Herri mugimenduek elkar indartzeko espazioa

  • Euskal Herriko herri mugimendu ugaritako kideen eta bestelako gizarte eredu baten alde borrokan ari diren herritarren plaza bihurtu da iragan den asteburuan Gipuzkoako Zubieta herria. Lurralde Askea kolektiboak deitutako Iraultza Txikien Akanpada egin dute.

Asteburuan eztabaida eta tailer ugari egin dira Zubietan. (Argazkia: Dani Blanco)
Asteburuan eztabaida eta tailer ugari egin dira Zubietan. (Argazkia: Dani Blanco)

Instituzioek begiz jota duten herrian, erraustegiaren eta makro-kartzelarekin gutxi ez, eta kuartel militar berri baten mehatxupean den Zubietan hartu du lur Iraultza Txikien Akanpadak asteburuan. Bere burua “ongi bizitzearen euskal errepublika ipar duten lagunen kolektibo txikia” gisa definitzen duen Lurralde Askea komunitateak antolatu du egitasmoa, herrigintzako beste hainbat eragilerekin batera.

Zubietako kanpaldiak Euskal Herriko herri-mugimenduetan borrokan diharduten pertsonek elkar ezagutzea eta beraien artean saretzea izan du helburu, jakintzaren, beharren eta estrategien kolektibizazioa ardatz. Horrela, eskualde ugaritako eta jatorri militante anitzeko herritarrak elkartu dira. “Azkenengo urteetan, sumatzen da Euskal Herrian badaudela kapitalismotik eta patriarkatutik kanpo bestelako alternatibak eraikitzeko aurrera-pausoak ematen ari diren herri-mugimenduak, baina badirudi nahiko atomizatuta daudela. Kanpaldi hau kolektibo horiek saretzeko saiakera izan da”, azaldu du Irati Tobar Eguzkitza kanpaldiko antolatzaileetako batek. Zubieta espazio antipatriarkal, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua, autokritikoa, borrokalaria eta alaia bilakatzen saiatu dira hiru egunez. “Esperimentu bat izan da, eta ikusi dugu oso harrera ona izan duela. Herri mugimendu edo borroka ugaritan aritzen diren kideen sentsazioak jaso nahi genituen, eta badakigu harreman sare bat sortu dugula. Horrek ez du esan nahi bestelako eredu baten alde egingo duen komunitatea guztiz eratuta dagoenik, eta aurrera begira harreman sare hau nola elikatu asmatu beharko dugu”, iritzi du Tobarrek.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Irailaren 21ean, ostirala, abiatu dira “ongi bizitzeko hiru egunak”. Lo-zakuak besazpian hartuta hasi zen agertzen jendea arratsalde partean, Zubietan gertatuko zenaren jakin-minez eta gogoz. Galderak zekartzan jendeak, eta galderak izan ziren kanpaldiko abiapuntua. Jakintza kolektibizatzea eta arnas luzeko gogoeta bultzatu dituzte uneoro, eta hitzaldiak eta mahai-inguruak izan dira horretarako tresna. Ostiralean izan zen lehen mahai-ingurua, “Lurrikaren erdian gu berri bat?” izenekoa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Emakumeen Mundu Martxa eta Amankomunak sarearekin.

Plazaratu den gai-zerrendaren sailkapena eta kanpaldiaren gida-lerroa lau bloketan fokatu nahi izan dituzte, antolakuntzako kide Odile Arrieta Lakak azaldu bezala: “Batetik, herri mugimenduek edo bestelako Euskal Herri bat amesten dugun kolektiboek zein zapalkuntza pairatzen ditugun identifikatu dugu. Bestetik, zapalkuntza horiek gainditzeko garatu ditzakegun estrategia komunak aurkeztu ditugu; konspiratu dugu boterearen aurrean zertarako gai izango ginatekeen guztiok batuz gero, eta azkenik, ekintza bat, erraustegiaren aurkako martxa”.

