argia.eus
INPRIMATU
Here to stay! Etxebizitza eskubide
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2018ko irailaren 18a
Antton Olariaga.

Oporraldi garaia bururatu eta, hara jo eta ke berriz lanean eta katzakan aritzeko garaia etorria dela. Aktualitatea ikusiz, nehoiz baino erneago jokatu beharra daukagu. Besteak beste, etxebizitzaren gaia aipatu gogo nuke hemen. Joan den udan, Chairecoop ikerketa tresna ezagutzeko parada ukan genuen Baxenabarren: hori da nazioarteko erakundea, Etxebizitza Kooperatiboa eta Giza Kooperazioaz gogoetatzen laguntzen duena. Hainbat egitura, gobernuz kanpoko erakunde eta unibertsitatek sostengatzen dute. Chairecoopeko kide den Yann Maury unibertsitate irakasle eta ikerlaria Baigorrira gonbidatua zuen horko Unibertsitate Herrikoia deitu elkarteak, eta harekin ere luzaz mintzatu ahal izan gara ekitaldiaren ondotik.

Haren lan ardatza etxebizitzari buruzko kooperazio mugimenduak ezagutzea eta ezagutaraztea da, jendea konbentzitzen entseatuz etorkizun baketsu eta zuzenerako aterabide onena dela. Bi adibide bereziri buruz mintzatu zaigu luzaz. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Vermont eskualdean, eta bereziki New Yorkeko Manhattan auzoan, jendeak kooperatiba moduan antolatu dira etxebizitzen salerosketak osoki kudeatzeko, espekulazioari aurre egiteko asmoz, Here to stay! lemapean: Cooper Square kooperatibari esker, Lower East Side aldean etxebizitza 500 eta 800 dolar artean eskura daiteke, eta prezio horretan baizik ez saldu. Erroman, berriz, squatter talde ugari kooperatiba gisa antolatzen dira, eta lortzen dute Herriko Etxearekin hitzarmenak izenpetzen.

Esperientzia horiek lotu daitezke, nola ez, Euskal Herrian ezagutzen ditugunekin, autogestioa, horizontaltasuna, auzolana, herritartasuna, kapitalismoaren kontrako borroka ardatz dituzten horiekin: bertakoak (Gasteizko Errekaleorrena zein hainbat gaztetxek, herritar elkartek, erakundek edo herriko etxeek bultzatutakoak...) baita kanpokoak ere (Notre-Dame-des-Landeseko ZADekoa, Greziakoak, Maputxeen herrietakoak...). Gisa batez, Yann Mauryren solasek soilik berme bat gehiago eman zioten mugimendu horien zilegitasunari.

Baina interesgarriena izan da, ene iduriko, ikerleak Ada Colau Bartzelonako auzapezaz erakutsi duena: nola espekulazioaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde beti borrokatu den pertsona bat indargabetu agertu den behin boterean izanez geroz. Yann Mauryren ustez, Bartzelonan eta Espainian gertatzen dena (bankuek eta pentsio funts amerikarrek gaina hartzea etxebizitzen kudeaketan) ager daiteke Frantzian ondoko hilabeteetan: Alokairu Apaleko Bizitokien egitura publikoko Administrazio Kontseilu Nazionalean, alokatzaileek bi ordezkari baizik ez dauzkate, hogeita hamar pertsonetarik –egoiliarren kontzientzia eskasez edo egituraren araudiengatik; egoera horrek gobernuaren Elan legeari bidea erraztu dio, eta laster bizitoki publiko horiek sar daitezke merkatu arruntean, delako banku eta funts pentsioak azkarki erakarriz– horrela, gobernu horrek berak aitzin-ikusia duen erretreten erreformaren ondotik, tokian berean prest litezke harrapariak, asurantza berriak proposatzeko.

Nik ez nezake erran botereak automatikoki usteltzen dituela hautetsiak, batez ere herri ttipietan, baina bai kuraiez beterik segitu beharko duela jendeak, bai tokikoak, bai kanpotik beharturik etorriak, bere oinarrizko eskubideak salbatzeko, kooperazio edo elkarlaguntza moduan. Izanen da lan!