera, agerikoa da zure liburuan.
Betiko dikotomia, ezta? Pertsonaren eta pertsonaiaren arteko bitasuna. Liburu guztietan hori dago, ez bakarrik deskribatzen duzun inguruan, pertsonaia bat asmatzen duzu eta nahitaez zu bertan zaude. Zure sentipenak, pentsamenduak, pertsonaia horren larruan edo barruan sartu zarelako. Dena den, Erreka haizea ez da nobela, ez da fikzioa ere, beste zerbait da. Gehiago agertzen da pertsona, pertsonaia baino. Literatura egiten duzunean, normalean, ez duzu zure egunerokoa idazten.
Ez da aise liburua sailkatzea genero literarioa legez. Zuk nola definituko zenuke?
Ni naizen moduko generoa da, nahasia. Kostatzen zait apur bat arreta gauza bakar batean mantentzea, ideiak alde diferentetatik etortzen zaizkit eta, liburua nire izaeraren isla da. Pentsamenduak dira, lotuta dauden gaiak edozelan ere. Gai horiek hainbat orritan jorratu barik, alde diferentetatik lotutako piezak dira. Nire nortasuna halakoxe da.
Friedrich Nietzscheren Zientzia alaia saiakeraren Argiak eta itzalak aipatzen duzu abiaburuan. Aipu horrexek ematen dio liburuari taxua, nolabait.
Liburu hori idazte prozesuan berrirakurri nuen: “Zein ongi aipua liburura ekartzeko, liburua zer den aditzera emateko”, pentsatu nuen. Liburu hori aipu bilduma bat da, piezak edo apunteak dira hasieratik amaitu arte. Kasualitatea izan zen, baina literaturak edo liburu batek badu horretatik asko.
“Marian de la Fuenteri, gure Marijaiari”, eskainia. Hori ez da kasualitatea.
Patua da. Liburua ateratzear zegoela Marian hil zen. Niretzat eta bere ingurukoentzat pertsona oso inportantea izan da. Bizitza osoan lan itzela egin duen horietako bat. Asko dira, baina beren izenak inon agertzen ez direnez, Marianen kasuan bezala, bada, badoaz pena eta gloria barik. Horrek zer pentsa eman behar digu. Emakumeak izaten dira askotan. Gero arkeologia feminista egin behar izaten dugu. Adibidez, egun emakume irakasleekin gertatzen ari da. Herrientzat edota Euskal Herriarentzat inportanteak izan diren pertsonak berreskuratzen ari gara. “Marian dela Fuente galduko den izen horietako bat ote da”, galdetu diot nire buruari. Euskal munduan oso inportantea izan zen, inurri lan eskerga egin zuen. Fredi eta Xabi Paiak Kanpomartxon gogoratu zuten bertsotan. Eskerrak haiei ere.
Emakume batek idatzia da liburua. Gizonezkoarekiko kontraposizioan, esan nahi dut.
Emakumea naiz eta hautu kontzientea egin dut, emakume izaeraren inguruan hausnartzea. Atentzioa ipintzea gai horretan eta punta ateratzea. Ez ezkutatzea ezer, ez egitea ezer neutrorik, zerbait desorekatua egitea, nolabait esanda. Tira, nik ahal dudan neurrian eta moduan egin dut.
Isiltasunaz idatzi duzu: esan behar denaz eta esan behar ez denaz...
Isiltasunaren gaiak bereziki interesa pizten dit. Gainera, arlo diferentetatik jorratu dut: emakume bezala isildu beharraz, gizonari berba utzi beharraz, ez molestatzeko. Apaltasun batean egon behar izateaz idatzi dut. Familiako isilpenaz, bestalde. Gerra zibilaren ondoriozko hainbat hamarkadetako isilpen gogorraz. Zelako eragina eduki duten horiek guztiek guregan! Izan ere, historia barik utzi gaituzte, galtzaileen historia da gurea. Gerren ostean batzuek badakite zerbait beren familiaren inguruan, baina galtzaileok ez dakigu ezer. Badakizu historia baduzula noski, bizirik zaude eta, aitaita-amama dauzkazu, gurasoak, baina fantasma moduko bat daramazu, isilpen moduko bat. Ahizpen artean bizi izan dugu hori. Izaera eraiki dugu beti aurrera begira, atzera begiratu barik. Horrek zelako arrastoak uzten dituen! Nago baduela zerikusia aurrera begiratu behar horrekin, zer edo zeren bila ibili behar horrekin, premia baten atzean ibili beharrarekin.
“Errealitatea
beste prisma batetik
begiratzen ikasi
behar dugu”
Gure iragana gogoratzeko gauza al gara?
