Ikus taldearen kontzertuaren kronika. Irailaren 15ean, Itsasun, Ixo! Fest gertakariaren karietara eman zuten.
Ixo! emankizuna entzuna nuen Euskal Irratien uhinetan, eta plazerez agertu nintzen emankizuneko lantaldeak antolatu duen Ixo! Fest-en lehen ediziora. Programazioa bururaino sekretupean atxiki zuten, eta gaualdiak segi arau ondoko kontzertua zein izanen zen iragartzen zuten, zintzilik zen afixa batean idatziz. Egitasmo polita, afixa buruen logikatik urruntzen dena.
Itsasuko mendien artean, goxoki egon ginen Saioa, Diabolo Kiwi eta Tristtan Mourguy eta Horeba-ren doinu politak entzuten, eguzkipean. Gaua heldu orduko aldiz, rock doinuak ziren nagusi Kuartz bikotearekin eta La fin de la société metal taldeak segitu zuen.
Arras kontent nintzen jakitean Ikus taldeak zuela gaualdiko azken kontzertua eskainiko. Talde hau ikusteko huts egin nuen Suhuskuneko Buru Beltz Festibalean, eta oihartzun biziki onak ukan nituen. 2003an plazaratu zuten beren azken diskoa eta pausa luze baten ondotik aurten itzuli dira, Peio kantaria salbu, taldekide berriekin.
Eszena gainean Marshall eta Mesa Boogie bafleek aitzin dasta polita eskaini digute. Lehen notek konfirmatzen dute: soinu indartsua izanen da. Gitarra bat gizen eta beroa, bestea metalikoagoa, bata bestearen osagarri dira eta baxuaren distortsio finak burrunba polita ekartzen die. Bateria sinplea da, metalean oro har usu kargatu(egi?)ak direlarik, eta emaitza soinu xuxen bat da, landua baina gordina.
Giroa fite berotu da, hastapenean herabeki mugitzen diren buruak gero eta gehiago astintzen dira, eta publikoa bere baitatik hurbiltzen da eszenaren aitzin-aitzinera. Ikus-en kantu bakar bat ezaguturik, belarri neutro batekin deskubritu dut beren musika eta tripak inarrosten dizkit, ene nerabezaroko talde kuttun batzuen influentzia argiak entzuten ditudalako, Korn edo Slipknot-enak adibidez.
Riff pizu batzuek erritmatzen dituzte kantuak, eta kantariak honen gainetik growl –kantatzeko teknika bat, metalean erabilia– indartsu batzuk botatzen ditu. Baina pasarte melodiko anitz ere badira, tentsio momentuak hausten dituztenak, aire hurrupak bezala.
Musikarien mailarekin harritua gelditu naiz, bakoitzak bere musika tresna menperatzen baitu eri puntetaraino. Ageri da kontzentratuta egoteko ahalegin guztiak egiten dituztela, eta horrek dakarren limite bakarra da eszena gainean pixka bat estatikoak gelditzen direla. Baina kantariaren energiak eta argi jokoek publikoa bero atxikitzen dute, irakiteko prest.
Metal doinu horiekin bukatu zen Ixo! Festen lehen edizioa, giro ezin hobean. Ikus-ek ez du beste kontzerturik oraingoz baina kontseilatzen dizuet adi egotea, talde honek merezi baitu ikusia izatea…