Kolektiboan berrasmatzen

Kultura politikoa berrasmatzeko eta hostoberritzeko beharra azaleratu da etengabe, eta horrek subjektu politikoek eta kolektibo desberdinek boterearen aurkako borrokan zer espazio hartzen duen birplanteatzera eraman ditu Zubietara hurbildu direnak. Kolektiboan pentsatzen jarrita, nola eraiki “gu” politiko berri bat, maila nazionalean zein tokikoan eragingo duena? Nondik eta zer zilegitasunekin saiatzen gara hegemonia apurtzen? Nola josi herri-mugimenduetako zaintza sareak?

“Gu” berri hori sortzeko prozesua “luzea” dela dio Arrietak: “Komunitatea eratzeko oinarri batzuk finkatzen ari gara guztion artean, eta ondoren ikusiko dugu hemendik ‘gu’ berri bat edo asko sortuko diren”. Bestalde, identitatearen eraikuntzan “militantzia likido” deritzonaren oreka ezinbestekotzat jo da, kanpaldian bertan ikusi denez joan-etorriak etengabeak izaten baitira militantzian. “Joan-etorri horien oreka lortzeko komunitate sendo bat behar dugu. Gaur egun herri mugimenduetan saiatzen gara zaintza pertsonala babesten, baina mugimenduaren zaintza ere egin behar dugu, eta oinarri sendoak sortu, etsaia ere sendoa delako”, iritzi du Tobarrek. Bilgune Feministako Saioa Iraolak gako batzuk eman zituen igande goizean, “Jendarte likidoa, militantzia likidoak?” saioan: “Biluztuz jantzi, artikulatu eta errora jo”. Hau da, subjektu politikoaren eta aniztasunaren kudeaketa, mugimenduaren antolaketa eta politika erradikaletatik ekitea.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Aniztasuna hizpide, larunbat arratsaldean Euskal Herriko subjektu politiko orokortuaren analisia egin zuten, “Behetik eraldatzen, mugimendu txuri klase ertainekotik?” mahai-inguruan. Mugimendu feministako ekintzaile kolonbiar Gladys Giraldo, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Feministaldiko kide Anabel Sanz eta Munduko Emakumeak “Babel”-eko Afaf Al Haoui izan ziren gonbidatuak. Eztabaidatu zuten nola ordezkatzen den aniztasuna Euskal Herriko herri-mugimenduetan, eta zalantzan jarri zen mugimendu txuri eta klase ertainekoak kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako borrokan duen zilegitasuna.

Larunbat goizean “Bizitza burujabetza: alternatibak ezagutzen eta saretzen” mahai-inguruan egun Euskal Herrian boteretik eraikitako sistemaren bazterretik dagoeneko lanean diharduten proiektu ugari aurkeztu zituzten, eta erakutsi konspiratutakoa errealitate bihur daitekeela. Abaraskak etxebizitzaren jabetza pribatuarekin bukatzea aldarrikatu zuen, Orduñako trantsizio agro-ekologikoa azaldu zuen Marijo Imazek, Mbolo kooperatibako migranteek garbiketa kooperatiba sortzeko ideia azaldu zuten, Garestik joandakoek herriko errotaren bitartez energia burujabetzarako bidea azaldu zuten, Koop57k pertsona erdigunean jartzen duen finantza zerbitzua aurkeztu zuen, Arteako Bentan errefuxiatuekin komunitatea nola sortzen ari den azaldu zuten eta Bartzelonako Sants auzoko ibilbide kooperatibo eta eraldatzailea aurkeztu zuten azkenik.

Zortzi hitzaldi eta mahai-inguru egin dituzte guztira, eta aipatutakoez gain askotariko gaiak landu dira bertan: herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak, eraso matxistak kolektibo sozialetan, burujabetza esperientziak lurraldean nola txertatu eta Kataluniako prozesua, besteak beste.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Iraultza Txikien Akanpadak Euskal Herriko txoko ugaritako eta militantzia esparru anitzeko pertsonak bildu ditu Zubietan, eta ezin zuten elkarrekin konspiratzeko aukera galdu. Larunbat arratsaldean “konspirazio erraldoia” egitera deitu zuten Bizitza da Handiena dinamikako kideek dinamizatuta, eta eskualdeka talde txikitan banatuta, tokian tokian egin daitezkeen ekintzak pentsatu zituzten, “Zer? Nola? Noiz?” galderei erantzunez. Bertan esandakoak gauzatzeko derrigortasunik gabe, hor atera ziren ideia zaparrada, Euskal Herri mailan, lokaletik abiatuta eragile sozialak antolatzen joateko beharra eta kideen arteko harreman sareak.

