argia.eus
INPRIMATU
McIntosh sagarra
Jakoba Errekondo 2018ko irailaren 27a
1811. urtean kosk egin zioten lehen aldiz McIntosh bati. Lehen sagarrondo hark 1908an eman zuen azken uzta, eta 1910ean hil zen. 2011n, lehen hartatik txertatutako ondorengo zuzen baten aldaxkak jaso eta arbola berriak sortu zituzten. Irudi hau argitaratu
1811. urtean kosk egin zioten lehen aldiz McIntosh bati. Lehen sagarrondo hark 1908an eman zuen azken uzta, eta 1910ean hil zen. 2011n, lehen hartatik txertatutako ondorengo zuzen baten aldaxkak jaso eta arbola berriak sortu zituzten. Irudi hau argitaratu zuen AEBetako Nekazaritza Sailaren 1901eko Urtekariak.

Ordenadoretan, tabletatan, segapotoetan eta horien publizitatean ikusten dugu, batez ere, McIntosh sagarra. Zer den ederki adierazten du bere logotipoak, ondo asmatu zuen egileak; puska falta zaion sagarra da, norbaitek kosk egin izan balio bezala. Izan ere McIntosha jan-sagarra da.

Kanadako sagar nazionala da, han sortua baita. Jonh McIntosh (1777-1846) guraso eskoziar immigranteen semea New Yorken jaio zen, eta 1800. urte inguruan Kanadan Ontario probintziako Matilda herrian sail batzuk erosi, eta bertan ekin zion lurra lantzeari. Saila garbitzen ari zela, hazitik sortutako sagarrondo (Malus domestica) batzuk aurkitu zituen, txertakak edo makatzak deitzen zaienak. Sagarrondo horiek hazitik sortu direnez, ez dakigu zer-nolakoak izango diren: zein tamaina izango duten, nolako eitea, zer hostaje, noiz loratuko diren, zer fruitu mota emango duen, fruitua noiz helduko duen... Hazia sortzeko nahasi diren aita eta ama ezagutzen ez direnez, hazi horrek sortuko duen landareari antzik ere ezin eman. Aurkitutako landare haiek muintegian zehar-aldatu, sagastian landatu eta, urte gutxira, landare haietako bat sagar gorrizta ederrak ematen hasi zen: tamaina politeko alea, borobil antzerakoa, berde gainean ia erabat gorria den azal mehe distiratsua, mami tente zuri-zuri karraskatsua, gazia eta irailaren amaiera aldera heltzen dena. Harrezkero McIntosh esaten zaio sagar horri. Gurean sagar gehienek etxe baten edo abizen baten izena duten gisa berean: Txalaka, Saltxipi, Ugarte...

1811. urtean kosk egin zioten lehen aldiz McIntosh bati. Gero, ugaritzeko txertatu eta 1835ean sagarrak saltzen hasi ziren. Familiako ondorengoek sagarrondoak saldu eta saldu jarraitu zuten, eta 1870etik atzera sagar honen ekoizpen komertzialari ekin zitzaion. XX. mendearen hasieran Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan entzuterik handieneko sagarretako bat zen, gordinik jateko bezala sukaldean erabiltzeko.

Jan-sagarraren mundua irauli zuen McIntoshek. Sagar aldaera berriak egin eta munduratzeko sortzaileek erabili izan zituzten ama desberdinen artean erabiliena izan zen lehengo mendean.

Lehen sagarrondo hark 1908an eman zuen azken uzta, eta 1910ean hil zen. 2011n, lehen hartatik txertatutako ondorengo zuzen baten aldaxkak jaso eta arbola berriak sortu zituzten. Haietako hiru bizi dira, eta, deskuiduan agurtu nahi badituzu, Upper Canada Village Heritage Parkera joan behar duzu. Eskumuinak eman nire partez.