Hamar urte bete dira AEBetako Lehman Brothers finantza zerbitzuen konpainiak hondoa jo eta lehenik finantza krisia, ondoren ekonomikoa eta azkenik politikoa eragin zituela. Mundua aldatu eta ondorio katastrofikoak ekarri zituen gertaera hark, batez ere Europako zenbait herrialdetan: enpresen kiebra, milioika enplegu galduta, zenbait banku lur jota, langileen kontrako erreforma antisozialak, prekarietate, desberdintasun eta pobreziaren handitzea, miseria… Laburbilduz, gure artean jarraitzen duen kapitalismo basatiaren adierazpena.
Krisiaren erantzuleen zati handi batek (politikariak, enpresariak, finantza adituak…) egungo egoera ekonomikoa aztertu dute, hamarkada bat igaro dela baliatuz. Euren esanetatik ondoriozta litekeena ez da batere itxaropentsua. Adibidez, Europako Banku Zentraleko presidente ohi Jean-Claude Trichet-ek, honela erantzun du Lehman Brotherseko krisia errepikatu ote daitekeen galdetu diotenean: “Ekonomia globala deitu daitekeen zerbait existitzen bada, eta zorpetze globala –publikoa nahiz pribatua– ahultasunaren adierazle onenetako bat baldin bada, orduan krisia lehertu zenean bezain larria da gaurko egoera: adierazle horrek zorpetze maila handiagoa erakusten du BPG globalaren portzentajeari dagokionez”. Adituek tesi hori babestu dute, munduko egungo zorpetzeak 2007koa erraz gainditzen duelako, eta Txina gehitu behar zaiolako, AEBetakoa baina zor handiagoa baitauka BPGarekiko.
Badirudi kapitalismoak noizean behin krisi bat behar duela zama utzi eta kapitala pilatzen segitzeko, erreforma antisozialekin enplegua suntsitu eta prekarizatuz. Horrela funtzionatzen du egituraz eta errotik basatia den sistema honek.