Zailtasunak daude, psikologikoak eta soziologikoak. Horretan txarrenak dira isilpen behartuak, zure inguruak berba egiten ez uztea, isilaraztea. Ezin kontatzea, baina kanpotik ezarritakoa. Badaude ere barruko isilpenak, igual nahiko zenuke, baina ezin duzu momentuz ezer esan. Baina horiei eman dakieke irtenbide bat. Isilpena debekatua edota behartua denean zailagoa da iragana gogoratzea.
Piezak pieza, amarekiko pasarte batean, hilekoa deskubritu zenuenekoa kontatu duzu. Umorez. Gauza serioak, baina umorez heldu dituzu. Zure izaeraren isla hori ere.
Pieza horrek badu bere puntu ironiko edo barregarria, baina badu ere irakurketa sakonagoa. Lehen hilekoa izan nuenean, amak “gauza inportantea da emakume batek bere kuleroak ongi eta eskuz garbitzea”, esan zidan. Horixe izan da gure heziketa. Badago edo egon da mistizismoren bat gai horren inguruan, eta ez luke behar. Gure papera zein izan den adierazten du pieza horrek.
Moja eskolara joan zinen. Masturbazioaz hitz egin zizuen moja bat izan zenuten.
Begira, hura pertsona ona zen, bakarra. Sisteman beti dago salbuespena, araua baieztatzeko.
Andoni pertsonaia hor dago. Bikote ohia. Nor da Andoni? Edo asmatu al duzu?
Nire inguruko guztiek badakite nor den. Noski, ez dut den-dena ipini ere, bere aurpegia estandarizatu dut. Baina gure barneko zer edo zer mugiarazi behar baduzu, halaxe idatzi behar duzu.
Zer esan dizu berak?
Eskatu nion ez leitzeko. Ez dakit irakurri duen. Ez dut horretaz hitz egin nahi. Esan dizut lotsarik ez dudala, baina horretaz berba egiteak lotsa ematen dit.
“Nire minbizia izan zaretenok bizi-mina eman didazue”, diozu.
Hainbat pasarte lar ikaragarriak dira, edo durduzagarriak. Bestetzuek zer pentsa eman dezakete. Agian, bizitza beste ikuspegi batetik begiratzeko piezak dira, hainbat gaitara hurbiltzeko balio dutenak. Ahalegindu naiz, gutxienez, gai horien inguruan burutazioak egiten, edo gaietara hurbiltzen. Heriotzaz edota suizidioaz idatzi dut, gai errepikakorrak dira, baina nik oso momentu latzetan idatzi dut liburua.
Zauriak ez dira sendatzen minaren geografia esperimentatu barik. Arantzaren bat atera al duzu?
Ahaleginetan arituz gero, arantzak ateratzen dituzu. Badira hainbat atal filosofiko, baina soziologiara hurbiltzen ere saiatu naiz. Asko interesatzen zait inguruko jendearen portaera. Horiek askotan agertzen dira, taldeko jendearen portaera batez ere, eta botere harremanak. Zelan ikusten dituzun botere-harremanak, nola pairatzen dituzun. Horien inguruko ariketa eginez gero, konklusioak ateratzen dituzu. Idaztean zenbait ondoriotara hurbiltzen zara, idaztea ariketa hori egitea ere bada.
Sindikalgintzan, ingurukoaren boterea sentitu al duzu inoiz?
Ez pentsa. Estratifikazioak ere badaude, noski. Baina liburuan batez ere, nire eguneroko bizitzaz ari naiz, familiakoaz, iraganeko eskola garaiaz, “lagunen” artekoaz, kakotx artean. Horiek lanekoak baino bortitzagoak dira askotan. Dena den, pertsona izan dut hausnarketen oinarria, ez gizona ez emakumea zehazki ere.
“Garatu duzun identitatean zerbait arraroa dagoela sumatzen duzu, bertoko zara, baina inor ez da bertokoa, mundu guztia
beste toki batekoa da”
Euskal identitateaz ere idatzi duzu. Barakaldokoa zara eta! Zer da kanpokoa zer hemengoa izatea?
Euskal identitate asko daude. Urteak pasa ahala identitateak moldatzen joan dira. Gu bai garela etorkin olde erraldoi bateko seme-alabak, gurea izan zen herri bat okupatzea. Gure kasuan, Barakaldo. Ni haurra nintzela 150.000 lagun bizi ginen bertan eta ia inor ez zen bertokoa. Garatzen duzun identitatean zerbait arraroa dagoela sumatzen duzu, bertoko zara, baina inor ez da bertokoa, mundu guztia beste toki batekoa da. Edo nahi du toki batekoa izan, sustraiak izan… Gu jaio eta bizi ginen kaleetan ezagunen bat edo beste genuen. Eta? Inguru horrek egin gaitu. Guk bizi izan genuen ingurua herri berri bat zen, inorena ez zena. Hori izan da euskal herritar bihurtzeko modua. Euskalduna izatea beste gauza bat da, noski.