Konspirazio eta gogoetatik harago, aisialdirako tarterik ere izan da Zubietan. Ostiral gauean  Erradikalak gara! bertso-antzezlana izan zen, larunbat bazkalostean Nerea Arriola aktorearen Buruhausteak bakarrizketa, arratsaldean Thoreauren inguruan musika poesia eta misterioa performancea eta larunbat gauean Pobresiak poesia emanaldia eta Rukularen kontzertua.

Umeek ere erabakimena

0 eta 99 urte bitarteko jendea elkartzea zen Iraultza Txikien Akanpadaren asmoa, eta iraultzaile txikiek euren espazioa izan zuten kanpaldian. Ez dira izan kanpaldiaren kontsumitzaile soilak, antolatzaileak baizik. Beraiek ere asanbladak egin dituzte, zertan jolastu eta zertan lagundu erabakitzeko. “Oso polita izan da haurrei erabakitzeko eskubidea ematea. Jolasten, pankartak egiten, mahaia jartzen eta beste mila gauza egiten aritu dira, kanpaldia aurrera atera ahal izateko”, azaldu du Arrietak.

Hiru leku zeuden prest: Furgoneten aparkalekua, familien kanpalekua eta hirugarren kanpalekua. Argazkian azken hau. (Lander Arbelaitz)
Ideietatik ekintzara

“Kanpaldiak, bizimodu komunitarioa eraikitzeaz gain, praktikan ekintza bat egitea zuen helburu, Euskal Herrian gaur egun aktibo dagoen borrokaren batean eragitea. Horrexegatik egin da kanpaldia Zubietan, erraustegiaren eta makro-kartzelaren aurkako mugimendu indartsua sortu delako. Zubieta hiltzen ari dira eta bultzada bat eman nahi izan diogu horren aurka borrokan ari den mugimenduari”, esan du Irati Tobar Eguzkitzak.

Horrela, Iraultza Txikien Akanpadari bukaera emateko, Zubietako erraustegi proiektua aurreko legegintzaldian geldiarazi zuten arduradun politikoei orain arte jaso gabeko aitortza egin zieten.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko ordezkariak oholtza gainera deitu zituen lehenik gaikako bilketa orokortuan ezartzen aitzindariak izan ziren udaletako orduko alkate edo zinegotziak: Xabier Mikel Errekondo (Usurbil), Marian Beitialarrangoitia (Hernani), Enrike Lekuona (Oiartzun) eta Joxemari Iturbe (Antzuola). Horiekin batera, San Marko mankomunitateko aginte postuetatik ahalegindu ziren Ricardo Ortega (Lasarte-Oria) eta Imanol Azpiroz (Usurbil). Bestetik, 2011-2015 legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiko eta GHK kontsortzioko karguetatik Zubietako erraustegiaren proiektua bertan behera utzi zuten agintariak: GHKko lehendakari zen Ainhoa Intxaurrandieta eta Gipuzkoako Foru Aldundian Ingurumen diputatu izandako Juan Jarlos Alduntzin eta Iñaki Errazkin. “Denis [Itxaso], [Jose Ignacio] Asensio, Markel Olano, [Karlos] Ormazabal… Soldatak enbargatuko dizkiguzue, behar bada etxea kenduko diguzue. Azken finean, etorkizuna lapurtu nahi diguzue. Baina egindakoarekin harro gaude. Eta, entzun, harro eta ozen esango dizuet: berriro ere geldituko dugu erraustegia. Gure amonen etxeak iraunen du zutik! Gora Zubieta!”, bota zuen zorrotz Intxaurrandietak.