Nola jaso zenuen euskalduntasunaren kontzientzia?
Bada, nahiko modu naturalean, gezurra ematen badu ere. Ezkerreko familiakoa bazara eta bertokoa, horrek eman behar dizu izateko modua. Noski, hor badaude maila bi: lehenik euskal herritarra bilakatzea, eta gero euskalduna izatea. Ezberdina baita. Euskal herritarra izateko modu anitz daude, baina euskalduna izateko modu bakarra. Hau da, euskaraz bizitzea. Horrek mundu bat zabaltzen baitizu, Euskal Herrian dagoen beste mundu bat. Euskara barik ez zara euskalduntasunaren mundura heltzen ahal sekula. Hizkuntzaren bitartez baino ezin duzu kultura bat jaso, bestela folklorean geratzen zara. Barakaldon ezin bestela izan.
Liburuan diren aipuak eta beste pentsalarien erreferentziak kontuan harturik, zer iritzi duzu plagioaz?
Plagioa da ordenagailuko teklatuan “Ctrl + C” sakatzen baduzu, hori plagio gordina da, kopia. Irakurtzen ari zaren liburutik elikatzen bazara, ideia bat hartu eta beste ideia bat sortzen baduzu, hori ez da plagio egitea. Bestela non oinarrituko zara? Hasteko, zure bizipenetan jasotzen duzun horretatik, sortu eta birsortu egiten duzu. Literatura eta edozein lan sorkuntza hori da, ez da bakarrik sortzea, birsortzea da. Sindikatuko lankide batek esaten dit sarri: “Plagio erabateko artea da”. Berak askotan egiten ditu sindikatuko kartelak. Alegia, nondik atera ideiak? Besteen ideiak hartzen dituzu, eta beste zer edo zer sortzen duzu, inola ere kopiatu gabe.
Literaturara itzuli zarela esan dezakegu?
Bai. Elkarrizketaren hasieran, errealitatetik salbatzeaz aritu gara. Beharbada, errealitatea beste prisma batetik begiratzen ikasi behar dugu. Igual kontua da nork bere burua berrasmatzea. Ez dut uste, inork gehiago eskatzen ahal dionik bere buruari. Ni nire burua inbentatzen ari naiz berriz ere.
Erreka haizea liburuaren azalean idazlearen eguneroko ingurua ageri da: erreka eta zubia. Lekeitio, Mendexa... Lea-Artibaitik datorren haizea, hor nonbait.
Zer deritzozu literaturaren inguruko bizipenari? Kazetarien aurreko aurkezpenak eta hitzaldiak aise daramatzazu?
Niretzat ez dira arazoa, ez lehen ez orain. Familian txikitatik esan didate jaio izan nintzela farandularako. Oholtza gainera igotzeak ez dit lotsarik eman inoiz.
Liburuak izan duen jarreraz zer diozu?
Ez da erraza jakiten zein harrera eduki duen. Inguruko jendeak irakurtzen du beti edo gehienetan. Eta liburu hau inguruko jendearentzat gogorra izan da, momentuan ez nintzen konturatu, ez baitut pentsatzen nire inguru-ingurukoek irakurriko dutenik, irakurle ezagun batek jasoko duenik. Aldion, batez ere nire inguruko jendeak leitu duela konturatu naiz, eta haietako batzuentzat eta niretzat ere gogorra izan da. Baina, oro har, jendeari gustatu zaio. Eta inportantea izan da, ni gustura gelditu naizelako. Prozesua amaitu, eta azken ukituak eman ostean, oso pozik geratu nintzen. Horrek ematen dizu pista bat, norberak badaki egin duena ondo dagoen edo ez, balekoa ote den. Tira, prozesu horren ostean, publikatzean berriz irakurtzen duzu, eta esaten diozu zure buruari: “Pasarte hauek nik idatzi ditut? Joe tia, zelako ideiak dauzkazun”.
Susa argitaletxean aldaketa izan da. Gorka Arreseren segidan, Leire Lopez Ziluaga da editore berria. Zer moduz?
Oso ongi. Hamahiru urteko isilpen osteko buelta izan da nirea. Leirerentzat hasiera izan da. Bere eta nire aldetik berezia izan da. Zirraragarria.
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]