Azkenik, Gipuzkoa Zutik kolektiboak deituta erraustegira martxa egin zuten. Antolakuntzatik biolentziarik ez zela erabiliko eta desobedientzia zibila praktikan jartzera zihoazela gogorarazten ari ziren bitartean, adin guztietako ehunka pertsonak buzo zuriak jantzi zituzten eta martxa abiatzeko prestatu ziren. Ertzaintzaren helikopteroak gertutik jarraitu zituen manifestarien pausu guztiak.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Bi zutabetan banandu zen martxa mendiaren magalean, eta zutabe bakoitzak bere bidea hartu zuen. Berdez apaindutako erraustegira gerturatu ziren bi blokeak, baina martxa geldiarazteko polizia dispositibo zabala prest zegoen herritarrak iritsi orduko, mendi-bide guztiak itxiz. Erraustegiaren albora iristea lortu zuen zutabeari eraso egin zion Ertzaintzak. Jarrera oldarkorra erakutsi zuten, borra-kolpeak eta bultzakadak egon ziren, eta hainbat zauritu eraginez. Ertzaintzaren jarrerak, ordea, ez zituen apaldu jendearen indarrak. “Lortu dugu agerian uztea beraien negozioa zer indarkeriarekin ateratzen duten aurrera”, adierazi zuten Zubietako plazara jaitsi zirenean.

ITAren irakaspenak

Zubietak gainezka egin du, Iraultza Txikien Akanpadako antolatzaileen aurreikuspen guztiak gaindituz. “Gu txikitasunetik abiatu ginen, eta kudeaketan nabaritu dugu gainezka egin dugula, azkenean ondo antolatuta aurrera egitea lortu badugu ere”, esan du Tobarrek.

Ongi bizitzeari eskainitako hiru egunak ilusioz igaro dira, aliantzak eraikitzen jarraitzeko gogoz. Bertaratutakoek jarrera parte-hartzailea erakutsi dute, bai antolatutako ekimenetan eta baita kanpaldia aurrera ateratzeko lanetan ere. Mamuak eta kezkak ere izan direla aipatu du Tobarrek: “Botere harremanak eta sistemak eraiki dituen zapalkuntzak ez daude gugandik kanpo, baina, hala ere, oso garrantzitsua da egoera horiek esplizitatu egin direla”. Arrietak, bestalde, esan du horrelako ekimenetan “zaila” izaten dela aisialdiari balorea ematea, “edukia” osatzera bideratzen baitira normalean indar gehienak. Hala ere, antolakuntzako kide biek nabarmendu dute “horrelako espazio baten” beharra zegoela, eta esperientzia “oso positiboa” izan dela. Ikusiko da behetik gora antolatzen ari den komunitate honen hurrengo urratsak zein izango diren.

Argazkia: Lander Arbelaitz

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
2025-02-04 | Gedar
Hilaren 21ean epaituko dituzte hiru lagun Gasteizen, etxegabetze bati aurre egiteagatik

Lau urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak eskatzen dituzte auzipetuentzat. Duela lau urte, etxe-kaleratze bat gelditzen saiatu ziren Herrandarren kalean.


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


2025-02-03 | ARGIA
160.000 pertsona baino gehiago irten dira kalera Berlinen, eskuin muturrari “suhesia” jartzea aldarrikatzeko

Larunbatean hamarnaka milaka herritar manifestatu dira Berlinen eta Alemania osoan. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, gainontzeko alderdiei eta bereziki CDU alderdi kontserbadoreari exijitu diete AfD eskuin muturreko alderdiarekin harreman oro eteteko.


2025-02-03 | Ahotsa.info
Arrotxapeak aurre egin dio ultraeskuinaren probokazioari

Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere... [+]


2025-02-03 | Gedar
Azaroan Astrabuduan desalojatutako etxea, berreskuratua

70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


2025-01-27 | ARGIA
Migrazio politikak salatu eta auzipetuak kargugabetzea eskatu dute epaiketaren atarian

2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


Eguneraketa berriak daude